GEK (Gizarte Erantzukizun Korporatiboa ), IGG (Ingurunea, Gizartea, Gobernantza), IJA (Inbertsio Jasangarri Arduratsua ), Km 0, ekonomia berdea, ekonomia zirkularra, ekologikoa... Zer da hainbeste siglen atzean eta guztia berdez pintatzeko gogoen ostean?
Duela gutxi arte enpresen helburu bakarra ahalik eta mozkin gehien eskuratzea zen. Eta inbertsoreek bere inbertsioak egiterakoan kontuan hartzen zituzten irizpideen artean errentagarritasuna eta arriskua ziren garrantzitsuenetakoak. Azken urteetan, aldiz, indarra joan da hartzen enpresaren ardura sozialaren irizpidea, eta, ardura hori gauzatze aldera, ingurumenaren, gizartearen eta gobernantzaren printzipioak dira oinarrizkoenak. 2020. urtean Davos Foruak jasangarritasunaren eta inklusibitatearen alde argitaratu zituen Manifestua, eta, baita ere, era koherentean irizpide horiek neurtzeko proposamenak. Ez al dira sigla guzti hauek kapitalismoaren mozorro berri bat izango, orain berde kolorez jantzita, benetako aldaketa sakona izan ordez?
British Petroleum (BP) enpresa 1908. urtean eratu zen Anglo-Persian Oil Company izenarekin Iranen. Bertan eraiki zuen petrolio-eraikina 1920. urtean munduko eraikinik handiena bihurtu zen. Gaur egun munduko enpresa handien artean 18. postuan dago kokatua, eta gehien kutsatzen duten enpresen zerrendan seigarrena da. Hala ere, BP enpresak ekoizten dituen produktuetan zein gasolindegietan azaltzen den logotipoa, horiz eta berdez inguratuta, ekilore batekin osatua dago: garbiketa berdearen, greenwashing ingelesez, adibide paradigmatikoa, are gehiago enpresa honek urtero 53 milioi dolar lobby lanetan xahutzen duenean beroketa globalaren neurrien aurka. Zierbena herrian dagoen Bahia de Bizkaia Electricidad enpresaren jabeak, BP eta Energiaren Euskal Erakundeak dira.
Europa Batasunak abian jarri duen Next Generation Berreskuratze Funtsaren abaroan, asko dira trantsizio energetikoarekin lotura dutelako sortu diren proiektuak. Orain arte kutsatzaile handienak izan diren petrolio enpresak ekologikoak bihurtu zaizkigu eta, Petronor kasu, ingurumen defendatzaile sutsuak bilakatu. Petrolioa orduan, hidrogenoa orain; beltza lehen, berdea orain; kutsatzaile handienetako bat atzo, ekologikoa gaur. Petronor enpresak bultzatutako Hidrogenoaren Euskal Korridorearen Partzuergoan 8 erakunde, 12 zentro teknologiko eta enpresa-elkarte, eta 50 enpresa hartuko dute parte. Apustu estrategikoa; Europako diruen usainaren gozoaren tentaldia; 1.300 milioiko inbertsioa negozio hutsa edo komunitaterako onura; oligopolio energetikoaren mesederako edo enpresa txikien probetxurako operazioa; benetako berde kolorearen aldeko plana edo greenwashing operazio izugarria?