Duela hamar bat urte, mendizale taldetxo batekin batera, astebetez La Palma uhartea ezagutzeko aukera izan nuen. Urria zen eta ondo aprobetxatu genuen irla ezagutzeko eta bertako paisai zoragarriak gozatzeko: Sumendien ibilbidea, El Pilar aterpetik Fuencaliente herriraino sumendiz sumendi doan bide zoragarria, irlaren iparraldetik hegoalderaino doan mendilerroaren gainetik, sumendizko errauts, laba, eta galdaren artean, itsaso urdina ekialdean zein mendebaldea; Fuencaliente herritik, San Antonio eta Teneguia sumendien ingurutik doan bidexka lilulagarria, irlaren hegoaldeko Fuencaliente itsasargi eta gatzagaraino heltzen dena; Taburiente galdararen ikuspegi ahaztezina Bejenado mendiaren gailurretik; Roque de los Muchachos gailurrean kokatuta dagoen Gran Telescopio de Canarias bisitatu ondoren, GR 131 ibilbidea jarraituz, Pico de la Cruz gailurreraino, 2.000 metrotik gorako doan bide malkartsua lagun; ekosistemen aniztasunari esker irlak azaltzen dituen paisai ezberdinak: pinudiak iparraldean, laurisilba basoak ipar-ekialdean, sumendietako lur idorrak Cumbre Viejan, Tazacorte eta Los Llanos de Aridane bananadiak, goi-mendiko giroa Taburiente galdara inguratzen dituzten gailurretan, hondartzen harearen kolore iluna, eta itsasoa.
Fuencaliente herrian dagoen bolkanismoari buruzko interpretazio zentroa bisitatu ondoren hobeto ulertzen da La Palma uhartearen jatorri bolkanikoa. Herritik pare bat kilometrora dago 1971. urtean azken erupzioa izan zuen Teneguia sumendia. Beraz, ez da harritzekoa aurtengo irailaren 19an Cabeza de Vaca parajean gertatutako sumendia. Irailaren 13an 1.500 mugimendu sismiko antzeman ziren Fuencaliente, Mazo eta El Paso udalerrietan, eta, zientifikoen iritziak kontuan hartuta, alerta horia aktibatu zen. Bolkanologoek uharte osoaren sismologiari egiten dioten jarraipenari esker, ez da hildakorik egon, baina bai, ordea, orain arte neurtu ez diren kalte izugarriak etxeetan, bananadietan, eraikuntza publikoetan, errepideetan, argindarraren eta ur horniketarako instalazioetan. Hondamendia ehunka familientzat.
Bitxia izan da komunikabideek eta hiritarrek azaldu duten jarrera sumendiaren aurrean. Batzuek naturak eskaini digun ikuskizun ikaragarria interesgune bihurtu duten bitartean, beste batzuek sumendiak eragin duen tragedia izan dute erreferentzia.
Munduko puntu guztietatik heldu dira La Palmara sumendiaren espektakulua ikustera, sumendiaren energia ikaragarriak sortzen dituen magma goriz osatutako erreken argazkiak ateratzera; leherketaren dunbotsa izugarriak eta errautsez osatutako hodei koloretsuak bideoz filmatzera edo paisaiaren errotiko aldaketaren testigantza jasotzera.
Komunikabideen hedapena izugarria izan da, eta maiz gertatzen den bezala, ez dira falta izan erreportaje penagarriak, kaltetuen egoera larria ikustarazteko aitzakiaz, giza tragediak direnak espektakulua bihurtuz. Ez zen, bestalde, Maroto ministroa fin egon beranduago zuzendutako adierazpenetan, sumendiaren erupzioak turismoa erakartzeko balioko zuela esan zuenean. Ehunka etxe birrinduak, zenbait metroko lodiera duen zepa-geruza batek irentsita, astirik gabe etxeko tresnak jasotzeko, jaio-leku eta bizi-leku izan duten etxea uztea behartuak. Bizi osoaren lanak, bizipenak eta oroitzapenak betirako galduak. Etorkizuna kolokan, ernegua, etsipena. Uztaren garaian mimoz landutako bananadiak zepen azpian desagertuak edo errautsez estalita, arrantzaleen ezinegona... Tragedia eta ikuskizuna, mina eta gozamena, biak batera La Palma irlan, La isla bonita uhartean. Halakoetan maiz gertatzen denaren arabera, asteetan eguneroko berria izan dena ez da berria izango, eta bakarrik geratuko dira herritarrak tragediaren ondorioak leundu ezinean. Beraz, ez ditzagun ahantz egoera latz honetan dauden palmatarrak, pairatu duten suntsipena gainditzeko Kanariar Uhartearen laguntzaz gain, estatuarena eta gure laguntza beharko dute eta.