Duela hilabete bat joan zitzaigula Jesus Fernandez Naves eta egun gutxi barru izango da Martxoaren 3aren 45. urteurrena. Lagun baten bidez ezagutu nuen Jesus duela hamabost bat urte, eta ordutik, izan zuen gaitzak utzi zion arte, aukera izan nuen bera eta bere lagunekin asteazkeneroko mendi irteerak partekatzeko. Ez dut orain bere bizi-ibilbide eredugarria aipatuko; bai, ordea, bere izaeraren deigarri gertatu zitzaizkidan ezaugarririk nabarmenenak.
"Beti jotzen zuen bere begirada kritikoa goiko klaseetara, beraien eskuetan boterea zutenengana"
Teoria eta praktika, hausnarketa eta ekintza uztartu zituen Jesusek bere bizitzan, era koherentean. Diletante baino militante, ez zuen gogoko gizarte indibidualista hau, ezberdintasunean oinarritua, solidarioa ez dena.
Boterearen aurrean tinko, behartsuenarekiko hurbil. Beherakoengana erruaren bila joan beharrean —"gure aukeren gainetik bizi izan dugu"—, beti jotzen zuen bere begirada kritikoa goiko klaseetara, beraien eskuetan boterea zutenengana.
Nortasun handiko gizona, erradikala, grinatsua, borrokalaria, asertiboa, konbentzimenduzko hizlari sutsua; bere indar guztia jarri zuen sinesten eta defendatzen zituen ideia eta jarrera humanisten, zaurgarrienen eta ahulenen alde.
"Nortasun handiko gizona, erradikala, grinatsua, borrokalaria, asertiboa, konbentzimenduzko hizlari sutsua"
Entzuten zekien pertsona, mintzatzaile argia, bere iritzia eman aurretik solaskideen iritzia errespetuz jasotzeko prest zegoen hizketakidea. Ez zuen gustuko funtsa gabeko berbaldiak, eta ondo baino hobeto zekien ironia fina erabiltzen. Bromazalea, trufaria eta umoretsua lagunekin.
Zintzoa, eskuzabala. Ez zion diruari inongo garrantzirik eman. Izateari edukitzeari baino garrantzi handiagoa eman zion Jesusek, eta gutxi behar zuen egun batzuk etxetik kanpo pasatzeko. Ez zen hoteletan ibiltzekoa, nahiago zuen etxea lagunekin partekatu edo aterpe batean gaua eman.
Neurriduna, zorrotza; kontsumismoaren aurkako jarrera erradikala mantendu zuen bere eguneroko bizitzan, eta gutxirekin bizitzeko gai izan zen. Buruzagia bere borondatearen kontra, liderra nahiz eta lider nahi ez izan; talde lanaren aldekoa, biltzarraren defenditzaile sutsua. Bere dohain pertsonalek eta koherentziak bihurtu zuten buruzagi.
"Buruzagia bere borondatearen kontra, liderra nahiz eta lider nahi ez izan. Bere dohain pertsonalek eta koherentziak bihurtu zuten buruzagi"
Bere lagunen lagun, hurbila eta sakona, jakin izan zuen adiskidetasuna landu Txusok, lagun sare zabala hedatu baitzuen pasatu eta bizi zen lekuetan. Itxura gogor baten atzean izaera sentibera ezkutatzen zen: behartsuen aurrean errukibera, umeen artean ume, lagunen lagun fidela.
Ez dira asko pasatzen duten lekuetatik hatza uzten duten gizakiak: horietako bat izan da Jesus Fernandez Naves.
San Frantzisko elizaren inguruan Apezpikuak, Euskal Gobernuak, Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak abian jarri berri duten ekimena ziur nago ez zuela gustuko izango Jesusek. Memoriala, norbaiten ekimena izatekotan, langileriarena izan beharko lukeelako.