Dugun hizkuntza gurasoengandik jasotakoa da, transmisioaren bidez gureganatua. Dugun kultura mendetan zehar metaketaren prozesuan eratua izan da, transmisioaren esker ere gureganatua. Ez diogu, pertsona arruntok, ez bati ezta besteari ere ekarpenik egiten. Irakasleak transmititzen du, ez dio irakasten ari den gaiari ezer berririk eransten, baina, hala izanda ere, ezin dugu ukatu duela bi mende irakasle batek irakasten zuenaren eta gaur egungo irakasleak irakasten duenaren artean izugarrizko aldea dagoenik. Zein izan al da alde horren eragile, nola joan al da gizakiaren ezaguera zabaltzen eta kultura aberasten belaunaldiz belaunaldi ?
Zientziara hurbiltzen bagara, eman dezagun Fisikara, ezingo genuke ulertu gaur egungo Fisika Galileo baten ikuskerarik gabe, Newtonen aitzindaritza barik, Einsteinen ekarpenak kontuan hartzen ez baditugu, edo, Fisika kuantikoaren arloan Planck, Heisenberg, Bohr edo Dirac ameslariak kontuan izan gabe. Hauek bai, beraiek jasotakoaz gain, zientziari ekarpen bereziak egiteko gai izan ziren; zientziak zuen maila beste mailara igotzeko bulkada emanez, transmititzaile hutsak izatetik eratzaile, kreatzaile izatera pausua emateko gai izan baitziren. Horrelako ameslarien eta iraultzaileen ausardiari esker posible izan dira Fisikak lortu dituen aurkikuntzak. Besteok ekarpenak egin beharrean transmititu egiten dugu besterik gabe, beraiek aurkitutakoa hurrengo belaunaldiari helduaraziz.
Antzeko zerbait gertatu da erlijioen munduan, ohiz kanpoko pertsona ameslari batzuekin: Konfuzio, Jesús, Mahoma...Gai izan ziren iraultza sortzeko beraien gizartean, beste kontua da onerako edo txarrerako izan zen beraien ekarpena, eta beraien jarraitzaileak fundatzaileen ideiez egin zuten edo egiten duten interpretazioa.
Gutxi dira, bada, gizateriaren historian, ideien edo portaeren aldatzaileak; gutxi zientziari, filosofiari edo arteari ekarpen berritzaileak egiteko gai izan diren gizakiak. Besteok kopiatu besterik ez dugu egiten, eta, beraz, zorpean gaude mendeetan zehar gizadiak eman dituen bide-urratzaileekin.