Eskola eta euskara

Arg: Pixabay

Eskola beharrezko baldintza da euskalduntzen prozesuan, baina ez behar adinekoa.

Irailaren 19an Berria egunkarian eskola eta euskararen inguruan azaldu diren artikuluetan adierazten denez, berrogei urteko esperientziaren ondoren, probatu da eskola bera bakarrik ez dela gai izan gure haur eta nerabeak euskalduntzeko. Berriak argitaratutako artikuluak eta duela hilabete batzuk Miel A. Elustondok Argia aldizkarian Jurgen M. Meisel ikerlari alemanari egin zion elkarrizketa interesgarria hartuko ditut gaur abiapuntu. Hogeita hamar urte daramatza ikerlariak hizkuntzaren jabekuntzaren prozesuen azterketa egiten, eta badu, beraz, esperientzia eta jakituria.

Gogoan dut, duela berrogei urteko beldurra elebitasuna zela eta, eskoletan euskara sartzen ari zen garaietan sortzen ziren eztabaidak, edo ereduak indarrean sartu ziren urteetako gorabeherak: B eta D ereduetan ari ziren haur erdaldunek atzerapena izango zutela, elebitasunak sor zitzakeen bi hizkuntzen arteko nahasketak... Edo metodologiaren eta material didaktikoen gabeziak; gurasoen presioak euskararen alde edo aurka; irakasleri euskaldunaren urritasuna.

Jurgen M. Meisel ikerlariaren iritziz, haurren ahalmen kognitiboa hizkuntzak ikasteko zoragarria da, nahiz eta hizkuntzen arteko egitura ezberdina izan, gai direlako hizkuntzak ezberdintzeko. Bestalde, ez dago nahasteko arriskurik eta, beraren iritziz, ume bat gai da batera hizkuntza bat baino gehiago ikasteko baldin eta hizkuntza bakoitzari ematen zaion esposizioaren denbora nahikoa izan. Eta gutxieneko hori da gaur egun ikertzen ari den gaia. Bere iritziz, esposizio denbora hori egunaren %30 bada, nahikoa izango litzateke hizkuntzaren jabekuntza bermatzeko. Beraz, ikerlariaren iritziz, ez litzateke arazorik egon behar ume normal batek hiru hizkuntz batera ikasteko esposizio denboraren herena ematen bazaio hizkuntza bakoitzari.

Hona hemen, bada, orduko eztabaidei erantzuna: elebitasun goiztiarra onuragarria da egoera egokian egiten denean. Kritiko azaldu nintzen Celaa sailburuak hiru hizkuntza batera sartzearen aldeko programa martxan jarri zuenean eskola batzuetan, indarrean dauden ereduetako ikasleen euskara maila, batez ere A eta B ereduetan, ez delako inolaz ere espero zena. Nola sartu beste hizkuntza bat curriculumean indarrean dauden euskara hizkuntzaren helburuak ez badira lortzen? Ez litzateke zuzenagoa euskararekiko esposizioa indartzea beste hirugarren hizkuntza bat, ingelesa gure kasuan, sartu ordez? Argi dago ez nengoela oker, gutxiengo esposizioa ziurtatzen ez bada, bai eskolan zein eskolatik kanpo, fruituak emango ez dituelako esperimentuak.

Jo dezagun gurasoak marokoarrak dituen eta D ereduan eskolatua egon den Ikram neskatilaren egoera aztertzera. Hiru hizkuntzarekiko esposizioa (arabiera, gaztelania eta euskara) orekatua balitz, denbora guztiaren herena hizkuntz bakoitzeko, ez legoke arazorik Bigarren Hezkuntzaren amaieran hiru hizkuntzen jabetasuna lortzeko: arabiera etxean, gaztelania eskolan eta kalean, euskara eskolan. Gertatzen dena da hiru heren horiek ez direla errespetatzen, lagun arteko eta sare sozialetan hizkuntza nagusia gaztelania delako, arabiera soilik etxean erabiliko duelako, eta euskara gela orduetan. Nirekin sei urtetan astean bi orduko bi saio egin ondoren, nahiko ondo hasi zen moldatzen euskaraz, eta, eskolako irakasleek esan ziotenaren arabera, bera zen Bigarren Hezkuntzako bigarren mailako ikasleen artean euskara txukunena erabiltzen zuena. Beraz, bat nator ikerlari alemaniarrarekin: eskolak eskaintzen duen esposizio denboraz harago, heren hori lortze aldera, esposizioa zabaldu beharko da aisialdira, sare sozialetara, lagunen arteko harremanetara. Eskola, euskalduntze prozesuan, beharrezko baldintza da baina ez behar adinekoa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago