Arabako ehiza larriko uxaldien denboraldian gaude!

Oderiaga (1244 m), Gorbeiako mendigunean. / MENDIKAT.eus

"Mendira atera aurretik jo ezazu Foru Aldundiaren webgunera, Arabako mendiak ehiztarien lurraldeak dira eta. Nekazarien, abeltzainen, baso jabeen, ehiztarien, ekologisten eta... mendizaleen interes kontrajarriak!".

Duela 70.000 urte gertatu zen gizakiaren garrantzi handiko jauzi ebolutiboa: iraultza kognitiboarena hain zuzen. 60.000 urtetan gizon-emakumeak gizarte ehiztari/biltzaile batean bizi izan ziren, duela 10.000 urte nekazaritzaren eta abeltzaintzaren iraultza abian jarri zen arte. Iraultza industriala gaztea da, 200 urte besterik ez ditu bete eta. Beraz, nomada izan da gizakiaren bizitzaren arorik luzeena.

"Nomadismotik sedentarismora trantsizioak jabetza pribatua ekarri zuen, eta jabetza pribatuarekin batera, basogintzaren, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arteko liskarrak"

Nomadismotik sedentarismora trantsizioak jabetza pribatua ekarri zuen, eta jabetza pribatuarekin batera, basogintzaren, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arteko liskarrak. Gero eta lur gehiago lantzeko nekazariaren nahia ez zetorren bat ganaduzalearen interesekin, eta basoak ziren lurrak larreak bihurtzeko ganaduzaleen asmoen aurka jarriko zen basoen jabea.

Ez dira antzinako kontuak horiek. Amazoniara jo besterik ez dugu egin behar oraingo iskanbilek orduko modukoak izaten jarraitzen dutela ikusteko. Lurra mugatua denez gero, interes kontrakoek gatazkak sortu dituzte hiru ogibideen artean, edo, beste modu batean esanda, soroen, ganadutegien eta basoen artean.

Gasteizko aldiriko auzoetan basurdeak ikusi dira; Gorbeia aldeko herrietako ortu eta zelaietara jaisten dira oreinak; hartzak artaldeak oldartzen ditu Nafarroako Pirinioetan; Burgoseko mugan dauden Arabako herriko artzainak arduratuta daude artaldeetan otsoak egiten duen triskantzaz. Interes kontraesankorrak agerian berriz, eta polemika abeltzainen, ehiztarien eta ekologisten artean.

"Interes kontraesankorrak agerian berriz, eta polemika abeltzainen, ehiztarien eta ekologisten artean"

Bat baino gehiagori eta behin baino gehiagotan gertatu zaigu iraila eta martxoa arteko asteburuetan mendira atera, eta planifikatutako irteera bertan behera utzi behar izatea, egun eta inguru horretan ehiza larriko uxaldia antolatuta zegoelako. Ez zen kontua tiro hotsen eta txakurren artean ibiltzea, eta are gutxiago ehiztari despistatu baten jomuga bihurtzea.

Halako egun batean, etxean bueltan, Arabako Foru Aldundiaren Nekazaritza Saileko web orrira jo nuen, eta, nire harridurarako, aukera izan nuen baieztatzeko Araba osoko mendietan dozenaka uxaldi baimenduta zeudela. Kuriositatez, berriz jo dut webgunera, eta, adibidez, 2020ko urriaren azken astean berrogeita hamabi izan dira baimendutako uxaldiak. Beraz, oreina, basurdea edo orkatza bihurtu nahi ez baduzu, irakurle, udazkenaren eta neguaren aste bukaeretan mendira atera aurretik jo ezazu Foru Aldundiaren webgunera, Arabako mendiak ehiztarien lurraldeak dira eta.

"2020ko urriaren azken astean 52 izan dira baimendutako uxaldiak"

Duela hilabete bat, beste lagun batekin batera Oderiaga eta Usategi mendien ingurutik ibili ginen, eta, bigarren mendiaren gainetik behera ari ginenean, Arlobi Menhirrera heldu baino lehentxoago, mendiaren magalean sakabanatua zegoen artalde batekin topo egin genuen. Ardirik besterik ez zegoela ustean, artaldera hurbiltzen ari ginelarik, txakurtzar gorri baten zaunkak hasi ginen entzuten; urruntxo hasieran, eta gero eta hurbilago, txakurra guregana hasi zelako etortzen.

Bidea utzi eta sakanaren aldera jo genuen artaldea ezker aldean utzita, baina, hara non, artaldea zegoen beheko aldetik azaldu zitzaigun beste txakurtzar bat, zuria oraingoan, zaunkaka eta guregana hurbiltzen. Berriz behartu gintuen txakurrak beherantz jotzera, eta, aldendu ondoren, txakurraren zaunkak atzean laga arte, hasi ginen galdutako garaiera irabazten menhirrerantz.

Nekazarien, abeltzaintzen, baso jabeen, ehiztarien, ekologisten eta... mendizaleen interes kontrajarriak!

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago