"Nahiz eta ez jakin gertatzen ari dela, gertatzen ari da" esan zuen Ortega y Gassetek, eta askotan pentsatu dut esaldi honen inguruan. Maiz entzuten edo irakurtzen dugu "gertaera historikoa" dela ez dakit zein jazoeraz hitz egiten denean, edo hartutako ez dakit zein erabaki gogoangarria bihurtuko dela. Baina normalean ahoberokeriak besterik ez dira izaten eta, makina bat aldiz gertatzen denez, "historiko" hitz hori gehiegi erabiltzeak bere benetako zentzua galtzera eramaten du. Nor konturatu zen mende honetako lehenengo hamarkadan egozten ari zen krisialdi ekonomikoaz? Edo Trump Ameriketako Estatu Batuen lehendakaria izatera helduko zenik? Eta bi gertaera horiek historiara igaroko dira historikoak bihurtuz.
Zenbat eta zenbat gertakari jazotzen diren mundu zabalean zeinen gainean berririk ere ez dugu izan, eta zenbat garrantzi handiko jazoerak agituko diren nahiz eta gu jakinaren gainean ez garen egongo! Nahiz eta ez jakin gertatzen ari dela, zorionerako edo zoritxarrerako izan, gertatzen ari da.
Badira bai politikaz zein ekonomiaz, ikerkuntzaz edo kulturaz aritzen diren erakundeak gaurkotasunaren azterketatik abiatuz, etorkizuna nondik nora joko duen jakin nahian, edo, baita, Think Tank taldeen kasu, etorkizuna beraien interesen alde bilaka dadin saiatzen direnak ere. Ez dakigu, ez gara konturatzen edo ez dugu jakin nahi, itzalpean, gobernuek, alderdiek, enpresek, lobyek erabiltzen dituzten trikimailuak beraien interesen eta boterearen defentsan. Zenbat eta zenbat horrelako operazioak isilpekoan eginak, iritzi publikoak ezer jakin gabe nahiz eta egoera horretan hartutako erabakiak ondorio zuzenak eta sakonak izan hiritarrengan? Ez dakigu zer ari den gertatzen, baina gertatzen ari da, eta gertatzen ari den hori erabakigarria izan liteke gure eguneroko bizitzan, guk ez jakin arren.
Hain gora jo beharrean, beste maila apalagoan, eguneroko bizitzan kokatzen bagara, badira pertsona zorrotzak intuizio berezia dutenak bereizteko zer den oinarrizkoa eta zer ez funtsezkoa, zer seriotasunez hartu beharrekoa eta zer txantxetan hartzekoa, zerk duen muina eta zerk azala. Eta gaitasun kritiko hori, ez gauzak gertatzen direnetik egun batzuk edo urte batzuetara, baizik eta gertatzen ari diren une berean erabiltzen dakitenek. Horrelako pertsonak argiak dira, zuhurrak, zentzuzkoak. Egunak edo urteak pasa ondoren gertatutakoaz jabetzeak ez du inongo meriturik. Hala ere, ona da noizean behin begirada atzera botatzea orduan bizitakoa inkontzienteki bizi genuela onartzeko, eta, beraz, gixajo besterik ez ginela izan konturatzeko.