Duela egun batzuk, kaletik nindoala, nire aurretik zihoan gizon batek, disimuluan, sakelan zeraman sobran zuen zerbait kotxe baten azpira bota zuen. Gero konturatu nintzenez, hamar metro besterik ez zuen ibili beharko gure gizonak bistan zuen paperontzira botatzeko. Gauza bera egingo ote du bere etxean, eta, paper zatiak zakarrontzira bota beharrean bere gelako ohe azpira botako ditu akaso? Nirea, gurea, guztiona. Pribatua eta publikoa.
Ostegunero eta larunbatero egiten da Simon Bolivar enparantzan azoka txikia. Bertan biltzen dira arropa, oinetako edo ortuko landare saltzaileak. Ez dira plazan eta inguruan paperontzi eta edukiontziak falta, baina, hala ere, eguerdian, saltzaileak beraien postuak jaso ondoren, enparantzaren itxura ez da merkatua hasi zenekoa: paperak alde guztietan, plastikozko poltsak hemendik hara bueltaka haizeak bultzatuta, esekigailuak lurrean... Hasiko dira gero kaleak garbitzeko Udalak kontratutako enpresaren langileak makina garbitzaileen laguntzaz zikinkeria garbitzen eta, bai, garbi geratuko da plaza, baina ez da hori kontua. Kontua da zikintzen ez dena ez dela zertan garbitu behar, guztiona dena gurea balitz zaindu beharko genukeela. Espazio publikoaren eta pribatuaren arteko bereizketa; gurea dena eta guztiona denaren artean zabaltzen dugun arraila mentala; publikoaren eta pribatuaren aurrean azaltzen dugun joera kontraesankorra eta izaten dugun portaera ezberdina. Ez du balio "horrela garela" edo "gure kultura dela" esateak, kultura baino, kultura eza nabarmena baita.
Ulergarria da pandemiak ekarri dizkigun murrizketen ostean jolasteko gogoak edukitzea, eta hainbeste astetan erdi konfinatuta egon ondoren jaietarako gura izatea. Baina Bilboko parke batean duela pare bat aste, botiloi jendetsu baten ostean, zarataz eta inguruan bizi diren auzokideei sortutako kalteez gain, penagarria zen jaia amaitu ondoren parkearen egoera: botilak, paperak, zikinkeria, zaborra. Halako jokaerak ez dira onartzekoak. Batek baino gehiagok esango du gazteak direla, denok egin ditugula gaztetan halakoak. Berriz ere diot ez dela hori kontua, aitzaki merkeak besterik ez direla. Benetako argudioak beste bide batetik doaz: zikintzen ez dena ez dela garbitu behar; guztiona dena gurea izango balitz zaindu beharko genukeela; publikoa dena norberarena izango balitz erabili beharko dela.
Duela urtebete, blog honetan Pandemiaren bigarren olatua idazkian esaten nuenaren arabera, bosgarren olatua gainditu ondoren, eta txertoei esker gutxi arte iraun dituzten neurri murriztaileak bertan behera utzi direnean, ez dut uste gauzak horrenbeste aldatuko direnik, 2008 urteko krisialdi luze eta gogorra pairatu ondoren gertatu zen erara. Pandemiatik atera ondoren hobeak izango ginela, konfinamenduak pentsatzeko eta zeintzuk diren bizi ditugun arriskuez jabetzeko aukera ezin hobea izango zela, bizitzeko era berriak asmatzear zeudela... eta halako hitz politak entzuteko izan genuen aukera. Ez litzateke ere ezinbesteko aukera izango aisialdiaren erak birpentsatzeko, kalean litroak eginez gain, alkoholaz, zarataz eta zikinkeriaz aparte, ondo pasatzeko beste modu batzuk asmatzeko?