Ziurgabetasun garaiak

Irudia: PIXABAY

"Zerbait agerian utzi badigu pandemia honek, mundua erabat interkonektatuta dagoela izan da".

Zerbait agerian utzi badigu pandemia honek, mundua erabat interkonektatuta dagoela izan da, hainbat arazo klimaren aldaketa, pandemiaren kudeaketa, ekonomia, inmigrazioa, ezberdintasuna arazo globalak direla, elkarrekin lotuak, eta, beraz, ikusmira sistemikoa eskatzen dutela. Eta ziurgabetasun iturri bihurtu direla.

Ez dakigu noiz lortuko den pandemiaren kontrolpean izatea; bigarren olatuaren atzetik zenbat olatu berri sortuko diren; gaixotasunaren aurkako tratamendu eraginkorrik lortuko den ala ez; ikertzen ari diren txertoen eraginkortasuna eta iraunkortasuna; gripearen antzera, sasoiko gaixotasuna bihurtuko den ala, aldiz, gaixotasun arrunta izango den. Bitartean, milioika lagun kutsatuta, hildakoen kopuruak milioiaren muga gainditua, munduko ekonomia gainbeheran... Ziurgabetasuna.

"Pandemiaren bilakaera da, dudarik gabe, gaur egun ziurgabetasun iturririk larriena, baina ez bakarra"

Nire ariketatxoa egin dut pandemiaren kudeaketaren inguruan. Hiru binomio kontuan hartu ditut: segurtasuna-askatasuna, osasuna-ekonomia eta zientzia-politika; eta hamar puntu banatu ditut binomioen artean. Adibidez, Espainiaren kasuan, segurtasunari eman zaion lehentasunak 6 puntu jasoko lituzkeeta askatasunak 4; osasunak 6 eta ekonomiak 4; zientziak 7 eta politikak 3. Guztira, segurtasuna + osasuna + zientzia hirukotearen puntuazioa 19 izango litzateke, eta askatasuna + ekonomia + politika hirukotearena 11.

Gauza bera egin dut Txinaren kudeaketarekin eta hona hemen emaitzak: 8/2, 8/2, 8/2; 24 puntu lehenengo hirukoteak eta 6 bigarrenak. Ariketa bera errepikatu dut Ameriketako Estatu Batuek egin duten kudeaketaz, eta emaitzak honakoak dira: 3/7, 4/6, 3/7; 10 puntu lehenengo hirukoteak eta 20 bigarrenak. Sinpletasuna, sinplekeria agian, baina hiru estatuen pandemiaren egoerak bat dator zenbakiekin.

Pandemiaren bilakaera da, dudarik gabe, gaur egun ziurgabetasun iturririk larriena, baina ez bakarra. Munduko orden geopolitiko berria eraikitzeko Ameriketako Estatu Batuen eta Txinaren arteko gerra ezkutuak batez ere Trump pertsonai xelebrea tartean dagoenean ez du inongo baretasunik ematen. Munduko lehen potentzia izateko bidean dago Txina, eta ez daude prest AEBek duten pribilegiozko postua galtzeko. Ez dirudi lasaituko direnik izan diren bi erraldoi hauen arteko tentsioak merkataritzaren arloan, Huawei kasua edo 5G teknologia. Eta gainean dira AEBetan hauteskundeak. Ziurgabetasuna.

"Munduko orden geopolitiko berria eraikitzeko AEBen eta Txinaren arteko gerra ezkutuak ez du inongo baretasunik ematen"

Europako Batasunak pandemiak sortu duen krisialdiaren aurrean azaldu duen jarrerak ez du zerikusirik 2008. urtean hartutakoarekin. Mahai gainean jarri dituen diru laguntzak, batetik; defizita malgutasunez erabiltzeko Batzordeak estatuei eman dien aukera, bestetik; eta, azkenean, Europako Bankuak inflazioa %2tik harago jotzeko azaldu duen borondatea, bide onetik doazen neurriak dira adituen iritziz.

Beste kontu bat da estatuen zorra publikoaren gorakada ordaindu beharko dela, eta jakin behar oraingo malgutasuna ez ote den estutasuna bihurtuko datozen urteetan. Bestalde, urte amaierarako gauzatzear dago Brexit operazioaren azken akordioa, eta badirudi Erresuma Batua prest dagoela irteera gogorraren bidetik jotzeko. Azkenik, ez dio Europak migrazioen arazo larriari erantzun zuzenik eman. Ziurgabetasuna.

"Pandemiak agerian utzi ditu arrailak eta pitzadurak 'ezin hobeak' ziren osasun, zaintza eta hezkuntza sistemetan"

Nahasia, lokaztuta dago egoera Espainian. Eskuinak uste du berak bakarrik duela Espainia gobernatzeko eskubidea, eta, hauteskundeak irabazi edo galdu, berari dagokiola boterea. Penagarria Parlamentuak ematen duen ikuskizuna, monarkiaren inguruko arazoak premiazko arazoak balira, pandemia eta krisialdi ekonomikoa gainean dugunean. Aurrekontuen onarpena, Torraren gaitasungabetzearen ondorioak Katalunian, pandemiaren kudeaketa, ekonomiaren erorialdia... Ziurgabetasuna.

Eta hemen ere, gu artean, baditugu kezkatzeko motiboak. Egia bada Euskadin zein Nafarroan gobernuen egonkortasuna bermatua dagoela, egia da ere pandemiak agerian utzi dituela arrailak eta pitzadurak "ezin hobeak" ziren osasun, zaintza eta hezkuntza sistemetan. Ez gara, inondik ere, onenak. Badugu non hobetu eta non indartu sistema publikoa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago