Behin baino gehiagotan izan dut parada honako eszena hau ikusteko: erakusleiho baten parean ume bat negar bizian, aurrean ikusten duena oihuka gurasoei eskatzen, zaratatsu, inguruko jendearen begiradapean. Urduri gurasoak zer egin jakin gabe, eta, lotsatuta, jendearen aitzinean umea ematen ari den ikuskizunagatik.
Bi dira haurraren jarreraren berezitasunak: etengabeko apetaren desioa eta nahi hori asetzeko berehalakotasuna. Ikusi eta jaso, nahi dena momentuan lortu. Ez dute balioko gurasoen azalpenek umearen gogoa zapuzteko, zentzugabekoa dela eskatu duena, edo ezin diotela erosi eskatzen ari den kapritxoa garestiegia delako. Temati eta haserre jarraituko du umeak. Nazkatuta gurasoek, semea hartu eta erakusleihotik apartatuko dute. Ez dute argumentuek balio, eta, bizitzak erakutsiko dionez, ezetz esatera jo beharraren bidea hartuko dute gurasoek.
Publizitatea dugu gure gizarte honetan beharrezkoa ez dena beharrezko bihurtzeko makina iruzurgilea: irratian, telebistan, prentsan eta sare sozialetan azaltzen dizkigu hamaika aukera kontsumo bidean. Desioa suspertu, desira bultzatu, gogoa betearazi. Gauzak eduki, bidaiak egin, kontsumitu. Izan baino eduki, barrura begiratu baino azalean geratu, izatea ordez itxura eman. Umeak erakusleihoaren aurrean azaltzen duenaren antzeko jarrera hartzera bultzatzen gaitu publizitateak, beharrezkoa ez duguna erostera animatuz. Azken finean, kapitalismoa funtsezkoa ez dena beharrezko bihurtzeko makina zoroa da.
Eta berehalakotasun osoz. Horretarako sortu dira finantziazio bideak: epekako salmenta, kontsumorako kreditu sistema sofistikatuak. Kontua da desioa ahalik eta lasterren asetzea, ikusi eta jaso, probatu eta eraman.
Zaila du ekonomiak dituen bi helburuak betetzeko: batetik, baliabide mugatuak kudeatu, eta, bestetik, gizakiaren desioak osatu. Eta agerikoa da indarrean dagoen sistema ekonomikoak ez duela asmatu: gero eta ezberdintasun handiagoa aberastasunaren banaketan, eta gero eta zabalago desioen mugagabeko erreinua.
Duela urte batzuk, aste santuaren aurreko egunetan, gaur egun itxita dagoen Vital Kutxaren bulegoko teknikariari galdetu nion ea zein motatako maileguak ari ziren eskatzen bulegora hurbiltzen ziren bezeroak: pisua erosteko hipoteka-kreditua, etxetresna elektrikoren bat aldatzeko edo kotxe berri bat erosteko kredituak... Bulegariaren aurpegia begiratu besterik ez nuen izan behar oker nenbilela jakiteko. Nire harridurarako, egun haietan batez ere oporretarako kredituak ziren eskaera gehienak, eta, askok ez zuten aurreko udako oporretarako eskatu zuten kreditua oraindik ordaindu.
Umetxoak bagina moduan, pentsatu gabe, estimulua aztertu barik, erosteko dugunaren benetako beharra kontuan izan gabe jotzen dugu dendara, Amazonera, bankura. Ez dugu negarrik egingo, umearen moduan, baina gero eta lan ordu gehiago egin beharko dugu oporraren kredituari aurre egiteko. Albokoak oporretara Cancunera joan badira, gu Thailandiara joango gara, bueltan izango ditugun estutasunak bueltarako utzi eta gero. Carpe diem, gerorako gerokoak, bi egun besterik ez dugu eta bizitzeko.