Industriaren bigarren iraultzak zor die Edisoni zein Teslari argindarraren ekoizpen industrialaren aurkikuntza. Informazioaren eta Komunikazioaren teknologien iraultza eta bidean dagoen 5Ga ez ziren bideragarriak izango elektrizitaterik gabe, eta gaur egungo zibilizazioa ez litzateke ulergarria izango argindar barik.
Azken hilabeteotan nabarmen igo da argiaren faktura eta kexu dago jendea behar-beharrezkoa den artikulua delako elektrizitatea. Hiru dira kontuan hartzeko aldeak hilabetero jasotzen dugun argindarraren ordainagiria ulertzeko: argindarraren sorkuntzaren, garraioaren eta banaketaren kostuak; kilowatt-orduko prezioa finkatzeko erabiltzen den sistema; eta kontsumoa.
Elektrizitatearen ekoizpena ehunka puntu ezberdinetan kokatzen da, eta sortutako energia REE (Red Eléctrica de España) enpresak kudeatzen duen sarera isurtzen da. Sorkuntza puntu horiek energia berriztagarriak erabil ditzakete (eolikoa, fotovoltaikoa, termoelektrikoa, hidroelektrikoa), energia nuklearra edo erregai fosilak (ikatza, petrolioa, gasa). Energia berriztagarrien teknologia izugarri garatu da azken hamarkadan, eta, gaur egun, duela urte gutxira arte gertatzen ez zena, kilowatt-orduko ekoizpenaren kostua besteen parekoa izatera lortu da.
Lau motako enpresak dira elektrizitatearen negozioan mugitzen direnak: enpresa ekoizleak, goi-tentsioko sarea kudeatzen den REE enpresa, banatzaileak eta enpresa merkaturatzaileak. Enpresa handi gutxiren eskutan dago argindarraren ekoizpena Espainian (Iberdrola, Endesa, Naturgy, EDP). Sortzen den elektrizitatearen garraioa, ekoizpen lekutik goi-tentsioko sarearen bidez kontsumo lekuetara eramatearen ardura REE enpresarena da. Enpresa banatzaileen ardura da behe tentsioko sarea eta kontsumo puntuetara argindarra eramatea. Azkenik, kontsumoaren fakturazioaz arduratuko diren enpresa merkaturatzaileak osatuko dute sistema elektrikoaren azken katebegia. Praktikan enpresa ekoizleak, banatzaileak eta merkaturatzaileak berdinak dira.
Elektrizitatearen eskaera aldakorra da, egunaren orduaren, astearen egunaren edo eguraldiaren araberakoa hain zuzen. Sarearen kudeaketa konplexua da, eta hasi dira abian jartzen sare adimentsuak sareen arteko loturak gobernatzeko lagungarri direnak eta une oroko eskaintzaren eta eskaeraren arteko oreka bermatzeko. Egoera honek zailtzen du argi indarraren horniketa, eta kontsumoa ziurtatze aldera potentzia instalatua beharrezkoa baino askoz handiagoa da, kontsumoaren puntak edo aranak ziurtatzeko kogenerazio zentral batzuk piztuta edo itzalita prest egon behar direlako. Eskaera etengabekoa da urte osoan, elektrizitateari ezker, industriek, garraioek (trenak kasu), etxebizitzek (igogailuak, argia, etxeko tresnak), zerbitzuek (dendak, eskolak, ospitaleak...) funtzionatzen baitute. Zailtasun handiak ditu kilowatt-orduko ekoizpenaren kostua finkatzea milaka puntutan sortzen delako energia, instalazioen adina dela, amortizatuak dauden ala amortizatu gabekoak diren instalazioak, erabiltzen diren energien motak, erregaien prezioen oszilazioak, CO2 isurketen prezioen gorabeherak... eta, zailtasun guzti hauen atzean dauden enpresa handien opakutasun interesatua. Hemen dago, neurri handi batean, kilowatt-orduko ekoizpenaren kostuaren salneurria finkatzeko gakoa eta tarifaren defizitaren jatorria.
Sorkuntzaren kostuez gain, elektrizitatearen garraioaren kostuak dira kontuan hartzekoak, goi-tentsioko sarearenak, REE enpresak kudeatzen duena, batetik, eta behe-tentsioko sarearenak, enpresa banatzaileen ardura dena, bestetik, hau da, bidesariaren kostuak.
Sarean sartzen den elektrizitatearen nahasketaren arabera eratzen da gaur egun kilowatt-orduko salneurria, eta enkantean sartzen diren energia moten arabera finkatzen da behin betiko prezioa, merkeenetatik hasi eta garestienetara heldu arte: lehenak energia berriztatzaileak, nuklearra gero, fosilak atzetik eta kogeneraziokoak azkenez. Eta kilowatt-orduko prezioa mix elektriko horretan azkena sartu denarena izango da, hau da, garestiena. Formula xelebrea ematen du dela eta nik pare bat azalpen ikusten ditut, neurri batean, ulergarria izan dadin: bat, erreserban dauden kogenerazio zentralak eskaeraren puntei erantzuna emateko prest egoteari, batzuetan itzaliak, erdi martxan bestetan egoteak dakartzaten gastuak; bi, kogenerazio zentral hauek gasa erabiltzen dute erregai, eta CO2 isurketen kostuak nabarmen igo dira azken hilabeteetan. Hala ere, enkantearen sistema honek ez du ematen logikoa denik.
Hiru dira argiaren ordainagiria osatzen duten atalak: alde finkoa (kontratatutako potentzia, kontagailuaren alokairua, araututako kostuak), alde aldakorra (kontsumitu diren Kilowattak) eta zergak (kontsumitutako energiaren %21 balio erantsiaren gaineko zerga, %7 sorkuntzaren gaineko zerga). Araututako kostuen artean sartzen dira: energia berriztagarriei emandako diru laguntzak; kogenerazioari eta hondakinei emandako pizgarriak; garraioaren eta banaketaren kostuak; urteroko tarifaren defizita; zentral nuklearren hondakinak kudeatzen duen ENRESA enpresa;ikatzaren diru laguntza; uharteen elektrizitate sistemen gainkostuak.... Hona hemen gure azken ordainagiriaren gastuen banaketa: % 39,66 sorkuntza, %39,04 araututako kostuak, %21,30 zergak.
Gobernuak aldi baterako hartu dituen neurriak- BEG zerga %21tik %10 jaistea eta sorkuntzaren gaineko %7 zerga bertan behera uztea- argiaren ordainagiriaren pisua arintzeko balioko badu ere, ez da nahikoa izango. Bestalde, hartutako neurrien ondorioak Ogasunaren kontuetan izango dituzte eragina, lehenengo neurriak 900 milioi euroko kostua izango baitu, eta 400 milioikoa bigarrenak.
Oso konplexua izan arren argindarraren sistema eta konplexua argindarraren tarifa finkatzeko bidea, bost dira argindarraren ordainagiria arintzeko kontuan hartzeko arloak: enpresa elektrikoak osatzen duten oligopolioa, kilowatt-orduko sorkuntzaren kostua opakotasunik gabe jakitea, merkaturatzen den kilowatt-orduko salneurria enkantearen bidez finkatzen den sistema, araututako kostuak eta, azkenean, zergak. Bost arlo horietan dago gakoa. Gobernuak, aldi baterako eta baldintza konkretu batzuekin, ukitu du zergaren arloa Ogasunaren interesen aurka, enpresa elektrikoen mozkinak gero eta handiagoak diren bitartean. Izango al du Gobernuak kemena oligopolioaren opakotasunaren eta interesen aurka ekiteko, eta bezeroen interesen alde jotzeko? Orain arte, enpresek irabazi dute beti partida.