Immigrazioa

Bi arrazoi egoista eta beste bi justiziazkoak, benetako immigrazio politika europar baten alde.

Barne Ministerioak zabaldu dituen datuen arabera, 32.427 immigrante heldu dira Espainiara 2020. urtean, iaz baino %45 gehiago. Erabilitako txalupen kopurua %70 hazi da, 1.823 izan baitira heldu diren kayukoak. Kanarietara heldutakoen kopuruak izugarri jo du gorantz, 1.497 izatetik 2019. urtean, 16.760 izatera pasa da.

Denok izan dugu aukera ikusteko 2.500 bizilagun dituen Arguineguin arrantzale herriaren kaian ehunka lagun lurrean pilaturik. Gizakia gizakia denetik emigratzailea izan da. Milaka urtetan zehar nomada izan ostean, sedentario bihurtu zenean, gerrek, goseteek, pandemiek, desastre naturalek edo bizimodua hobetzearen ametsek lekua aldatzera behartu zuten, emigrante bihurtuta.

Immigrante europarrek kolonizatu zuten Amerika osoa Suaren Lurraldetik Alaskaraino, Afrika osoa, Australia... Eta europarrak izan ziren Ameriketara emigratu zutenak azken mendeetan. Ahaztu dugu gure arbasoen artean emigranteak ere baditugula, Espainiatik Amerikara edo Alemaniara joandakoren bat, edo Andaluziatik Euskal Herrira etorritakoa.

Globalizazioak ez die mugarik jartzen kapitalei, zerbitzuei edo salerosketei, baina bai, ordea, pertsonei. Gauzak libre diren bitartean, pertsonek mugak dituzte. Baina, ikusitakoak ikusita, bistan da ezin zaiola landari aterik jarri. Ezin dugu ekidin Siriako gerratik ihes egin duten milioika lagunen immigrazioa, ezin dugu saihestu Afrikatik bizimodu hobe baten bila Europarantz datozen milaka pertsona etortzea.

Europaren politika euste-politika bat besterik ez da, orain arte ez du immigrazio politikarik finkatu. Turkia, Libia edo Marokorekin dituen akordioak euste-horma besterik ez dira izan; Grezia, Italia eta Espainiaren lepoetan utzitakoa. Bi dira, ekonomiaren ikuspegitik, benetako politika baten aldeko arrazoiak. Immigranteek ez diete bertakoei lanposturik kentzen, alderantziz, bertakoek bete nahi ez dituzten lanpostuak dira immigranteek betetzen dituztenak. Zaintzan edo sasoikako lanetan kasu, eta, datuek diotenen arabera, jasotzen eta ematen dutenen arteko saldoa positiboa da. Beraz, karga baino, laguntza da eskaintzen digutena. Bestalde, proiekzio demografiko guztien arabera, ezinbestekoa izango zaigu langile kanpotarren laguntza zaharkitzen ari den gizarte europarrarentzat. Bi arrazoi hauek ekonomiak ematen dizkigunak dira, gure interesen aldekoak, egoistak azken finean.

Eta bi dira ere justiziaren ikuspegitik benetako inmigrazio politika baten alde lana egiteko arrazoiak. Batetik, Iparra eta Hegoaldearen arteko ezberdintasuna. Immigrazio politika batek ezin ditu Europara mugatu bere lerro estrategikoak, etorkinen fluxuak arautuz edo mugak kontrolatuz. Afrikako herrialdekin adostutako hezkuntza sustapena bultzatu beharko luke Europak eta herrialde afrikarren ekonomia lagundu, bi kontinenteen arteko ezberdintasuna gutxituko lukeen politika abian jarriz. Eta, bestetik, kolonialismo garaitik gaur egun arte enpresa europarrek joera harrapakarien bidez egin duten espoliazioaren justiziazko erreparazioa besterik ez litzateke izango benetako immigrazio politika bat. Egungo gure ongizatea afrikarren kaltetan eraikia izan baita.

Bi arrazoi egoista, eta beste bi justiziazkoak benetako immigrazio politika europar baten alde. Lau arrazoi alderdi xenofoboen teorien aurka.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago