Badira egun batzuk Gorbeia inguruko bide bazterrak kotxez beteta ikusten ari naizela: perretxiko garaia heldu den seinale. Ez du euririk egin irailean, eta urriko eguraldi euritsuek eta epelek ekarri dituzte perretxikoak.
Handia da perretxiko zaletasuna Euskal Herrian. Botak jantzi, makila eta saskia hartu, eta basora. Ehunka lagun Arabako mendietan, Bizkaitik eta Gipuzkoatik etorritakoak asko, pagadiak, pinudiak eta hariztiak zapaltzeko prest, gibelurdinen edo onddo-beltzen bila aritzeko. Araban "perretxikoa" deitzen diogun espeziea, San Prudentzio eguna ospatzeko janari berezkoa, ziza deitzen diote Gipuzkoan edo Bizkaian, eta, Arabako setak Gipuzkoako eta Bizkaiko perretxikoak dira. Hala ere, mikologo batentzat denak dira fungi erreinuaren izakiak, eta, beraz, lizunak, legamiak eta perretxikoak onddoak dira.
Ezagunak dira perretxikoen onura gastronomikoak zein nutrizionalak: Ca, K, P, Mg, Zn eta Cu mineralen iturri, B2, B3 eta B9 bitaminen hornitzaile emankorrak, zapore berezien emaileak.
Mikroskopioa asmatu zen arte, XVIII. mendean, ikusten ziren onddoak ezagutzen ziren bakarrik, eta gaur egun 1,5 miloi espezie ezberdin daudela uste da. Badu, bada, mikologiak non landu.
Hiru taldetan sailka genitzake perretxikozaleak: gastronomoak, artistak eta mikologoak. Perretxikozale gastronomoen helburua ahalik eta ale jangarri gehien biltzea da. Beraien kode taxonomikoa nahiko sinplea da, bi espezietan banatzen baitira perretxikoak: jatekoak direnak eta jateko gai ez direnak. Lehenengo kasuan egiten diren berezitasunak kalitatearekin dute lotura: onddo beltza edo gibelurdina kategoria handiko perretxikoak omen dira, eta, ordea, esnegorria ez horrenbestekoa. GPS gailua gero eta gehiago erabiliko dute gastronomoek aleak bildu dituzten lekuen koordenadak gordetzeko, hurrengo urtean, ahalegin handirik egin gabe, markatutako lekuetara zuzenean joateko. Prest daude ehunka kilometro kotxez egiteko, Soria aldera izan edo Galiziara, perretxikoz betetako otarrak ekartzeko bueltan, eta edonori harrotasunez erakutsiko diote lortutako uzta. Harrapakariak dira maiz, eta, horrelakoetan, ez dute naturarekiko errespetuz jokatzen. Liburuetara jotzekotan, perretxikoekin egindako errezeten bila joateko izango da, eta soziedadean bilduko dira lagunartean jasotako uzta dastatzeko. Perretxikoekin osatutako pintxo txapelketak antolatzea gustuko dute eta, tabernaz taberna ibiliko dira zein izan den pintxorik onena eztabaidan.
Artista beste begirada batekin doa basora. Boletus edulis onddo batekin topo egiten badu, ez dio biltzeari uko egingo, baina, jaso aurretik, aurrean duen izakiaren edertasunaz disfrutatuko du eta argazkiren bat aterako dio onddoa saskiratu aurretik. Basoaren koloreez gozatu, orbelaren gainetik ibiltzean jotzen duen musika entzun, isiltasunaren soinua hauteman, errekatxoaren marmara lasaigarria: inguru misteriotsuaren xarmak erakartzen du artista perretxikozalea. Argazki kamara izango da erabiliko duen labanarik preziatuena, eta ordu batzuk gora eta behera egin ondoren, nahiz eta otarra erdi huts ekarri bueltan, gustura egongo da jasotako perretxikoen uzta eskasarekin eta are gusturago ateratako argazkiekin. Etxean dastatuko ditu bildutako perretxikoak, baina denbora gehiago emango dio ateratako argazkien sailkapenari, material horrekin, beste lagun argazkilariekin batera, erakusketa bat antolatzeko proiektuari; edo, besterik gabe, basoan sentitutako zirrara ordenagailuaren aurrean beste behin sentitzeari.
Asko dira Euskal Herrian elkarte mikologikoak, eta asko ere onddoen erreinuak erakartzen dituen perretxikozaleak. Urritxa ale baten aurrean jaki preziatu baten aurrean gaudela esango du gastronomoak; izaki ederra eta misteriotsua ikusiko du artista perretxikozaleak; Russula cyanoxantha espeziaren adibide bat dela esango du mikologoak. Otarrarekin batera lupa bat eramango du mikologoak, alea jaso aurretik errotuta dagoen lurra aztertuko du, zein arbolapean agertu den ikusiko du, mendiaren magala hegoaldera edo iparaldera begira dagoen baieztatuko du, hezetasunaren maila neurtuko du. Datu guztiak jasoko ditu mikologoak eta kide den elkartera eramango ditu sakonago aztertzeko. Bibliotekara joko du zalantzak kontsultatzeko, eta kideekin hitz egingo du onddoen erreinuaren taxonomia konplexuan jasotako aleen kokapen zehatza jakiteko. Urtero parte hartuko du bere elkarte mikologikoak antolatzen duen erakusketan eta, astean behin, elkartearen egoitzara hurbiltzen diren zaleen zalantzak argitzeko egiten diren saioetara joango da.
Gastronomoa, artista, mikologoa. Ez da esan beharrik tipologia hau tipologia besterik ez dela, GPS, argazki kamara edo mikroskopioaren bitartez tipifikatua eta, nahi bada, karikaturizatua. Beraz, honek ez du esan nahi gastronomoak ez duela onddoen edertasuna aintzat hartzen, edo perretxikozale artista ez dela taxonomiaz arduratzen, edo mikologoak onddo beltza dastatuko ez duenik. Kontua da begirada, non jartzen den lehentasuna, zein den helburu nagusia, zein basora hurbiltzeko jarrera eta joera. Zaletasunaren gainetik, kultura bat da atzean dagoena, perretxikoen inguruan sortutako kultura.