Digitalizazioa

Arg: Unsplash

Atzean geratuko al da medikuaren gaixoarekiko konfiantzazko harremana, hurbiltasuna, gizatasuna?

Badirudi mundu digitalizatu baten bidean gaudela, digitala ez dena desagertzear doala, sarean ez dagoena ez duela izankizunik izango. Hasiak dira rankingak egiten, adierazle batzuen arabera (konektagarritasuna, zerbitzu digitalak, prestakuntza teknologikoa, internet erabilera...), ea zein den naziorik digitalizatuena, eta ea lehia honetan zein den aitzindari. Batzuetan Australia azalduko da, Luxenburgo besteetan, nazio batek urte betean hiru postu aurreratu duela jakinaraziko digu. Estonia omen da munduko naziorik aurreratuena administrazio publikoa erabat digitalizatu duelako: edozein izapide, pasaportea ateratzekoa izan edo enpresa bat sortzekoa, estoniar batek interneten bidez une batean egin dezake. Eta Europako Batzordeak pandemiaren ondorioen aurkako bidean jarri dituen Berreskuratze Funtsen lerro estrategikoen artean garrantzizkoenetako bat digitalizazioarena izan da, Funtsen %20a proiektu digitalak sustatzeko izan beharko dira eta. Digitalizatu edo hil (estatuak, enpresak, hiritarrak).

Pandemia agertatu aurretik, kutxa automatikoan kreditu-txartelarekin izan nuen arazoa konpontzeko asmoz, bankuaren bulegora joan behar izan nuen. Hilabete bukaeraren egun bat zen eta bulegoa jubilatuez gainezka zegoen. Adineko jendea zutik, pentsioa jaso zuten jakiteko asmoarekin zain, ordutegi mugatu batean kontsulta egiteko behartuak. Zenbat adinduk dute Internet eta gai dira ordenagailua edo mugikorra erabiltzeko? Bezeroek bulegoko leihatilan langile ezagunarekin zuten tratu hurbila, gizatiarra, galtzear doa, Arabako herri txikietan gertatzen ari den bezala: bulegoaren zerbitzu egunak murriztuko dituzte sei egunetik pare bat egunera lehenengo pausuan; itxi egingo dute gero bulegoa kutxa automatikoaren zerbitzua zabalik utziz; eta, azkenean, zerbitzu hori gabe geratuko da herria. Digitalizazioa, bankuen kostuen murrizketa politika, herritar xumeen bazterketa.

Duela pare bat urte Osakidetzaren mediku espezialistarengana joan behar izan nuen. Odol azterketa egin ondoren berriz bueltatu nintzen emaitzen berri jakiteko. Sendagilearen aurrean jarri nintzen agurtu ondoren berak ordenagailuari begira jarraitu zuen bitartean, hitz bat bera esan gabe. Ordenagailuari begira lauzpabost minutu pasa ondoren, ez nuela zertan bueltatu beharrik esan zidan beste inongo azalpenik eman gabe. Galdetu nionean odol azterketaren emaitzaz, ondo zegoela izan zen jaso nuen erantzun motza eta zorrotza. Ordenagailuari niri baino arreta handiagoa jarri zion sendagileak. Atzean geratuko al da medikuaren gaixoarekiko konfiantzazko harremana, hurbiltasuna, gizatasuna? Nolakoa izango da telemedikuntza pazientearen eta medikuaren arteko harreman zuzenik gabe? Handia eta zabala da medikuntzari digitalizazioak eta teknologiak egindako ekarpena. Baina ez goaz zuzen medikuaren eta gaixoaren arteko tratu zuzena galtzen bada.

Badirudi digitalizazioarekin batera giza harremanak murriztera doazela. Beste edozein aurrerapenekin gertatu den moduan, zaku berean doaz alde onak eta txarrak, onurak eta eragozpenak. Digitalizatuta dagoen mundu batean bizi gara, jakitun, bide hau hasi besterik ez dela egin. Dendariekin edo leihatila baten aurrean dagoen pertsonarekin izan dugun harreman zuzena galzorian dago. Ez zaigu digitalizazioarekin batera gizartearen gizatasun pitin bat joango?

Byung-Chul Han filosofo hegokorearrak dionez, "Komunitateari, halakoa den heinean, gorputz dimentsio bat datxekio. Digitalizazioak lotura komunitarioa ahultzen du, eragin deskorporatzailea duelako. Komunikazio digitala komunikazio deskorporizatua da".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago