Ingelesa

Egia da, noski, hizkuntzak komunikaziorako ezinbesteko lanabesak direla; baina horretaz gain, eta horrenbesteko garrantzia duten, beste arlo batzuk ere kontuan hartzekoak izan beharko lirateke.

BC3 Basque Centre for Climate Change, San Sebastián International Film Festival SSIFF, Bilbao Exhibition Centre BEC, Basque Culinary Center...Ondo dago horrelako erakundeek, nazioarteko proiekzioa lortze aldera, ingelesez bere burua izendatzea. Baina euskara alboan utzita?

Haserretzekoa da bertako hizkuntza erabili ordez ingelesa erabiltzearen moda, marketin madarikatuaren izenean, norberaren izana bertan behera utziz eta hegemonikoa den hizkuntzara makurtuz. Ez da hau, zoritzarrez, kasu bakarra. Udan zehar ospatzen diren hainbat kontzertutan ere, hemen beharrean Ingalaterran edo Ameriketako Estatu Batuetan izan direla ematen baitu. Ziur nago Alemanian edo Frantzian ez dela antzekorik gertatzen; beraien hizkuntzaz eta kulturaz harro baitaude. Gutxiagotasun-konplexua agian? Marketin hutsa, eta modari emandako saria akaso? Azalkeria eta lelokeria hutsak? Hobe genuke, itxuraz xumea denari bere benetako balioa ematen ikasiko bagenu; txikia balioetsiz, apaltasuna aintzat hartuz, doakoa baloratuz eta itxurakeriatik alde eginez.

"Hobe genuke, itxuraz xumea denari bere benetako balioa ematen ikasiko bagenu"

Askotan entzuten da hizkuntzak komunikazio tresnak besterik ez direla, eta ez nator bat baieztapen erredukzionista horrekin. Egia da, noski, komunikaziorako ezinbesteko lanabesak direla hizkuntzak, baina horretaz gain eta beste horrenbesteko garrantzia duten arlo batzuk ere kontuan hartzekoak dira. Hizkuntza bidez ernatzen ditugu gure barne ideiak, bideratzen ditugu gure pentsamenduak eta barneratzen ditugu gure gogoetak.

Hizkuntza bati esker sortzen da unibertso kultural oso bat, mundu-ikuskera berezi bat, irazgazki sentimental bat, belaunaldiz belaunaldi metatu egin diren esaerak, esapideak, herriak sortu dituen adierazpenak... Beraz, hizkuntzak komunikazio lanabesak izatera soilik mugatzen dutenek alboan uzten dituzte pertsonaren eta komunitatearen alderik sakonenak.

Ingelesaren hedadura inperio britaniarrari esker zabaldu zen. Jatorriz, kolonialismo gotor baten emaitza da eta, geroztik, britainiarren galeraren ondoren, beste inperio batek hartu zuen lekukoa; amerikarrak hain zuzen. Esaten da ingelesik gabe ez dagoela aukerarik; ingelesa, de facto, hizkuntza unibertsala bihurtu dela. Ez daukat argi, eta ikusi beharko urte gutxi barru ez ote den txinatarra funtzio hori betetzera etorriko.

Lingua franca modura sortu zen esperanto hizkuntza, eta agerian dago izan duen arrakasta. Hizkuntza lotuegia dago inperioarekin. Zenbat hizkuntz galdu dira Espainiar inperioaren menpe egon diren lurraldeetan? Estatu kolonialen menpe egon diren zenbatherrik galdu du bere jatorrizko hizkuntza Afrikan, Asian, Ozeanian? Noam Chomsky idazleak dionaren arabera, gizarte bat elebakarra bihurtzen da bere hizkuntza hiltzailea izan delako.

DBH2 mailako ikasleen ia erdiak ez du euskarazko konpetentziaren oinarrizko maila gainditzen

Isabel Celaá Hezkuntza Sailburuak (2009-2012) abian jarri zuen hirueletasuna Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sisteman. Kike Amunarrizek bere Euskararen bidegurutzetik liburuan aipatzen duenez , 2010 urtean jada, ISEIK (Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea) DBH2ko ikasleen artean, euskarazko hizkuntza komunikaziorako konpetentzian erdiko mailan eta maila aurreratuan zeuden ikasleak %66,5 ziren. 2019ko ekaineko Euskal Sistemaren Diagnostikoa txostenaren arabera berriz, euskarazko hizkuntza komunikaziorako konpetentziari dagokionez, DBH2 mailako ikasleen %45 oinarrizko mailan daude, %36 erdiko mailan eta maila aurreratuan daudenak %19 dira. Alegia, DBH2 mailako ia ikasleen erdiak ez du euskarazko konpetentziaren oinarrizko maila gainditzen.

Datu hauen aurrean, ba al du zentzurik hirueletasuna sartzeak? Ez ote gaitu, euskararen kaltetan, ingelesak berriz ere liluratu?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago