Testamentuak

Arg:Pixabay

Hasi gara hirugarren testamentu motaz hitz egiten, testamentu digitalaz hain zuzen

Informazio eta komunikazioaren aroan bizi gara, eta sarean ez dagoena beste garaikotzat jotzen dugu: Internet, Google, Microsoft, Watsapp, Instagran, Twitter, Facebook, Emaila... Eta eskaintzen dizkiguten zerbitzu guzti horiek doakoak omen dira, ezer ordaindu gabekoak. Ala ez? Inork ez du ezer ematen musutruk, are gutxiago enpresek.

Aipatutako enpresek eskeintzen dituzten zerbitzuetan sartzerik badugu, aurretik enpresei baimena eman diegulako da, jakin ahal dezaten non gauden, zer egiten dugun, norekin jartzen garen harremanetan, zeintzuk diren gure interesak... Orwellek aurrikusi zuen Anaia Handiaren aurrean gaude, erabat kontrolatuak. Nork du interesa hiritar arrunt eta ezezagunak besterik ez bagara? Enpresa handi hauen diru sarreren iturri nagusienetako bat publizitatea da, eta jasotzen duten informazioa ikaragarri hori Big Data teknologiaren bidez tratatu ondoren, jakiten dute zeintzuk diren hiritar horren ohiturak, gustuak, egiten dituen erosketak... publizitate pertsonalizatua diseinatzeko, norberaren interesei lotuago egon dadin. Hau harrigarria bada ere, ez dira datuok publizitatearen erabileran bakarrik geratzen; norberaren datu guzti horiek hil ondoren ere irauten dute.

Betikoa da testamentu klasikoa, notarioaren aurrean egiten dena, gure ondasuna nori uzten diogun erabakitzeko balioko duena eta hildakoaren ahaideen arteko liskarrak saihesteko asmatua izan zena, nahiz eta maiz familiak hausteko bihurtzen den dokumentua izan. Asmatu berria da bigarren testamentu mota: azken-nahiarena. Urte gehiago bizi gara sasoi onean eta medikuntzaren aurrerapenak lagungarri izan dira bizitzaren azken urteetako kalitatea hobetzeko. Baina ez gara mundu honetan betirako, eta, maiz, era artifizialean luzatzen da bizitza inongo esperantzarik gabe. Egunak, asteak, artifizialki bizitza luzatzeak zentzurik ez duela sinesten dutenek aukera dute, azken-nahiaren dokumentu baten bitartez, medikuari baimentzeko bizitza artifizialki luzatzeko tratamenduak erabili ez ditzan. Eta hasi da hirugarren testamentu motaz hitz egiten, testamentu digitalaz hain zuzen. Hiritarrari dagozkion datuak enpresen artxiboetan gordeta jarraitzen dutenez hil ondoren, interesatuak hil aurretik egin beharko lukeen dokumentua da testamentu digitala, zeinean informazio pertsonal guzti hori deuseztatzea eskatuko den erabilia izan ez dadin ez enpresen aldetik ezta familiaren partetik ere.

Eginak ditut nik lehenengo testamentu biak. Ez dut oraindik hirugarrena egin, eta ez dut oraingoz egiteko asmorik. Baina digitalizazio mundu honek daraman abiadura jakinda, nork daki urte gutxi barru ez dudan asmoa aldatuko!

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago