Suezeko kanala

Zein gutxi balio duen gizakiaren bizitzak, zein neurrigabekoa den gizakiaren handinahia!

Ever Given kargaontziak arazoak sortu ditu Suezeko kanalean: 400 metroko luzera duen ontzia ubidearen erdian zeharkatuta, ez atzera ez aurrera, eta ehunka itsasontzi zain kanalaren bi muturretan.

Munduko merkantzien  %90 itsasoaren bitartez mugitzen da munduaren bazter batetik bestera; horietariko %10ek gurutzatzen dute Suezeko kanala; egunero Itsas Gorriaren eta Mediterraneoaren artean mugitzen diren merkantzien balioa 8.000 milioikoa da. Urduritasuna, tentsioa, kargaontziek garraiatzen dituzten salgaien banaketa atzeratuko delako: petrolioaren prezioaren igoera, automobilgintzaren ardura...

Pandemiaren hasierako asteetan gertatu zen bezala, oraingoan ere agerian geratu da Europak Asiarekiko duen menpekotasuna. Munduko hamar portu handien artean bederatzi asiarrak dira. Ever Given ontziak zuen helmuga, Rotterdam portua hain zuzen, da hamargarrena.

Suezeko kanalaren lanak 1859. urtean hasi ziren, Ferdinand de Lesseps diplomatiko frantziarraren ekimenez, eta 1869. urtean inauguratu zuten. Egiptoko bazter guztietatik behartuak izandako milaka nekazari ari ziren lanean, pikotxez eta palaz hasierako urteetan, bertan asmatutako lehenengo makina hondeatzaileen bidez gero, 75 milioi metro kubiko harea mugituz. Lan baldintza gogorren artean eta gaixotasunez jota, 20.000 langile hil ziren hondaketa-lanetan datu ofizialen arabera, baina egindako estimazioek diote 125.000 izan zirela hildakoak. 163km luze den ubideak, Mediterraneoaren eta Itsas Gorriaren itsasertzeetan kokatuta dauden Suez eta Said hiriak lotzen ditu.

The Guardian egunkari britaniarrak agerian utzi duenez, aurten Qatar emirerrian ospatuko diren Munduko Futbol Txapelketak beharrezkoak diren azpiegiturak eraikitzeko –futbol estadioak, hotelak, komunikazioak– milaka etorkin ari dira lanean muturreko klima egoera larrietan eta lan baldintza penagarrietan. Goseak eta beharrak bultzatuta, Nepal, Sri Lanka, India, Pakistan, Filipinak, Bangladesh eta Kenya lurraldeetatik etorritako migratzaileak dira.

Nahiz eta Nazioarteko Amnistia edo Human Rights Watch erakundeek FIFAren aurrean beraien salaketak aurkeztu, lasai egon, ez da eta bertan behera geratuko txapelketa. The Guardian kazetak jakinarazi duenez, lanak 2010. urtean hasi zirenetik 2020ko bitarte horretan, 6.500 langile baino gehiago hil omen dira obretan. Hilak ez dira kontuan hartuko izugarrizko interesak daudelako tartean. Langileen baldintza penagarriak ez dira kontuan hartuko, futbol jokoarekin batera, beste joko interesgarriagoak daudelako tartean. Duela urte asko utzi ziola futbol profesionalak kirola izateari, industria bihurtu baita, negozioa, diru iturria. Ez da harritzekoa, aspaldidanik FIFAk beste edozein multinazional batek bezala funtzionatzen du eta.

Suezeko kanala edo Panama kanala orduan; egunero edaten dugun ura datorren Uribarri urtegiaren presa eraikitzeko lanak geroago; Qatar obrak orain: zein gutxi balio duen gizakiaren bizitzak, zein neurrigabekoa den gizakiaren handinahia!

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago