Pandemiaren bigarren olatua

Arg: Pixabay

Ikusten al dira pandemiaren lehenengo eta bigarren olatuen arteko aldeak?

Ondoren doazen lerroak konfinamenduaren garaian idatzitakoak dira. Pentsatzen zena baino lehenago sartuak gaude pandemiaren bigarren olatuan, eta, nago, orduan idatzitakoa baliogarria dela gaur egun bizi dugun egoeran.

"Martxelo Otamendik dioenez, beste behin ikusi dugu sute handiak txikiagoak direla urrutitik ikusitakoan eta, aitzitik, su txikiak handiak diruditela gertu dauzkagunean. Gertukoa, hurbilekoa da erasaten gaituena, zuzenean ukitzen gaituena, bertan ikusten duguna.

Mediterraneoan itotzen diren etorkinak urrun geratzen zaizkigu, ez gaituzte hunkitzen, ez ditugu geure taldekotzat hartzen. Txinako hiri ezezagun batean gaixotasun bitxi baten berriak ez gintuen arduratu, oso urrun zegoen Wuhan hiria, eta, beraz, salbu ikusten genuen gure burua. Baina zuzenean harrapatu gintuenean birusak eta eguneroko bizitza erabat aldarazi zigunean, konturatu ginen Txinan hiltzen ari ziren gaixoak gure ondoan hiltzen ziren moduko pertsonak zirela.

Eta egunero gaude zain kutsatuen, ospitaleratuen eta hildakoen zenbakien kurba noiz egonkortuko den edo noiz hasiko den jaisten. Bitartean, Munduko Osasun Erakundeak dionez, urtero munduan 400.000 lagun hiltzen dira malariaz jota.

Duela pare bat aste, hirurogei idazle eta pentsalariren artikulu laburrak azaldu ziren El País egunkarian pandemiak ekarriko dituen aldaketez hitz eginez. Idazle, soziologo, ekonomialari, biologo, filosofo, politikoak ziren egileak, eta interesgarria iruditu zait baten zein bestearen ideia batzuk hona ekartzea nire galbahetik pasa ondoren. Esango nuke, orokorrean, azaldu diren iragarpenen artean ez ote diren gehiago egileen espekulazioak errealitateak baino, desioak benetako aldaketak baino. Ez dut uste, ezustea gainditu ondoren, gauzak horrenbeste aldatuko direnik, 2008 urteko krisialdi luze eta gogorra pairatu ondoren gertatu zen erara.

"Hirien masifikazioa, klimaren aldaketa, espezieak desagertzea... patogeno ezezagun berriak hedatzeko arriskuak omen dira"

Harrigarria da 100 nanometro neurtzen duen izakiak sortu duen anabasa. Mundu osoa jarri du belauniko, jendea etxeratu, heriotzaren beldurra zabaldu, mugikortasuna mugatu. Ezin da sinetsi nola aldatu duen gure eguneroko bizitza pandemiak. Milaka eri eta hildako tirorik gabeko gerran. Zer egin jakin gabe, nondik nora jo jakin barik, makurrarazita. Lurraren jabe sentitzen ginen eta hara non birus batek jakinarazi digun benetan garena: beste izaki bat milaka espeziren artean.

Literatura futuristak, zientzia-fikzioak, pertsona arruntak gure leihotik harago baino urrunago begiratzeko dute ahalmena eta, kasu honetan, asmatu dutela esan behar. Ez naiz ni zientzia-fikzio zalea baina aitortu behar dut utopiaren eta distopiaren artean mugitzen diren egileak gai direla, errealismoaren begiradatik harago, etorkizuna irudikatzeko.

Permafrost da milaka urtetan bi poloen inguruan izoztuta iraun duen lurra eta klimaren aldaketaren poderioz urtzen ari dena. Besteak beste, bi omen dira fenomeno honen ondorio larriak: lurrean harrapatutako CO2 kantitate izugarria, 1,5 bilioi tona, eta, bestetik, izoztuta egon diren milaka birus espezieen askapena. Badugu beraz aukera birusekin izan dugun elkarbizitza zabaltzeko eta ohitzen joateko.

Jose Maria Martin Moreno epidemiologoaren iritziz, ez da pairatzen ari garen pandemia azkena izango: animalien trafikoa, denbora gutxiko bidaia luzeak, hirien masifikazioa, klimaren aldaketa, espezieen desagerpena eta orain arte jenderik bizi ez diren eremuetan bizitzea patogeno ezezagun berriak hedatzeko arriskuak omen dira, besteak beste, pandemia berri bat sortzeko faktore eraginkorrak.

Koronabirusak ustekabean harrapatu bagaitu, bai Munduko Osasun Erakundeak zein Osasun Sistema nazionalak adi egongo beharko dira gertatutakoa berriz gerta ez dadin. Umorea izan da jendeak birusaren aurrean izan duen joera. Milaka meme, bideo, txiste, abesti izan dira telefono mugikor batetik beste mugikorrera pasa direnak, gatzdun batzuk, ez horrenbeste besteak. Sortzaile asko, egile gutxiago Rafael Gumucio umoregilearen iritziz.

"Pentsamendu oro, zorrotz hitz eginez gero, bakardadean landua dago, eta ni eta ni neu arteko elkarrizketa bat da", dio Hannah Arendt filosofoak. Jakin behar zenbat gogoeta egin diren egun hauetan itxialdiaren abaroan. Pandemia honek ez du errotik irauliko indarrean dagoen sistema ekonomikoa baina abian zeuden aldaketak eta joerak bizkortu egingo ditu: telelana, digitalizazioa, hezkuntza sistema, osasungintza, robotizazioa, globalizazioaren atzera-egitea, inmigrazioa, merkataritza, klima aldaketa, estatu-nazioa...".

Honaino orduan idatzitakoen arteko lerro batzuk. Ikusten al dira pandemiaren lehenengo eta bigarren olatuen arteko aldeak? Ziurtasuna-askatasuna, osasuna-ekonomia, zientzia-politika...

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago