Gainean dugu iraila eta ikasturte berri baten hasiera. Pandemia dela eta, urduri dago eskola komunitatea: kezkatsu irakasleak, arduratsu gurasoak, zalantzatsu hezkuntza sistemaren arduradunak. Izurritea uztailean pentsatzen zena baino aurrerago doa eta orduan eginiko aurreikuspenak atzean geratu dira dagoeneko. Diseinatu ziren hiru egoeretatik (presentziala, erdi presentziala / erdi digitala eta erabat digitala) ez dakigu zein izango den abian jarriko dena. Ez naiz orain arazo larri horretaz arduratuko, baina badirudi bigarren edo hirugarren eszenatokiak direla gertagarrienak, eta, batean zein bestean, irakaskuntza telematikoarekin egiten dugu topo.
"Izurritea uztailean pentsatzen zena baino aurrerago doa eta orduan eginiko aurreikuspenak atzean geratu dira dagoeneko"
Duela urte batzuk, Madrilera hegazkinez joan nintzen batean, eserlekuan zegoen aldizkaria hasi nintzen irakurtzen, eta hara non egin nuen topo txiste grafiko adierazgarri batekin: ezker aldean azaltzen ziren Erdi Aroko alkimista bere gela ilunean, medikua gaixoaren aurrean eta maisua arbelaren ondoan, hirurok garaiko berariazko lanabesekin; eskuin aldean, ordea, gaur egungo kimikaria izugarrizko laborategian, medikua ebakuntza-gela zoragarrian, eta maisua, aldiz, betiko arbelaren aurrean klariona eskuan zuelarik.
XVII. mendean bizi zen Comenio pedagogoari egozten zaio testuliburuaren asmakizuna. Bitxia da azken ehun urteetan sortu diren teknologiak ez direla gai izan testuliburua ordezkatzeko: irratia, telebista, ordenagailua, internet... Ez litzateke alferrikako ariketa izango galdetzea zergatik izan den horrela; zergatik, gaur egun, ikasgelen baliabideen artean, jaun eta jabe jarraitzen duen izaten testuliburuak. Akaso irakasleen erresistentzia, baliabide erosoa delako: "Cada maestrillo con su librillo" esaerak dioenaren arabera?
"Bitxia da azken ehun urteetan sortu diren teknologiak ez direla gai izan testuliburua ordezkatzeko"
Nik eskolan ezagutu nuen entziklopediak ez du zerikusirik gaur egun erabiltzen diren testuliburuekin, ezta gaurko gelak ordukoekin ere, non hiru edade ezberdinetako ikasleak biltzen ginen. Gela batean adin ezberdinetako ikasleak kokatzen ziren garaitik eskola mailakatura, eta eskola mailakatutik gaur egungo kolegioetara egin den trantsizioa, neurri batean bederen, homogeneizazioaren aldeko apustua izan da: edade ezberdinetako ikasleekin osatutako taldeak edo gelak adin bereko taldeak bihurtu.
Baina, zorionez, homogeneizazio saio horrek inoiz ez du bere helburua beteko, ikasleak, nahiz eta edade berekoak izan, oso heterogeneoak direlako, interes ezberdinak dauzkatelako, pertsonalitate askotarikoak direlako, familia desberdinetatik datozelako edo giza-inguru ezberdinetan bizi direlako. Eta, neurri batean ere, testuliburuak berak edo testuliburuaz egin den erabilerak falazia horretatik edan dute: irakaskuntza-ikaskuntzaren erritmo bakarra ezarri, nahiz eta ikasle bakoitzak berezko erritmoa izan; ikasgai berdinak guztientzako eskaini, ikasleen ahalmena berdina ez izan arren.
Eskolaren jardueraren normalizatzaile ahaltsua bihurtu da eskola-liburua: edukiak mugatzen ditu, jarduerak egituratu eta ikaskuntza modu bat normaldu. Testuliburuek baino, ez al dute aukera gehiago eskaintzen digitalizazioan oinarritzen diren baliabideek (bideo-jokoak, simulagailuak, alegiazko errealitatea, errealitate areagotua) zeinek gai diren pertsonalizatzeko ikaskuntza, feedback prozesuak integratzeko, ebaluazioa bideratzeko, elkarreragiketa sustatzeko, autoikaskuntza indartzeko, motibazioa pizteko?
"Testuliburuek baino, ez al dute aukera gehiago eskaintzen digitalizazioan oinarritzen diren baliabideek?"
Argitaletxeek sortu dituzten plataformak lagungarri bihur daitezke testuliburutik digitalizazioaren bidean, baina pausua ausartagoa beharko luke izan: irakaslez, pedagogoz, psikologoz, programatzaile informatikoz eta diseinatzailez osatutako talde multiprofesionalak, zeintzuk, testuliburutik haratago, material digitalak asmatuko lituzketen.
Nolakoa da gaur egun gure irakasle gaiek jasotzen duten formazio digitala? Nolakoa eskoletan ari diren irakasleen prestakuntza? Informazio, formazio, hezkuntza jasotzeko eta baloreak transmititzeko eskolak jokatu zuen iturri ia bakarraren zereginaren garaia atzean geratu da.
Kultura idatzia izatetik multimedia kulturara pasatu denean, informazioen iturriak idatziak izatetik ikus-entzunezkoetara igaro direnean, arbela atzean uztetik Informazio eta Komunikazioa Teknologietara aldatu garenean, prestatuta dago irakasleria aldaketa sakon honi erantzun egokia emateko? Prestatuta dago IKTetatik IETetara (Ikaskuntzaren eta Ezagutzaren Teknologiak) bilakaera gauzatzeko? Zuzeneko hezkuntza ematetik online hezkuntza eskaintzeko? Badute ikastetxeek, bestalde, baliabide teknologiko nahikorik aldaketa guzti hauek bideratzeko? Galdera bera egin daiteke ikasleei begira: badute beharrezkoak diren gailu informatikoak eta Internet konexiorik ikasleek bere etxeetan?
"Badute ikastetxeek baliabide teknologiko nahikorik aldaketa guzti hauek bideratzeko?"
Alarma egoerak behartu zuen hezkuntza sistema irakaskuntza ez presentzialera igarotzera, ustekabean, tupustean. Izugarria izan da irakasleek eta ikasleek egin duten ahalegina. Aukera ezin hobea du hezkuntza sistemak teknologikoki eguneratzeko, orduko inprobisazio egoeratik sistematizazio egoera berri batera igarotzeko, IKT-IET bidetik pausuak emateko.
Baina kontuz jokatzeko ordua ere bada: irakasleari dagokio teknologiaren esku utz daitezkeen atalen eta teknologiak inoiz ordezkatu ezingo duen irakaslearen zereginen arteko bereizketa egitea. Eta, zoritxarrez edo zorionez, bigarren eremu horrek, neurri handi batean, zuzeneko hezkuntzari dagokio: irakasle eta ikaslearen arteko harreman pertsonala, irakaslearen zuzeneko laguntza eta gidaritza lana, programazioa, ikasleen arteko harremanak, gelaren elkarrekintzen giroa eta bizitasuna, lantaldekako lana, bizikidetzaren gatazken ebazpenak, jolasaldi zaratatsu bezain alaiak...
Eta kontuz ere eskola digitalak ekar litzakeen ondorio zitalekin. Arestian aipatu dut digitalizazioak ikasleengan eskatzen duen ekipamenduaren beharra: ordenagailua edo tableta, internet konexioa, mugikorra... Ziurtatu beharko genuke ikasle guztiek dutela baliabideok. Eskolaren helburuetako bat da berdintasuna sustatzea eta aukera berdintasuna bultzatzea. Baliabide gutxiko familien seme-alabak ezin dira bazterrean geratu beharrezkoak diren baliabide teknologikoak ez dituztelako eskuragarri; eta, beraz, administrazioari dagokio arazo horri aurre egitea.
"Ordenagailua edo tableta, internet konexioa, mugikorra... Ziurtatu beharko genuke ikasle guztiek dutela baliabideok"
Beste ondorio tamalgarria euskararen ikaskuntzarako: familia erdaldunetako ikasleek galduko dute eskolak eskaintzen dien euskararekiko ahozko harreman zuzena izateko aukera; ondorioz, ikasleen ahozkotasunaren galeraren benetako arriskua egongo da.
Alarma egoeran sortu ziren ekimen bereziak, mintzalagunaren antzeko formula telematikoak, baliagarriak suerta daitezke oraingo egoeran ere harremanetan jartzeko ikasleak eta euskaldun boluntarioak. Ekimen interesgarriak, puntualak orduan, zabalagoak izateko bokazioa duten iniziatibak.