Arrazakeria AEBetan

Arg: Wikipedia

"Erro sakonak eta luzeak ditu arrazakeriak Ameriketako Estatu Batuetan".

Erro sakonak eta luzeak ditu arrazakeriak Ameriketako Estatu Batuetan. Tomas Piketty ekonomialari frantsesak ezberdintasunaren jatorriaren azterketa egiten du Kapitalismoa eta ideologia liburuan eta, beste arrazoien artean, kolonialismoak eta esklabotasunak jokatu zuten zeregina aztertzen du.

Estatu Batuetako hegoaldeko estatuetan izugarrizko igoera izan zuen esklabotzak XIX. mendean; 1800ean miloi bat esklabo izatetik 4 miloi izatera igaro zen 1860ean. Hirutik bat beltza zen hegoaldeko estatuetan eta kotoiaren ustiapena izan zen batez ere esklaboen eginbeharra. 1850. urtean, gerra zibilaren aurreko urteetan, Europak inportatzen zuen kotoiaren %75 esklabo amerikarrek ekoiztutakoa zen.

Lehenengo bost presidenteetatik lau esklaboen jabe ziren: Washington, Jefferson, Madison eta Monroe. Esklabotza gaitzat jotzen zuen arren, ez zekien nola desagerrarazi Jeffersonek, eta, beltzen emantzipazioa onartzekotan, esklabotasunetik liberatutako beltz guztiak Afrikara bidali behar zirela defenditu zuen. Liberia estatura bidalitako 13.000 afroamerikarrak izan zen Amerikan Colonization Society tesi horren defenditzaileen saio bakarra.

Mendebalde Ertainean kolonizatutako lurren estatusak, estatu libreak edo esklabistak, aurrez aurre ipini zituen Ipar eta Hego estatuak, abolizionistak eta errepublikanoak lehenengoak, esklabistak eta demokratak bigarrenak. Lurralde berriak libre izan zitezen Lincoln presidentearen ahaleginak alferrikakoak izan ziren. Hau izan zen, besteen artean, unionisten eta konfederalen arteko gerra zibilaren arrazoia (1861-1865).

Beltzen laguntza irabazi nahian Lincolnek esklaboei promesa egin zien, bakoitzari mandeme bana eta 40 akre lur emango ziela. Baina ez zuen bete gerra irabazi ondoren. Erresuma Batuak edo Frantziak egin zutenaren arabera jokatu izan balute Ameriketako Estatu Batuek, esklaboen jabe zirenen aldeko kalte-ordainketaren kopurua orduko 7.000 miloi dolarrekoa izatera helduko zen, gerrak berak kostatutakoa halako hiru.

Esklabotza deuseztearen ondoren hobetu baino txartu egin zen esklaboen egoera: lurrik eta lanik gabe, bizirauteko inongo baliabiderik gabe. Libre teorian, pairatu izan zituzten lan baldintzak neketsuak izan ziren, eta horrela iraun zuen egoerak XIX. mendearen bukaeran sindikalgintza indartu egin zen arte.

Ku Klux Klan erakunde nazia 1865. urtean sortu zen, gerra amaitu ondoren, gerra beteranoz osatua. 1871. urtean desegin ondoren, berriz eratu zen 1915ean eta 4-5 miloi lagun izatera heldu zen. Gaur egun mila gutxi batzuk omen dira.

Zuzenbide zibilen aldeko borroka luzea eta gatazkatsua ez da nahikoa izan arrazismo sistemikoa eta estrukturala desagertarazteko. Martin Luther King liderrak lortu arren aldarrikatzen zituen eskubideak 1964ko Zuzenbide Zibilen legea eta 1965eko Botoaren Eskubidearen legearen bitartez, beltzekiko gutxiespenak bere horretan jarraitzen du amerikar zuri askoren jarreretan. George Floyd kasua adibide bat besterik ez da. Paul Krugman Nobel ekonomialariak dioenez, George Floyden hilketak balio izan du amerikar asko kontura daitezen arazo bat dutela, eta jabetze hori pausu moral garrantzitsua dela uste du ekonomialariak. Hala ere, Trump lehendakariaren jarrera beste bide batetik dioa, eta, arazoa onartu beharrean, prest azaldu da armada kalera ateratzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide