Ez naiz aurten Gasteizen egiten den Gabonetako Azoka ikustera joan, baina gogoan dut duela pare bat urte han ikusitakoak pentsatzeko eman zidan aukera. Urtero moduan, orduan ere gainezka zegoen Plaza Berria, eta nire harridurarako kapoiak eta indioilarrak zeuden postuen parean animalien bizitzaren aldeko pankarta handi baten atzean azaldu ziren hamar bat lagun, animalista elkarte baten kide zirenak. Inoiz ez nuen halakorik ikusi, eta gaiari heltzeko abagunea eman zidan.
Urte batzuk dira animalien aldeko elkarteak sortu zirela eta beraiekin batera animaliek pairatzen duten tratu txarraren aurkako ekintzak: zezenketak direla, ehizaren kontrako kanpainak, herriko jaietan animalien erabilera ankerraren aurkako protestak, abeltegietan animalien hazkuntzan egiten diren gehiegikeriak edo hiltegiek sortzen duten alferrikako sufrimenduaren kontrako manifestazioak.
Badira, zezen zaleen artean kasu, animaliek sufritzen ez dutela defenditzen dutenak eta abereak sentitzeko gai ez direla baieztatzen dutenek ere. Objektibotasunez defendagarri ez diren jokabideak besterik ez dira, interes ekonomikoak edo gainditutako tradizioak mantentzearen aldeko jarrera zaharkituak.
Aurreko hau izan liteke hasierako begirada, eta, gaia sakonago landuz gero, beste maila batera hel gaitezke. Ehiztaria izan zenetik da haragijale gizakia, aberearen eta arrainaren okela izan da gizakiaren proteinaren iturria. Barazki-jaleen eta beganoen iritziz barazkiek, lekaleek eta frutek eskeini diezazkigukete behar adina proteina gure beharrak asetzeko, animalien haragia alboan utziz. Ez dut nik daturik polemika honen inguruan, ez atzera ezta aurrera jotzeko ere. Zer diote nutrizionistek eta medikuek? Bestalde, badirudi gaur egungo animalien haragiaren kontsumoa gero eta handiago dela, eta abeltegiek erabiltzen duten pentsua ekoizteko sortzen den karbono dioxidoaren kopurua murriztuko litzatekeela animalia guzti horiek pentsuz ordez ekoizteko ereiten diren lurretan libre bazkatuko balute.
Badirudi hausnarkariek, behiek kasu, metano gasa isurtzen dutela beraien digestio prozesuan, eta gas hau ere kaltegarri suertatzen dela negutegi efektua indartzen omen duelako. Berotegi-efektuko gasen %14,5aren erantzule omen da abeltzaintza. Hau izan liteke bigarren mailako beste begirada bat. Espezieen eboluzioaren teoriara eramaten gaitu azkenak. Haragijaleak dira eboluzioaren goi mailako espezie asko, eta badirudi haragijaleak, gizakia barne, kokatzen direla maila horren posturik garaienetan. Milaka urteko bilakaerak ekarri gaitu egoera honetara: gizakia orojalea izatera, hain zuzen.
Aurreko bi begiradak eta gizateriak lortu duen ahalmen teknologikoa aurrean izanda, ez al da heldu ordua gizakiak pausuak emateko haragile izatetik barazkijale izatera? Ez litzateke aldaketa hau onuragarri izango CO2 isurketak gutxitu eta, aldi berean, animalien sufrimenduak saihesteko?
Elhuyar aldizkariaren 340 . aleak esaten duenaren arabera, "orain arte, industrian, garraioan eta elektrizitatearen ekoizpenean jarri da arreta, baina ez zaie kasu gehiegi egin elikadura-sistemak sortzen zituen igorpenei, ustez saihetsezinak zirelakoan gizadia elikatzeko. Ikertzaileek faltsutzat jo dute ikuspegi hori, eta hiru neurri proposatu dituzte: dieta aldatzea, nekazaritzaren eraginkortasuna handitzea eta elikagaiak alferrik ez galtzea". Jakin badakigu horrelako erabaki bat planteatzea ametsetan ibiltzea dela kontuan izanik aberegintzan, nekazaritzan edo janari-industrian dauden interesak, eta oso zaila dela jateko ohiturak eta kultura aldatzea, baina, utopia erara, ez da baztertzekoa animalistek Gabonetako Azokan oihukatzen zuten mezua.