Duela hogeita hamar urte pare bat metro zuen ezkia landatu genuen etxe aurrean, eta hamabi metroko zuhaitz liraina bihurtu zaigu. Astiro, urtaroen zikloekin joan zaigu arbola hazten, presarik gabe, naturak markatzen duen konpasaren erritmoan.
Hostorik gabe, biluzik, adakeraren hezurdura agerian, horrela heldu zaigu ezkia negua igaro ondoren, udaberriaren atarira. Neguko haizeteen astinaldi bortitzek apurtu dituzte adar ihartuak, baina zain daude bizi jarraitzen dutenak, udaberriaren epeltasunari esker, ernamuinez betetzen joateko hasieran, berdez berde jantziak hosto txikitxoak bihurtzeko gero, eta, maiatzaren amaierarako hartuko du gure ezkiak bere zuhaitz sendoaren itxura. Ematen duen itzal trinkoak gonbidatuko digu horren azpian orduak ematera, gerizpe gozoan, lasai eserita irakurtzeko edo, besterik gabe, zuhaitzaren abarotik, inguruan mugitzen den bizitza behatzeko: inurriak eta intsektuak lurrean, mota askotako txori geldiezinak handik hara jauzika, hodeien forma askotarikoak, izaki bizidunak balira, zerua zeharkatzen haizearen norabidean. Lasaitasuna, ezki-urak ematen duenaren antzekoa.
Ekainaren amaierak eta uztailaren aurreko bi asteek osatzen dute ezkiaren loratzearen garaia. Lore lurrintsua, mordo txikietan bildua, horia, braktea luzanga batekin hornituta, hosto txikia balitz. Pare bat aste iraungo du loratzeak erle nekaezinen probetxurako. Ehunka erle lanean, lora batetik bestera, gora eta behera, etengabeko burrunban, nektar preziatuaren bilketan. Ikuskizun paregabea, sarrera ordaindugabekoa, eguzkiak berotzen hasten denetik zeruertzean ezkutatzen den arte irauten duena. Inongo beldur gabe hurbil zaitezke erleen lana behatzera, nola ateratzen duten nektarra ikustera. Inoiz ez dut nik ziztadarik jaso.
Behin loreak brakteari lotutako fruitu boladun zintzilikaria eman, braktea ihartuko da eta, haizearen ferekaren laguntzarekin,lurrera eroriko horiz apaindua. Asteak irauten du prozesua eta askok pentsatzen dutenaren kontra, ez dira hostoak erortzen direnak baizik eta brakteak. Haizeak eta beroak gobernatuko dute brakteen jausialdia, han-hemenka eroriko dira batzuek, arbolaren enborraren inguruan asko, eta gero eta gutxiago enborretik aldendu heinean, dentsitate ezberdinetako alfonbra koloretsua ehunduz.
Uda aurrera joan ahala, hostoak horitu eta zimurtuko dira, indarra galtzen eta ahulenak arbolari agur esaten. Ekainaren gerizpe trinkotasuna ahulduko da, eta eguzki-printza batzuk hasieran, gero eta gehiago uda aurrera doan neurrian, zulatuko dute ezkiaren adakera. Udazkenaren hurbiltasunaren seinale.
Urteroko zikloaren azken aldia udazkenaren haizeteen ardura izango da. Udaberriko hostotza berde bizia galdu egin da dagoeneko, horiz jantziko dira erori ez diren hostoak, hamaika tonu marroi hartuko dute gero, eta, azkenean, orbela bihurtuko da, adarretik lurrera bide labur eta lasaia egin ondoren. Irabazitako atsedenaren garaia heldu zaio ezkiari, hostorik gabe, neguaren gordintasuna pairatzeko prest. Eta zuhaitzak atsedena hartzen duen bitartean, orbelaren zeregina hasiko da hostoen deskonposizioak humus bihurtuko delako, mineralen eta elikagaien ekarpenari esker , kalitate handiko ongarria bihurtuz.
Bere denbora eta erritmoak ditu naturak. Zikloak, garaiak, gure kultura esplotatzailearekin bat ez datozenak. Denborari denbora nahi diogu lapurtu, erritmoak arindu, zikloak laburtu. Izugarrizko suntsipena egin abiadura handiko trena eraikitzeko, Madrildik Gasteizera bidaiaren iraupena ordu bete murrizteko. Naturaren aurka ari gara eta gure kontra jarriko zaigu naturak: espezien etengabeko galera, klimaren aldaketa, izurriteak...
Izaki bizidun guztiek, landareek zein animaliek, bere lekua dute, bere funtzioa osatzen dute. Jokoz kanpo jarduten duen izaki bizidun bakarra gizakia da. Hau da, besteen artean, ezkiak, itzalpearen aterpetik eskaintzen didan lezioa: naturak ez du gizakiaren beharrik, bai, ordea, gizakiak naturarena.