Denboraren iheskortasuna

Errutinek gogorarazten digute bizitzaren iheskortasuna, denboraren igarokortasuna

Mikrouhin-labean esne katilua berotzeko sartu ondorengo bi minutuek irauten dutena zain egotea amaigabe bihurtzen zaigu; bi ordu irauten duen pelikula interesgarria, berriz, lipartxo bat. Medikuaren kontsultan itxaroten ematen dugun astia jasan ezinezko eternitatea; lagunekin gustura emandako arratsalde osoa, momentu bat.

Erlojuak markatzen duena ez dator bat hautematen dugunarekin. Subjektiboa edo objektiboa, absolutua edo erlatiboa da denbora? Filosofiaren aztergai, greziar klasikoen garaietatik, Kantek sakonean aztertu zuena. Fisikaren oinarrizko magnitudea da denbora, absolutua Newton handiarentzat, erlatiboa Einsteinek asmatutako erlatibitatearen teorian. Roger Penrosek ere, 2020. urteko Fisika Nobel Sariaren irabazleak, Denboraren zikloak liburuan egin ditu bere ekarpenak. Buru pribilegiatu gutxiren esku dauden teoria fisiko-matematiko konplexuak. Bizitza aurrera joan ahala jabetzen gara gure denbora gero eta arinago joaten zaigula.

Bizitza aurrera joan ahala jabetzen gara gure denbora gero eta arinago joaten zaigula

Txikitan astiro joan zitzaigun denbora, askoz arinago lan garaian, eta ziztu bizian erretiroan. Itxuraz, bizitzaren azken txanpan, denboraren fluxuaren abiaduraren pertzepzioa bizitzaren amaieraren hurbiltasunarekin lotua omen dago, urrun ikusten da-eta heriotza gaztaroan. Tempus fugit zioen Virgiliok. Eta errutinek gogorarazten digute bizitzaren iheskortasuna, denboraren igarokortasuna.

Gauero pertsianak jaistera joaten garenean, eguna ia konturatu gabe joan zaigula pentsatuko dugu, eta oheratzerakoan egunean zehar egindakoari errepasoa egin ondoren jabetuko gara denboraren iraungikortasunaz. Beste egun bat atzean eta beste egun bat gutxiago aurretik. Igandero oheko izarak aldatzean gogora datorkizun pentsamendua beste aste bat joan dela izango da, eta aurreko igandean lagunekin izandako bazkaria atzo gertatu izan balitz duzun sentsazioarekin astinduko dituzu maindireak. Asteazkeneroko mendi lagunekin irteera prestatzeko zaudenean aurreko asteartean, astea beharrean egun bat besterik igaro ez den sentsazioa duzu. Hilaren azken egunean sukaldean eskegita duzun egutegiaren orria eguneratzera zoazenean, amaitzear dagoen hilaren orrian azaltzen den argazkiari begirada bota ondoren, atzo izan zela aurreko hilean egin zenuen lan bera irudikatuko zaizu.

Gabonak gainean, urte osoa joan zaigula konturatu gabe esango diogu gure buruari abenduaren hasieran. Eta, egia da, bai, urtea konturatu gabe joan zaigula. Beste urtebete bat lepoan eta beste bat gutxiago aurrean. Edo urteroko urtebetetze egunaren gazi-gezaren sentimendua: denbora eskutik alde egiten zaigun egiaztapena; oroitzapenen meta handitzen den neurrian gero eta murritzagoak izango direla etorkizunak eskainiko dizkigun bizitzeko aukerak. Aurrera begira baino, atzera begiratzeko tentaldia; proiektuak baino, oroipenak. Carpe diem zioen Horazio poeta erromatarrak. "Denbora urrezkoa da" esango du bizitza dirua egiteko dela uste duenak. "Bizi dezagun bi egun besterik ez dira eta", beste batek. Eta erlojuak orduro jotzen duen bakoitzean airean zabaltzen duen zoritxarreko mezua: denek zauritzen dute, azkenak hil egiten du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago