Berriz ikusi dut Koruaren mutilak pelikula zoragarria. Familia arazoak dituzten gaztetxoei zuzendutako Frantziako barnetegi batean garatzen da filma. Hezitzaileen artean bi jarrera kontrajarri azaltzen dira pelikulan: batetik, zuzendariarena, agintaria, aurrean dituen gaztetxoak etorkizun gabeko pertsonak direla uste duena, diziplina gogorraren aldekoa; bestetik, heldu berri den arrakastarik izan ez duen musikariarena, zailtasun egoeraz jabeturik, ikasleak laguntzeko ahaleginak egiteko prest dagoena.
Koru bat osatuko du gaztetxo guztiekin musikariak, inor baztertu gabe, eta agertuko zaizkion traba guztiak, gaztetxoen portaeraren aldetik batzuetan, eta, batez ere, zuzendariak jarriko dizkion eragozpenak besteetan, gainditzen joango da gure musikaria ikasleen errespetua eta konfiantza irabazi arte. Ez naiz luzatuko, baina koruan bakarlari moduan jarduten zuen gaztetxo errebeldea orkestra zuzendari ospetsu bihurtuko da irakasleak erein zuen musika haziari esker, afizioa izan zena ofizioa bihurtuz.
Maisu edo maistra baten funtziorik garrantzitsuenetako bat ikasleek duten talentua sustatzea da, ezkutuan eta erdi lo dauden gaitasunak eta trebetasunak azaleratzea eta suspertzea. Hortik sortuko dira gero bokazioak eta zaletasunak.
Txikitatik datorkit irakurzaletasunaren grina; bederatzi edo hamar urterekin, herriko bi gelako eskolatxoan, Don Enrique Palmaren eskutik berak sortutako biblioteka umil hartatik hasi bainintzen nire lehen liburutxoak jasotzen eta etxera eramaten, hamar zentimoko txanpon - txakur handi– baten truke. Liburu xumeak ziren, eta gogoan dut, besteen artean, Iliadaren edo Odisearen umeei egokitutako bertsioak irakurtzeko aukera izan nuela. Inoiz ez dut nahiko eskertuko maisu horrek nigan izan zuen eragin baikorra.
Gauza bera esan dezaket Don Santiago Zaton irakasleaz, berari zor diodalako musika klasikoaren afizioa. Ezin dut ahaztu gramofono kaskar baten bidez ematen zizkigun entzunaldiak: Mozart musikariak konposatutako serenatak, Beethovenen Seigarren sinfonia, edo Pedro eta otsoa Prokofievaren ipuina. Eta, behin pieza zatitxo bat entzun ondoren, gramofonoa isilduta, nola azaltzen zizkigun entzundako zatiaren inguruko instrumentuak, melodiaren esanahia, erritmo ezberdinen jokoa, entzundakoak gugan sortzen zituen sentimenduak galdetuz. Gaztetxoa nintzen orduan, hamabi edo hamahiru urte besterik ez nituen izango, baina nahikoa izan zen musika klasikoaz zaletzeko.
Inoiz ez dugu bere neurrian balioetsiko hainbat eta hainbat maisuk eta maistrek izan duten gaitasuna beraien ikasleengan zaletasun baten gartxoa pizteko, denbora aurrera joan ahala, benetako sua bihurtuko zena, afizio moduan batzuetan, lanbidea aukeratzeko bidea erakutsiz beste askotan. Asko dira goi mailako artistak, idazleak edo ikertzaileak aitortu dutenak irakasle sutsu baten eraginkortasunari esker direla diren profesional ospetsuak.