Oroimena

Oroimena datuak eta informazioa biltzeko ezinbestekoa izan bada orain gutxi arte, beste funtzio berri bat betetzera dator Informazio eta Komunikazio Teknologien garai hauetan.

Gutxietsia izan da oroimena azken garai hauetan, baliogabetua. Hezkuntza sistemak ere jaso ditu kritikak oroimena gehiegi landu delako helburuetan, erabilitako metodoetan eta ebaluatzeko baliatutako frogetan. Ez dut nik esango horrela izan ez denik, baina, hala ere, ez nator bat oroimenaren aurka sortu den polemikarekin.

Egia da gaur egungo baliabide teknologikoek memoria txarra dugunoi izugarrizko laguntza eskaini diezaguketela, informazio asko klik baten bidez, momentuan, lor dezakegu eta. Datuak eta informazioa biltzeko ezinbestekoa izan bada oroimena orain gutxi arte, beste funtzio berri bat betetzera dator Informazio eta Komunikazio Teknologien garai hauetan. Datua oso gauza zehatza da, konkretua, zenbaki bat, hitz bat. Datuak metatzen eta beraien arteko loturak bilbatzen direnean sortuko da informazioa. Datuek ez dute, berez, zentzurik; informazioak, ordea, bai. Informazioen bilketa eta beraien arteko zerikusia aztertzean, elkarrekiko mendekotasuna eta elkarrekintza agerian uztean, eta barneko logika sistema integratu eta koherentean eratzean, beste maila batera igarotzen gara: ezagueraren mailara hain zuzen. Azkenik, jakintza izango da goia joko duen maila, arlo ezberdinetako ezaguerak eta eskarmentua integratzen diren jakite orokor, zabal eta sakon batean mundua interpretatzeko baliogarria izango dena, gizarteak mahaiganeratzen dituen galderei proposamen oinarridunen bidez erantzuteko gauza izango dena, antzinako garaietan edadetuek bete zuten eginkizuna ordezka lezakeena. Lau maila: datuak, informazioa, ezaguera, jakintza. Gutxi dira jakintza horrek ematen duen begirada zabal hori lortzen duten pertsonak, jakinduriaren mailara heltzen direnak, eta, bestalde, zoritxarrez, politikan zein ekonomian agintzen dutenen artean gutxi dira ere jakintsu horien ateetara jotzen dutenak.

Non kokatu orduan oroimenaren eginbeharra mailakatze prozesu honetan? Orain arte memoria asko xahutu izan dugu eguneroko bizitzan zein hezkuntzan, aipatutako lehen bi mailetan hain zuzen, datuak buruz ikasten, informazioa jasotzen. Lan hau arintzera etorri dira teknologi berriak, sakelan daramagun telefono adinduna biblioteka osoa eskaintzeko gai baita. Beraz, oroimenaren lana beste bi mailatan kokatuko da, ezaguera gero eta zabalagoa eta sakonagoa den eremuetan non ezinbestekoa izango den sintesien bidez eginiko eskemak buruz ikastea, ezagueren arteko loturez jabetzea, mapa mentalak bereganatzea, eginiko laburpen eta sintesiak ikastea, ezaguera hori eguneroko bizitzan aplikatzeko bideak zabaltzen jakitea...Oroimenak ez du, beraz, garrantzirik galdu: fokuaren aldaketan dago gakoa, datuak eta informazioak buruz ikasteari eman zaion pisua ezaguerari eramanez, eta informazioen arteko loturak aztertzen ikasiz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago