Politika ikuskizun bihurtua

Congreso.es

"Tele-zaborraz hitz egiten den bezala, politika-zaborraz ere hitz egin genezake kontrol saioak entzuten edo ikusten ditugunean."

Kongresuan asteazkenero egiten diren gobernuaren kontrolerako saioak alderdien eta politikoen maila penagarriaren adierazpena besterik ez da. Herritarren beharren inguruan -argindarraren salneurria, langabezia, osasunaren egoera, etxebizitzaren arazoa- eztabaidatu beharrean, tabernako liskarra bihurtu dira asteazkeneroko bilerak. Zein baino zein zakarrago, argumentuak baino irainak eta arrazoien ordez berba lodiak.

Ez dute politikariek neurria ematen. Egoerak eskatzen duen gutxiengo mailatik urrun, ikuskizun merkea bihurtu dute Parlamentua, telebista platoa, Salvame programaren parekoa. Tele-zaborraz hitz egiten den bezala, politika-zaborraz ere hitz egin genezake kontrol saioak entzuten edo ikusten ditugunean.

"Herritarren beharren inguruan eztabaidatu beharrean, tabernako liskarra bihurtu da politika."

Barcenasen paperen inguruan PP alderdiaren goi arduradun izandakoen aitortzak epaileen aurrean ikusteko eta entzuteko aukera izan dugu. Lekukoak egia esatera behartuta egon arren, defentsa estrategia bateratua erabiliz, inork ez omen zuen alderdiaren administratzaileak urteetan eraman zuen kontabilitate bikoitzaren berri izan, eta inork ez zuen eskudirutan ordainketarik jaso.

Baina deklarazio hauek sinesgarritasun gabekoak izanda ere, haserretu nauena guztion jarrera harroputza eta erronkaria izan da. Ongiaren eta gaizkiaren gainean baleude bezala, ukitu ezinak balira bezala. Beste mundu bateko biztanleak ei dira. Eta horri lotuta, epaimahaiko kideen permisibitatea. Berriz ere politikoak beharrean antzezleak; epaia beharrean ikuskizun nazkagarria.

Murtziako Parlamentuan gertatutakoa espektakulua gailurra izan da, gidoi arteko gurutzaketa, ikuskizun arbuiagarria. Eta Madrilen gertatutakoa. Edo Cantó antzezle profesionalaren lan bikaina. Ospe murritza zuen politikak eta erabat galdua du dagoeneko. Irizpide eta interes ezberdinen kudeaketa izan beharko lukeen artea, ikuskizuna bihurtu dute politikariek.

Duela pare bat urte Estatu Kontseiluaren lehendakariak zioen erakunde horrek ez duela potestas-ik baina bai, ordea, auctoritas-a; eta interesgarri iruditu zitzaidan bereizketa hori. Lehenengo ideiak boterea, indarra, erabakiak hartzeko eta betearazteko ahalmena adierazten dituu. Bigarrenak, aldiz, eskarmentua, jakintza, bizipena edota etika. Lehenengoak legea eta bortxa ditu lanabes, eredugarritasuna eta independentzia, bigarrenak. Lehenengoak behartu egiten duen bitartean, konbentzitu egiten du bigarrenak. Hotza, gogorra, gupida gabea bata; leuna eta goxoa bestea. Biak omen dira beharrezkoak herriaren gobernuan baina demokraziaren nolakotasuna neurtzerakoan auctoritas-ak izan beharko luke lehentasuna; beldurrean oinarritu beharrean, konbentzitzean, limurtzean legokeelako gakoa.

Zein da gaur egungo politikoen auctoritas maila? Ikusitakoa ikusita, nabaria da, askok, ez dut esango denek, ez dutela behar adinako mailarik ematen. Politika baino hobe lukete antzerkigintza.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago