Ausazko fenomenoak ikertzen ditu Probabilitatearen teoriak, eta Matematika zientziaren arlo bat denez, arrazionala, objektiboa eta zehatza da.
Gabonetako sari nagusiaren dezimo bat erosiz gero, sari nagusia irabazteko probabilitatea 1/100.000 izango da, hau da, %0,001, probabilitate oso txikia beraz. Baina baxua izan arren, milaka lagunek erosi dute dezimoren bat iazko Gabonetan. Saria irabaztea zaila izan arren, datu objektiboa den hori, nolabait, subjektiboa bihurtzen dugu: "Aurten tokatuko zaidala bihozkada dut". Erabat arrazionalak izango bagina ez litzateke loteriarik egongo.
Birusaren aurkako txertaketaren kanpaina honetan, albo-ondorioak direla eta, AstraZeneca eta Janssen txertoek hautsak harrotu dituzte, eta jendarteak txertoengan zuen konfiantza murrizteaz gain, giro nahasia sortzeko balio izan dute: informazio kontraesankorrak, zientzialarien eta politikoen arteko iritzi ezberdinak, Osasunaren Munduko Erakundearen eta Europako Sendagai Bulegoaren iritzien eta politikoek hartutako erabakien arteko batasun falta.
Janssen txertoa Ameriketako Estatu Batuetan izan da batez ere banatu egin den txertoa: 7 milioi lagunek jaso dute txertoa eta horietariko 7k jasan omen dute odolbildu gertaera larriren bat: probabilitatea 7/7.000.000, hau da % 0,0001. Astrazeneca kasuan, probabilitatea % 0,0004 da. Gabonetako loteriaren sari nagusia irabazteko probabilitatea odolbildu gertaera kasu larri bat suertatzearena baino 2,5 aldiz handiago da Astrazeneca txertoa hartuz gero, eta 10 aldiz handiago Janssen txertoaren kasuan. Zaila bada loteria irabaztea, askoz zailagoa da tronbosi larri bat jasatea.
Objektibitatea galtzen dugu eta subjektibitatera jo. Azkenean arrazoibidea honako hau da: bai, zenbakiek hori diote, baina txertoa hartu ondoren odolbildua nik sufritzen badut, probabilitatea ehuneko ehunekoa bihurtzen da. Berriz ere, objektiboa dena, beldurraren poderioz, subjektibo bilakatu da. Sobran ditugu matematikak eta zientziak. Eta tranpa honetan erori dira ere politikoak zientzialarien iritziaren aurka jo dutenean. Edozein erabakitan ez dago zero arriskurik, erabakitzea arriskatzea da. 7 lagunen bizitza salbatzearren 7 milioi lagun utziko al ditugu txertorik gabe?
Egoera honek sortu duen anabasaren karira irakurri dudan artikulu batek aukera eman dit zer pentsatzeko: ez al zatekeen hobe izango, gertatutako nahasia izanda, suertatu diren albo-ondorio larrien informazioa zabaldu beharrean, ezkutuan gorde izan balitz? Irakurri dudan artikuluak, balantzaren plater batean onurak eta bestean eragozpenak jarri ondoren, jarrera horren defendatzaile agertu da. Ez nator bat artikuluaren egilearekin. Informazio osoaren eta egiazkoaren eskubidea izateko dugu herritarrok. Beste kontu bat da herritarrek hartuko dituzten erabakiak objektiboak edo subjektiboak izango diren ala ez; politikoak zientzialarien iritziekin bat etorriko diren hala ez; edo informazio hori zabaldu izan ez balitz politikoek hartuko zituzketen erabakiak hartu dituztenekin bat etorriko ziratekeen hala ez. Halako egoera larrietan, informatu eta erabakiak hartzea dagokigu, arrazoizko eran ahal bada jokatuz, arriskua saihetsezina dela jakitun, zero arriskua ez da existitzen eta.