Nork agintzen du

Arg: Pixabay

Badirudi gobernuak lursailen administrariak besterik ez direla, benetako jabeak eta agintariak enpresa multinazionalak eta konglomeratu finantzarioak direla

Zygmunt Bauman pentsalariak Estatua krisian liburuan zioenaren arabera, globalizazioaren aurretik bi baliabide indartsu zituen Estatuak: batetik, boterea, ahalmena gauzak egin zitezen, eta, bestetik, politika, ahalmena zeintzuk egin behar ziren erabakitzeko.

Bigarren Mundu Gerra ondoko hiru hamarkadetan sortu ziren ongizate Estatuak arazoak hasi ziren izaten 1970 urtetik aurrera, eta Milton Friedman, Reagan eta Thatcherren joera neoliberalak areriotzat jo zuen Estatua, merkatuaren mesedetan. Gerra osteko hogeita hamarreko loriatsuaren ostean kontsumismo oparoa etorri zen, 2008. urteko krisiarekin topo egin arte.

Bitartean Estatua bere boterearen gero eta zati handiagoa joan zen galtzen, eta galdutako botere hori kontrol politikotik kanpo dauden "fluxu-eremu" batean diharduten estatuz gaindiko indarrak jabetzen ari ziren. Beharrezkotzat jotzen zuen Baumanek berriz boterea eta politika uztartzea bide berriak urratuz eta politika estatuz gaindiko kotetara igoz. Ez da lan erreza. Hor dugu Nazio Batuen Erakundearen adibide paradigmatikoa, nazioen arteko bizikidetza bideratzeko sortutako erakundea izanda, gai ez dena Yemen, Palestina edo Saharako arazoak konpontzen.

Nork du agintearen makila, Urkuluk edo Iberdrolako Sanchez Galan lehendakariak?

Bitartean, "fluxu eremuetan" ari diren enpresak dira, berez, gobernatzen gaituztenak: finantza sistemak, Google, Amazon eta enparauak. Pierre Lévy pentsalariak Estatu-plataformak deitzen die enpresa horiei, eta bere iritziz, Estatu-nazioen gainetik daude dagoeneko. Seguru asko beren moneta propioa garatuko dute; badute pertsonen identitatea antzemateko gobernuek dituzten baino metodo zehatzagoak; iritzi publikoa arautzen dute beraiek direlako sare sozialak menperatzen dituztenak; eta zerbait zentsuratu nahi badute, zentsuratu egiten dute inongo beldurrik gabe. Duten boterea mugagabea da.

Enpresa batek, Twitter enpresa hain zuzen, Trump ahalguztidunari bere kontua itxi zionean gutxik pentsatu genuen horrelakorik gerta zitekeenik, baina gertatu zen. Astrazeneka enpresak Europako Batasunarekin izan duen joerak adierazten du multinazionalen boterea noraino hel daitekeen. Estatuek Google, Amazon edo Facebook enpresa teknologikoen zergak arintzeko erabiltzen dituzten amarruen kontrako neurriak erabakitzeko dituzten arazoak agerian dira, eta ikustear dago zerbait lortuko duten. Espainiako argindarraren tarifa sistemaren defentsan oligopolio elektrikoen interesen eta gobernuaren arteko tirabirak agerikoak izan arren, ez du ematen sistema elektrikoa oinarritzen den funtsa aldatuko denik.

Badirudi gobernuak lursailen administrari besterik ez direla, benetako jabeak eta agintariak enpresa multinazionalak eta konglomeratu finantzarioak direla. Non dago benetan boterea? Zeintzuk dira agintzen gaituztenak? Kantabriako Revilla lehendakaria konfinamenduaren arauak errespetatu gabe enpresari batzuekin bildu zen, ez, ordea, herri txiki bateko alkatearekin edo asko estimatzen dituen antxoak arrantzatzen dituzten Santoñako arrantzaleekin. Nork du agintearen makila, Urkuluk edo Iberdrolako Sanchez Galan lehendakariak?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago