Eskuarki, adimenaz hitz egiten denean, oroimenaz eta problemak ebazteko dugun ahalmenaz ari da hitz egiten. Eskola ere erredukzionismo honetan erori da maiz, gaitasun intelektualei eman dielako lehentasuna, emozioen eremua baztertuz. Behin baino gehiagotan ezagutu ditugu pertsona argiak, espediente akademiko distiratsuekin hornituak, porrot egin dutela lan munduan edo eguneroko bizitzan, giza harremanetarako gaitasunik izan ez dutelako.
Lan munduan emozioek jokatzen duten zeregina aztertu nahian, XX. azken hamarkadetan hasi ziren bultzatzen hainbat ikerketa psikologia aplikatuaren arloan. 1983 urtean, Howard Gardner egileak , “Adimen anizkoitzak” liburuan esan zuenez, adimen-kozienteak ez ditu kontuan hartzen adimen interpertsonala - beste pertsonen intentzio, motibazio eta desioak aditzeko ahalmena- ezta adimen intrapertsonala ere - norberak bere burua ulertzeko, norberaren sentimenduak, beldurrak eta motibazioak aintzat hartzeko gaitasuna-. Baina Daniel Golemanek argitaratu zuen “Adimen emozionala” liburuari zor zaio gaur egun adimen emozionalak duen sona eta gaurkotasuna.
"Nolabait, bi burmuin ditugu eta bi adimen mota ezberdin: adimen arrazionala eta adimen emozionala".
Burmuinaren alderik jatorrizkoena enbor entzefalikoa da eta bizitzarako diren oinarrizko funtzioak erregulatzen ditu, nola arnasketa hala metabolismoa, eta enbor hori nerbio-sistema duten espezie guztiekin partekatzen dugu gizakiok nahiz eta nerbio-sistema oso oinarrizkoa izan hainbat izaki bizidunetan. Jatorrizko garun honetatik, eboluzioaren eraginez, sortu ziren gune emozionalak; zeintzuk, milioika urte beranduago, gaur egungo burmuina pentsatzaileari bidea emango zioten. Hau da neokortex hitzarekin deitzen dugun eremua. Burmuina emozionala pentsatzailearena baino askoz lehenagokoa izateak, eta azken hau bestearengandik sortua izateak, argi azaltzen omen du pentsamenduaren eta sentimenduaren artean dauden benetako loturak.
Arrazoiaren erabilerarako garrantzi handikoak dira emozioak. Gure erabakiak sentitzearen eta pentsatzearen artean gidatzen dituzte emozioek, buru arrazionalekin batera lanean, pentsamendu bera gauzatu eginez- edo gauzatu ez eginez- . Era berean, oinarrizko zeregina jokatzen du gure emozioetan garun pentsatzaileak, salbu eta emozioek gainezka egiten duten momentuetan, burmuina emozionalak egoeraren erabateko kontrola hartzen baitu horrelako kasuetan. Nolabait, bi burmuin ditugu eta adimen bi mota ezberdin: adimen arrazionala eta adimen emozionala, eta gure bizi-funtzionamendua biek ala biek mugatzen dute.
Hona hemen, Goleman egilearen iritziz, adimen emozionalaren bi eremuak:
- Adimen intrapertsonala: norberaren eredu errealista eta zehatza eratzeko gaitasuna, norberaren sentimenduei sarrera emanez eta portaeraren gida moduan erabiliz.
- Adimen interpertsonala: besteak konprenitzeko gaitasuna: zer da motibatzen dituena, nola ari diren, harremanak era egokian nola gauzatu; besteen aldartea, izaera eta emozioa antzemateko eta erreakzionatzeko gaitasuna; besteek nola sentitzen eta pentsatzen dutena ulertzeko, eta enpatia izateko gaitasuna.
Kontsentsua utopiari uko egitea zela zioen Gabriel Celaya poetak. Zorionerako edo zoritxarrerako, adostasuna eskatzen du gaur egungo politikak, eta, beraz, adimen emozionala. Pandemiaren kudeaketaren inguruan Espainiaren eta Madrileko gobernuen artean sortutako gatazkak leku gutxi utzi dio adimen interpertsonalari: norberaren iritziaren egoskorkeria bestearen argumentuen aurrean, enpatiarik ez, bestea konprenitzeko gaitasunik eza.
Maiz suertatu denaren arabera, bitxia da egiaztatzea beste behin, pertsonentzako onuragarri gerta zitekeena, adimen emozionalaren garrantzia kasu honetan, ez dela aurkitu pertsonen hobekuntza helburutzat hartuta, baizik eta enpresen kudeaketaren hobekuntzaren mesedetan. Beraz, berriro,ekonomiaren interesak gizakien ongizatearen interesen aurretik , enpresaren etekinak abiapuntutzat hartuz eta langileen ongizatea beste edozein moduko azpiproduktua bihurtuz.