Zuriz jantzi zaigu Araba urte berrian, azken neguetan gertatu ez dena, neguak ez dira eta duela urte batzuk ziren modukoak.
Burura datorkit aurreko urte batean, astegunean orduan, elurte sendoa izan genuela. Arazoak lanera joateko, eragozpenak garraioetan, oztopoak hirian mugitzeko, zailtasunak enpresetan, trabak eskoletan... Eta nola, handik egun gutxira azaldu ziren enpresarien ordezkariak esaten ekoizkinak jasotzeko atzerapenak sortu zirela edo langileak ez agertzeak enpresetan ondorioak izan zituela, kalkulu zehatza egin eta gero, aste zuri horretan ez dakit zenbateko diru galerak izan zituztela.
Kontuan hartu zituzten beraiei zegozkien diru galerak, ez, ordea, guztien onurarako elurrak ekonomikoki ekar zitzakeen alde onak: soroen ureztapena, urtegiak jasoko zuen ura, eguratsaren garbiketa. Atsotitzak dioaren arabera: Elurra bere aroan asegarri, handik kanpo gosegarri.
Baina badira dirutan neurtu ezin diren beste atal interesgarriak enpresarien begi motzek ikusten ez dituztenak. Ez al digu elurrak aukera ezin hobea ematen hiria beste ikuspegi batetik bagiratzeko? Edo hiritik at gure eguneroko paisaia, elurraren magiari esker, erabat eraldatua ikusteko? Zer esan haurren harriduraz betetako aurpegiez lehenengo aldiz elurra ikusten dutenean? Edo, nagusiagoak direnak eskolara joan beharrean elurraren erdian jolasean ibiltzeko duten parada hain dibertigarriaz? Ala, etxearen berotasunaren abaroan, leihotik bestalde, besterik egin gabe, elurra mara-mara goitik behera kontenplatzeko ikuskizun zoragarriaz?
Ai negozioa eta merkatariak, kapital eta kapitalistak, dirua eta dirudunak, begiak baino pare bat txanpon begizuloetan dituztenak! Halako egoeratan umea bihurtzen naiz ni, poeten sentsibilitatearen bekaizkeria sortzen da nire baitan, bizitza eta mundua beste begirada batez ikusteko bulkadaren beharra, egunerokotasuna eta ohikeria apurtzeko aukera hobezina.
Egia bada ere elurrak bere malutekin batera eragozpenak dakarzkigula, erakargarriagoak dira niretzat haurraren aurpegi harrituaren ezustea edo poetaren ikusmira, diru-zorrotik begirada kentzen ez dakiten diruzaleen jarrera baino. A! eta Gotzon Garateren atsotitzen bildumara berriz jo ondoren, honako honek badu ere bere mamia: "Zuri guztiak ez dira elurrak".