Telefono adimendunak

Argazkia: Wikipedia_Sascha Pohflepp

Maiz gertatu denaren arabera, teknologi guztiek dute beren ifrentzua, alde onak eta hain onak ez direnak, aurrerapenak eta arriskuak.

2018. urtean 2.530 milioi telefono adimendun zeuden banaturik mundu osoan. Edonork du aukera telefonoa bere sakelean eramateko.

Harrigarria da gailu txiki eta eramangarri honek eskaintzen dituen funtzioak. Betiko telefonoa izateaz gain, multimedia-aplikazioak erabiltzeko ematen digu aukera: argazkiak, bideoa, pelikulak, irratia, telebista, musika, grabagailua. Ez dugu idazmakinarik behar ezta hiztegi lodikoterik ere, eta eskuragarri dugu itzultzaile automatikoa. Diru-zorroa, gure bankuarekin harreman zuzena edukitzeko abagunea, erosketen ordainketak diru fisikorik erabili gabe egiteko aukera. Ateak zabaltzen dizkigu Internet munduan sartzeko, eta Facebook, Twitter, WhatsApp edo Instagram klik batean dugu aukeran. Esandakoez gain mapak, iparrorratza, egutegia, linterna eta beste hamaika aplikazio eskaintzen dizkigu telefono adimendunak. Benetan zoragarria horrelako tresna txiki batek dituen posibilitateak, harrigarria teknologiaren asmakizun hau, baina baita beldurgarria ere gailuaren erabilera maltzurrek sor ditzaketen arriskuak eta kalteak. Maiz gertatu denaren arabera, teknologi guztiek dute beren ifrentzua, alde onak eta hain onak ez direnak, aurrerapenak eta arriskuak.

Gutxik pentsatuko dute tresna horren atzean dauden milaka eta milaka lagunen lana: kimikariak, fisikariak, matematikariak, ingeniariak, informatikariak. Mendetan metatu egin den jakintza eta teknologia hori gizon eta emakume askoren fruitua da. Ez dira jabetuko zenbat arazo eta korapilo askatu behar izan duten zientzia eta teknologiaren arloetan gaur ateratzen dugun argazkia une berean munduko beste muturrera bidaltzeko gai izan gaitezen. Demokritok materiaren konposaketaren teoria asmatu zuenetik gaur egungo teoria kuantikora, Newtonen argiaren teoriatik gaur egungo elektromagnetismora, XVII. mendean elektrizitatea asmatu zenetik gaur egungo mikroelektronikara, balbulez osatutako irratitik gaurko zirkuitu integratuetara, telegrafotik telekomunikazioetara, Volta fisikari italiarrak asmatu zuen pilatik gaur egungo baterietara...Zenbat lan, asmakizun, buruhauste eta irudimen bide luze horretan! Baita zenbat interes ekonomiko eta esplotazio ere bitartean, beharrezkoak diren lehengaiak direla, koltan edo litio kasuan adibidez, edo mugikorrak egiten duten enpresen arteko lehia gupidagabea!

Gutxi izango dira bere sakeletik mugikorra ateratzen duten bakoitzean antzerako iruzkinak egingo dituztenak. Hiriko ume batek behiaren errapetik esnea atera ordez hozkailutik ateratzen dela pentsatzen duen antzera, ez dakit noraino mugikorra maneiatzen hain trebeak diren gure nerabeak jabetzen diren mugikor horren atzean dagoen ahalegina eta jakintza, baina, zoritxarrez ere, esplotazioa eta sufrimendua. Ez gara ari hutsaltzen gizakiaren aurkikuntzen azpian dagoen jakin-mina eta mina, aurrerapena eta oinazea?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago