Asertibotasuna eta euskara

Asertibotasun gehiago eskatzen digu euskarak euskaldunoi, konbentzimendu indartsuagoa, jarrera ausartagoa eta proaktiboagoa.

Hona hemen Euskaltzaindiaren hiztegiak asertibotasun hitzaren esanahiaz dioena: "asertiboa denaren nolakotasuna, indarkeriaren eta pasibotasunaren artean dagoen erdibideko jokamoldea".

Ezagutu eta ezagutzen ditut giza harremanetarako trebeak diren pertsonak, beraien iritziak emateko gai direnak; bere buruaz ziurtasunez sentitzen direnak; beharrezkoa ikusten dutenean, zuzen jokatu ez duenari gaizki egindakoa aurpegiratzeko inongo beldurrik gabe egiten dutenak; hitz bakar batean esanda, asertiboak direnak. Asertiboa denak ezagutzen ditu bere eskubideak, eta gai da edozeinen aurrean defenditzeko, errespetuz bai, baina baita irmotasunez ere. Autoestimua ondo errotua du, konfiantza osoa du bere buruarengan, ziurtasunez eta zintzotasunez azaltzen da jendearen artean. Mugak jartzen daki, eta ezetz esaten egoerak horrela eskatzen duenean. Bere iritzia tinkotasunez azalduko du, ez da epeltasunetan ibiliko. Gai da bere akatsak eta hanka-sartzeak onartzeko, eta baita barkamena eskatzeko ere. Errespetuz onartuko ditu besteen eskubideak, ez du harrokeriaz jokatuko, eta arretaz entzungo ditu solaskideen iritziak. Halako antzekotasunen bat ikusten dut nik asertibotasunaren eta ahalduntzearen jarreren artean, biek eskatzen dutelako konbentzimendutik abiatzen den joera irmoa, pentsatzen denaren eta egiten denaren arteko koherentzia.

Euskaraldiaren bi ariketa soziolinguistikoetan hartu nuen parte, eta asertibotasunez jokatzeko aukera aprobetxatuz, ordura arte erdaraz hitz egiten nuen dendetan euskaraz egiten hasi nintzen. Nire harridurarako, farmaziako bi botikariak euskaldunak ziren; okindegiko lau langiletik bi euskaldunak ziren; janari dendako hiru emakumeak gai ziren euskaraz eskatzen niena ulertzeko; eta arrandegiaren jabearen alaba euskalduna zen.

Sasi-errespetuagatik batzuetan, egoera barregarria sor zitekeen beldurragatik besteetan, gerta zitekeen giro zakarra saihesteagatik edo, besterik gabe, nagusikeria itxurarik ez ematearren, nire asertibitate faltagatik azken finean, ez nintzen ordura arte konturatu nire inguruan uste baino euskaldun gehiago zeudela, eta, bestalde, nire aurreiritzi eta beldurrak ez zirela zuzenak, inongo tentsio-egoerarik sortu ez zelako erdaraz hitz egitetik euskaraz egitera pasa nintzenean. Uste nuena baino samurragoa suertatu zitzaidan ariketa, eta ordutik aurrera euskara da erabiltzen dudan hizkuntza bakarra aipatutako saltokietan.
Asertibotasun gehiago eskatzen digu euskarak euskaldunoi, konbentzimendu indartsuagoa, jarrera ausartagoa eta proaktiboagoa. Hogeita hamar urte bete ez duten gazte gehienek euskara ezagutzen dute hezkuntza sisteman ikasi dutelako, eta, zailtasunekin bada ere, gai dira euskaraz zuzenduko diegun mezu errazak ulertzeko. Badugu, beraz, gure asertibitatea frogatzeko eta indartzeko aukera, euskararen eta gure hazkunde pertsonalaren mesederako bihur daitekeen abagunea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago