Madrilen Kongresuko Hezkuntza Batzordea osatzen duten parlamentariek Gobernuak aurkeztu duen hezkuntza lege berriaren zirriborroa eztabaidan dihardute, eta duela egun batzuk jakin dugu ERC eta Bildu botoei esker, gaztelania ez dela irakats hizkuntza bakarra izango. Berehala atera dira PP, Vox eta Ciudadanos alderdiak akordio horren aurka Auzitegi Konstituzionalera joko dutela mehatxatuz.
Ikustear dago lege berriaren proiektua, Celaaren proposamena, batzordetik pasa ondoren onartuko duen Kongresuak. Eta onartua bada, eta indarrean jarrita, zein izango den iraupena. UCD, PP eta PSOE izan dira 1978ko Konstituzioa onartu zenetik Espainia gobernatu duten alderdi politikoak. Ordura arte 1970 urteko Hezkuntza Lege Orokorra zen indarrean zegoena. Geroztik hauek dira bata bestearen atzetik argitaratu diren legeak, gaur egun indarrean batzuk, indargabetuak edo aldatuak besteak: 1980 LOECE; 1985 LODE; 1990 LOGSE; 1995 LOPEG; 2002 LOCFP; 2002 LOCE; 2006 LOE; 2013 LOMCE. Sozialistek egindako legeak PPk indargabetu ditu eta PPk onartu dituenak PSOEk bota ditu atzera.
Zeintzuk dira orain arte gehiengoa izan duten bi alderdi hauen arteko aldeak horrelako jarrera eta joera justifika ezina azal ditzakeenak? Nola eduki liteke hezkuntza sistema oso bat horrelako egoeran, ia urteroko aldaketekin, ezegonkor, irakasleriak eta gurasoek nondik nora jo jakin gabe? Agerian da desadostasun sakonak daudela bata eta bestearen arteko hezkuntzaz duten begiradan, filosofian.
Bizi dugun garaia izugarrizko aldaketa sakonak pairatzen ari da, eta fenomeno honek duen eraginkortasuna ziztu bizian zabaltzen da mundu osoan. Adibide batzuk jartzearren, aipa ditzakegu: ezagutzaren zaharkitzea, internetek sortutako sareak, globalizazioa, gero eta arrakala zabalagoa aberastasunaren banaketan, inmigrazioa... Nola eguneratu eta egokitu Hezkuntza sistema nazional astunak eta geldoak egoera aldakor eta berri honetara? Zeintzuk izan beharko lirateke oinarriak, zutabeak, abiapuntuak eguneratze eta egokitze hori bideratzeko? Hona hemen lehenengo eta hasierako galdera. Ezinezkoa da Hezkuntza sistema bat eraikitzea galdera horri erantzun zuzena eman aurretik. Eta erantzuna erabat lotua dago norberaren mundu-ikuskerarekin, gizakiaren inguruan duen ikuspuntuarekin, gizarteaz duen ikuspegiarekin, defenditzen duen sistema sozioekonomikoarekin... hau da, norberaren filosofiaz eta hezkuntza filosofiaz. Asko sinplifikatuz gero, bi muturreko hezkuntza filosofiak definitu ditzakegu, utilitarista bata, humanista bigarrena.
Lehenengoaren defendatzaileek aitortzen dute sistema ekonomikoaren zerbitzuan jarri behar dela Hezkuntza, eta beraiek dira behin eta berriz lelo bera kaleratzen dutenak, hau da, ikasleak formazioa amaitzen dutenean ez daudela prestatuta gaur egun beharrezkoak diren lanpostuak betetzeko. Humanistek duten begirada eta ikuspuntua, aldiz, zabalagoa da, eta pertsonaren garapen integrala dute jomuga. Aitortu behar da Hezkuntza eta Kulturarako Nazioarteko Erakundeak (HKNE) ( Ikus: "Izaten ikasi" 1972ko Faure txostena; "Hezkuntzak altxor bat gordetzen du" 1996ko Delors txostena; eta, azkena, "Hezkuntza birplanteatu" 2016 urteko txostena), edo PSOEk 1990. urtean onartu zuen LOGSE legeak bigarren joera defenditzen dutela, eta, ordea, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (ELGE) edo PPk 2002. urtean onartu zuen LOCE legeak, lehenengoa. Kontuz orduan PISA frogen emaitzei ematen zaien garrantziarekin, ea ez garen arituko ELGE erakundeari mundu osorako preskritore bakarraren rola ematen, erakunde hori PISA frogen antolatzailea da eta.
Non koka genitzake PSOE eta PP alderdien arteko alde sakonak, batak onartzen duen legea besteak bertan behera uztera eramaten dituenak? Lau aipatuko nituzke nik: hezkuntza publikoa/hezkuntza pribatua; hezkuntza laikoa/hezkuntza konfesionala; curriculum integratzailea/curriculum baztertzailea; autonomia-erkidegoen eskumenak curriculumaren diseinuan/ estatuko gobernuaren eskumenak. Badirudi alde sakon hauek ez direla gutxitzen, eta, beraz, alderdien arteko gutxiengo akordio batera heltzeko gai ez badira, kondenatuta gaudela, berriz, ezkerrak onartuko duen legea eskuinak bertan behera uztera, edo, nahi bada, eskuinak onartzen duena ezkerrak atzera botatzera.
Beste baterako utziko ditut lau alde horien nondik norakoak