Ikastetxe berri bat Gasteizen

Beharrak ez daude Clic ikastetxea kokatuta dagoen auzoan; bai, aldiz, Salburua eta Zabalgana auzoetan.

Estatu mailako hezkuntza sistemak XIX. mendean sortzen dira Europan, Frantziako Iraultzaren bultzadaz. Espainian, 1812. urteko Konstituzioaren IX. tituluan aipatzen da lehenengo aldiz hezkuntza Estatuaren eginbeharra dela. Bertan adierazten da Estatuari dagokiola hezkuntzaren antolamendua, finantziazioa eta kontrola, Espainiako hezkuntza sistemaren oinarriak finkatuz. 1857an, Moyano legearen bitartez, antolatuko da hezkuntza sistema.

Asko dira gurutzatzen diren eskubideak eta ezkutatzen diren interesak Estatuak hezkuntza eskumena jaso zuenetik: hezkuntza eskubide unibertsala, gurasoek beraien seme-alabentzako hezkuntza eredua eta ikastetxe mota aukeratzeko eskubidea, ikastetxeak sortzeko eta beraien idearioa bideratzeko erakunde pribatuen eskubidea, hezkuntza zerbitzu publikotzat jotzea nahiz eta ekimen pribatua izan, finantziazioa...

Europako estatuetan azken bi mende hauetan suertatu diren aldaketak eta bilakaerak izan dute bere eragina gaur egungo hezkuntza sistemek duten egituran eta antolamenduan. Batzuetan, Frantzia kasu, hezkuntza sistema oso zentralizatua da eta ikastetxe gehienak estatuarenak dira sare publiko indartsua eratuz. Besteetan, aldiz, Espainia eta Belgika dira adibide argienak, sare pribatua publikoa bezain indartsua da. Dena dela, Espainiako sare pribatuan bi motatako ikastetxe bereizi daitezke, kontzertuaren bidez finantziazio publikoa jasotzen dutenak eta inongo diru laguntza publikorik gabe funtzionatzen dutenak.

Gasteizko edozein ikastetxe publikoren aurretik ikasleak jolastokian daudenean pasatzen naizen bakoitzean, nabaria da haur eta nerabeen jatorri askotarikoa, ikastetxe publikoetan eskolatzen baitira etorkinak edo etorkinen familietako seme-alaba gehienak. Ikastetxe pribatuak, batzuk besteak baino gehiago, elitearen ikastetxeak dira: hezkuntza sistema elitismoa sustatzeko baliabide ahaltsuenetariko eta zaharrenetariko bat izan da betidanik.

Gero eta ume gutxiago jaiotzen diren garai hauetan, eta, beraz, gero eta eskola plaza gutxiago beharrezkoak izango direnean, ba al du zentzurik itunpeko ikastetxe berriak zabaltzea? Duela egun gutxi, Nclic ( Nuevas Claves Learning Investigation Center) Salesas komentuan duen itunpeko ikastetxea zabaldu nahi duen eraikin berria egiteko Udalaren beharrezko baimenaren inguruan eztabaida sortu da, eztabaida urbanistikoa. Hiri-antolamenduaren plan orokorrarekin aurkeztutako proiektua bat badator, baimena jasotzeko eskubide guztia izango du sustatzaileak. Eskola zabaltzeko eskubide osoa izango du ere eragileak Gobernuaren Hezkuntza Sailak ikastetxe bat zabaltzeko jartzen dituen baldintza guztiak betetzen baditu. Beste kontu bat da ikastetxe berri horrek itunpeko ikastetxea edo, besterik gabe, finantziazio publikorik gabeko ikastetxea izan beharko lukeen edo ez. Hau da, nire ustez, benetako eztabaidagaia.

Gaur egun Gasteizek ez du eskola plaza berririk behar sortu diren bi auzo berrietan ez bada, eta, beraz, ez litzateke zuzena izango diru publikoa gastatzea beste itunpeko ikastetxe berri batean, are gutxiago arazoak eta atzerapenak sortzen ari direnean Salburua eta Zabalgana auzoetan eraiki behar diren ikastetxe publikoetan. Bestalde, Nclic-en web orrialdera jo besterik ez dago sumatzeko elitezko ikastetxe berri baten aurrean gaudela.

Batetik, Salesas inguruan ez dira beharrezkoak sortu eta sortuko diren plaza berriak, eta, bestetik, ikastetxe berri hori indartzera dator elitearen aldeko ikastetxeen sarea. Hortaz, ez zen ulergarria Hezkuntza Sailaren jarrera NClic ikastetxe berria duela urte gutxi batzuk itunpeko ikastetxea bihurtu zuenean, eta are gutxiago izango da gauza bera egiten badu ikastetxe zabalkuntzarekin. Elite hezkuntza nahi duenak ordain dezala bere diru-zorrotik, ez diru publikoa erabiliz. Beharrak ez daude Clic ikastetxea kokatuta dagoen auzoan, bai, aldiz, Salburua eta Zabalgana auzoetan.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago