Gaiztakeria eta ontasuna, genetika eta ingurunea

Arg: Pixabay

Non pilota jarri orduan, genetika zaleen edo ingurune zaleen teilatuan? Nire uste apalean bi eraginek jokatzen dute batera, eta biak dira gizakiaren izaeraren eta portaeraren erantzule

Hobbesen "gizakia otsoa da gizakiarentzat" edo Rousseauren "gizaki onbera basatia"; gizakia "jaiotzen da" edo "egiten da"; genetika edo ingurunea. Hona hemen mota guztietako iritziak bildu dituen eta argitzear dagoen antzinako polemika.

Gizateriaren historiara jotzen badugu, ez da alaitzeko modukoa ikusten dugun panorama: gerrak nonahi, indarkeria, ankerkeria, injustizia, ikaragarrizko ezberdintasunak... Gizakiaren txarkeriaren jatorria genetikoa dela baieztatzen dutenek onartzen dute herentzia erabakigarria bihurtzen dela jaioberriaren bizimoduaren bilakaeran, eta gaiztoa jaio denak gaiztoa jarraituko duela izaten bere azken hatsa eman arte. Jaiotzez onbera dena, ordea, ona izango da bere bizitza osoan.

Gizakiaren bizitzaren bilakaeran ingurunearen garrantzia aitortzen dutenek, ordea, onartzen dute, bai, genetikaren eragina, baina ez datoz bat genetika zaleek defenditzen duten ezinbestekotasunarekin. Ingurunearen eraginaren defendatzaileek genetikari garrantzia eman arren ez dute sinisten erabatekoa denik, eta gehiago azpimarratzen dute gizakiaren eta inguruaren arteko elkarrekintzen garrantzia: familia, hezkuntza, inguru sozioekonomikoa, lagunak, aisialdia, lana, sare sozialak, komunikabideak... Azken finean norbanakoaren izaera, lehenengo kasuan, gizakia ona edo gaiztoa bada, genetikoki baldintzatua, determinatua dagoelako da; bigarrenean, aldiz, ingurunea aldekoa duen edozeinek ez du gaizkile bihurtzeko arriskurik izango eta, beraz, inguruak egiten dio gaiztoa gaiztoa denari edo ona ona denari.

Ikerketen eremua bihurtu da arazoa, eta badira saiakuntzak genetika-ingurune binomio honi erantzuna eman nahian ari direnak. Estatu Batuetako unibertsitate bateko Psikologia fakultateko eraikinaren atal bat presondegia bihurtu eta barruan sartu zuten ikasle kopuru bat non batzuk presoaren rola bete zuten eta presozainarena gainerakoek. Aste gutxira bertan behera utzi behar izan zuten esperimentua ikertzaileek egoera onartezina bihurtu zelako, presozainen portaera ankerkeriaz eta okerkeriaz osatua baitzegoen, eta presoen egoera psikologikoa jasanezina izateraino heldu zen. Saiakuntzan parte hartu zuten ikasleak erabat normalak ziren eta ikerkuntzaren zuzendariak ez zuen inondik inora horrelako emaitzarik espero. Esperimentu honen arabera, badirudi testuingurua erabakigarria suertatu zela parte hartzaileen jarreren bilakaeran, eta, alde horretatik, ingurunearen eraginaren defendatzaileen tesia baieztatzera zetorrela.

Estatu Batuetako beste unibertsitate bateko Neurologia Sailean eginiko esperimentuan, parte hartzaileak erresonantzia magnetikoen tunelean sartu, eta proposatzen zitzaien dilema moral bat: bi aukera posibleen artean bat hauta zezaten, gailuak parte hartzailearen garunaren jarduera aztertzen zuen bitartean. Behatzaileek ikusi zuten emozioak menderatzen dituen garunaren eremua eta arrazoinamendua gobernatzen duena aktibatzen zirela, eta kasu batzuetan emozioaren arloa garaile ateratzen zen bitartean, arrazoinamenduarena bihurtzen zen irabazle besteetan. Emozioaren arloa lotua dago herentziarekin eta, aitzitik, arrazoinamendua burubide moralarekin, kulturarekin azken finean. Beraz, esperimentu honek bi tesiak bateragarriak direla adieraziko luke, tesi genetikoarena emozioen eremua garaile ateratzen zen kasuetan, eta inguruaren tesiarena arrazoinamenduaren eremua irabazle suertatzen zenean.

Azkenez, Kongon egondako Nazio Batuen Erakundearen ordezkari batek bertan gertatzen ari ziren sarraskien eta gizagabeko portaeren zergatiaz militar bati galdetu zionean, bera militarra zela eta berari bakarrik aginduak betetzea eta betearaztea zegokiola erantzun zion.

Non pilota jarri orduan, genetika zaleen edo ingurune zaleen teilatuan? Nire uste apalean bi eraginek jokatzen dute batera, eta biak dira gizakiaren izaeraren eta portaeraren erantzule. Kasu batzuetan batak izango du ardura nagusia, eta bestetan besteak. Maiz entzuten da gizartea eraikuntza kulturala dela eta gizarteak gaiztotzen gaituela. Baina nor da, gizakia bera ez bada, eraikuntza horren egilea? Ez dugu, orduan, makurkeriaren jatorria kulturari leporatzen diogunean gizakiaren lepoaren gainean jartzen ardura, kultura gizateriaren fruitua besterik ez da eta? Non dago gaiztakeria, gizartean edo gizakiarengan? Bestalde, zer esan gaizkile batek behin eta berriz erailtzen duenean espetxean egon eta gero, non geratzen dira hezkuntzaren eraginaren onura eta presondegiaren birgizarteratzearen gaitasuna?

Nire iritzia da genetikak eta inguruak elkarri eragiten diotela eta bion eragina dela gizakiaren bilakaeraren arduradun. Baina binomio hori ez da norbanakoaren izaeraren bilakaeraren arduradun bakarra, ezta garrantzizkoena ere. Ekinak,  genetikak eta inguruneak osatzen duten trinomioa da  gizakiaren ibilbidea azaltzen duena: norberaren jarduera pertsonala, herentzia eta gizartea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago