Gogoan dut, estudiante nintzenean, “Aisiaren gizartea” izenburupean argitaratu zen liburua irakurri nuela. Ez naiz egilearen izenaz gogoratzen baina bai, ordea, egileak aurreikusten zuen gizarteaz: mekanizazioak ekarriko zuen lanaldiaren murrizpen sakona eta, ondoren, aisialdirako denboraren zabalpena.Berrogeita hamar urte baino gehiago joan dira ordutik, eta egia bada lanaldia murriztu egin dela, larunbata ingelesa izan zen lehenengo pausua, eta gaur egun indarrean dagoen asteko sei eguneko lanaldia hurrengoa, urrun gaude liburuak aurreikusten zuen lanalditik: asteroko hogeita bost ordukoa hain zuzen. John Maynard Keynes ekonomialari ospetsuaren aurreikuspenak baikorragoak ziren oraindik, XXI. mendearen hasierarako inork ez zuelako astero hamabost ordu baino gehiago lan egingo uste baitzuen. Batak zein besteak aisialdiaren gizartearen atarian zegoela gizadia uste zuten. Duela pare bat hilabete zabaldu zen berri harrigarri hau kontrako bidetik doa: goi mailako finantza-jardueretan lan egiten duten broker-en kexuak asteroko laurogei orduko lanaldi jasanezinak pairatzen omen baitituzte.
Aldagai asko korapilatzen dira lanaldiaren inguruan, eta joera ezberdinetako ekonomialari, soziologo, filosofo, politiko edo sindikalistek egin dute beraien ekarpena: robotizazioa eta digitalizazioa, produktibitatea, langabezi estrukturala, lanaren banaketa, enplegu osoa, hazkunde ekonomikoa, mugagabeko hazkunde ekonomikoaren ezintasuna, errenta unibertsala...
Yuval Noah Harari historialari israeldarrak bere “Sapiens” liburuan lau aro bereizi ditu gizadiaren bilakaeran: iraultza kognitiboa, nekazaritzaren iraultza, gizadiaren bateratasuna eta iraultza zientifikoa. Nekazaritzaren iraultzaz ez du aldeko iritzirik azaltzen, historiaren iruzurrik handiena izan zela onartu baitu. Bataz besteko nekazariak batez besteko ehiztari-biltzaileak baino gogorrago egiten zuen lan, eta kontsumitzen zuen dieta txarragoa zen. Garia ereiteak azalera unitate bakoitzeko askoz janari gehiago lortzeko aukera eman zion nekazariari, eta baita biztanleria esponentzialki biderkatzeko ere. Harariren iritziz, hau da nekazaritzaren iraultzaren muina: jendarte gehiagok egoera txarragoetan bizirik irautea. Historiako lege bakanetako bat luxuak premiazkoa bihurtzeko duen joera da , eta, beraz, eginbehar berriak sortzeko eta gero eta lan gehiago egiteko beharra.
Behin batean Amazoniako inguru ezkutuan esploratzaile talde batek topo egin zuen indigena taldetxo batekin, ibaiaren ondoan eserita ezer egin gabe zeudelarik. Goizaldean ibaian arrantzan pare bat ordu egin ondoren, egunerako janaria ziurtaturik, lasai zeuden gure indigenak atsedena hartzen. Ea egun osoan egiteko beste lanik ez ote zuten galdetu zieten esploratzaileek arrantzaleei, eta ezetz erantzun zieten indigenek, pare bat edo hiru ordu lanekin moldatzen zirela beraien beharrak asetzeko. Harriturik esploratzaileak, hobe zutela arrain gehiago harrapatzea, arrainak saldu, ontzi handi bat erosi arrantza gero eta gehiago lortzeko, eta, behin urte batzuk arrantzan egin ondoren, irabazitako diruarekin lanik egin gabe aukera izango zutela lasai bizitzeko eta atsedena hartzeko. “Hori da hain justu orain egiten ari garena” izan zen oihanaren biztanleen erantzuna.
Oso interesgarria da James Suzman antropologoak idatzi berri duen obra: Lana. Denboraren erabileraren historia bat. Urteak eman ditu egileak Afrikaren hego aldean bizi diren Joisan herriaren ikerketan. Namibia aldeko tribu honetako kideek hiru ordu besterik ez dituzte erabiltzen egunero beraien oinarrizko beharrak asetzeko. Hauek bai bizi direla aisialdiaren gizarte batean! Gurea, aldiz, desio amaigabeen kitzikapenaren menpe bizi den gizartea da: kapitalismoa, beharrezko ez duguna nahitaezko bihurtzeko makina da. Lan eta lan aritu, publizitateak erakusten dizkigun nobedadeen atzetik ibilera zoro batean murgilduta. Ez gara ohartzen gutxiagorekin bizi daitekeela eta, agian, lanaren bidez jasotzen dugun diruak eskaini diezazkigukeen gauzak baino baliotsuak direla aisialdiak eskain diezazkigukeenak: lasaitasuna, loraldi pertsonala eta komunitarioa, gure ingurukoekin astia partekatzeko abagunea, bizitzea azken finean.
Ez da Harari historialariaren muturreko jarrerara jo beharrik, ezta Namibiako aborigenak bihurtu ere. Nahikoa litzateke munduko biztanle guztiok oinarrizko beharrak osatzeko aukera izango bagenu eta hazkunde ekonomikoari agur esango bagenio: benetako aisialdiaren gizartean biziko ginateke, planetak eskertuko liguke, eta klimaren aldaketaren aurkako neurririk eraginkorrena abian jarriko genuke.
Baina, non kokatu oinarrizko premia horiek mugatzen dituen marra? Prest geundeke, adibidez, oporretan munduko beste muturrera joateari uko egiteko?