Neguaren azken egunak dira Huelvan eta hasia da marrubiaren bilketaren kanpaina. Bertakoentzako lan baldintzak eskasak direla eta, kanpotik, Marokotik edo Poloniatik etorritako langileak dira, horietariko asko emakumeak, plastikoz estalitako soroetan marrubiak bilduko dituztenak: sasoikako langileak. Jakin behar zeintzuk diren langileon lan baldintzak, jasoko duten soldata, ostatua hartuko duten eraikinen edo txabolen egoera, izango duten tratua... Zenbat izerdi eta min mailuki kilo bakoitzean?
"Paper gabeko milaka etorkin, aldi baterako legeztatuak, prest egon dira fruta edo barazki biltzaile bihurtzeko"
Pandemiak gogor jo du Espainia udaberrian, fruta-arbolak heltzeko zorian daudenean. Ezin dira sasoikako langileak ekarri mugak itxi egin direlako. Ez dago arazorik: paper gabeko milaka etorkin, aldi baterako legeztatuak, prest egon dira fruta edo barazki biltzaile bihurtzeko. Gereziek, melokotoiek, nektarinek... ezin dute zain egon.
Lleidan gertatutakoa etorri da gero: langileen bizitzeko baldintza penagarriak, kutsatuak... Gosez hil lanera ezin zuelako joan edo lanera joan nahiz eta kutsatua izan; kutsatutako langile batek zioenez, bi aukera horien artean nahiago zuen lanera joatea konfinatua egotea baino. Zenbat ahalegin eta negar gerezi kilo bakoitzean?
Uda heldu da eta, frutekin batera, barazkien sasoia. Murtzian gertatutakoa: gizon bat hil da, hamabi ordu lanean egon ondoren, atsedenik gabe, berrogei graduko tenperaturapean, edadeko ur barik. Hona hemen sasoikako langileen lan baldintzen egoeren muturrezko adibidea. Zenbat oinaze eta atsekabe alberjinia kilo bakoitzean?
"Izerdi, min, ahalegin, negar, oinaze, atsekabe, nahigabe, etsipen guzti horiek daude egunero jaten ditugun fruten eta barazkien atzean"
Heltzear dugu udazkena, mahats-bilketaren garaia, eta gero helduko da berriz ere negua, zitrikoen kanpainarekin batera. Errepikatuko dira, ostera, aurreko kanpainen sasoikako langileen baldintza penagarriak: gaua pasatzeko egoera kaskarrak, lan kontratuen iruzurrak, jardunaldi luzeak bezain gogorrak, soldata miserableak, tratu txarrak... Zenbat nahigabe eta etsipen laranja kilo bakoitzean?
Izerdi, min, ahalegin, negar, oinaze, atsekabe, nahigabe, etsipen guzti horiek daude egunero jaten ditugun fruten eta barazkien atzean. Zenbatetan igo beharko litzateke marrubi, gerezi, alberjinia edo laranja kilo bakoitzeko salneurria sasoikako langileen lan baldintzak normalizatzeko, esklabotza egoeratik atera daitezen? Prest geundeke kilo bakoitzeko euro erdi bat gehiago ordaintzeko? Ez dugu esaten fruta garestiegia dela?
Gogora datorkit Eta oraindik arraina garestia dela diote!, Prado museoan dagoen Joaquin Sorollaren margolana, Blasco Ibañez idazlearen eleberri batean oinarrituta, non arrantza-ontzi baten barnean azaltzen diren bi arrantzale, zaurituta dagoen lankidea laguntzen.
Arraina, fruta, barazkiak, Asian jositako jantziak...