Pandemiaren aurreko hilabeteetan telelanaren erabilera urria zen gure artean: langileen %4,8 Espainian, %14,1 Finlandian. Ekonomia Ikerketarako Valentziako Institutuak egin duen ikerketaren arabera, aldiz, martxoa eta apirila bitartean, pandemiaren eraginez, %34k erabili dute telelana Espainian.
Egia bada presaka, planifikaziorik gabe, egoeraren presiopean sartu edo zabaldu dela lan era berria, egia da, baita ere, handia izan dela enpresek eta administrazioek duten ahalmena eta potentziala formula berri hau bideratzeko. Badirudi, beraz, hain beharrezkoa zela pentsatzen genuen lan presentziala ez dela horren beharrezkoa eta, are gehiago, ez dela sakralizatua dagoen produktibitatea galdu. Ondo begiratuta, badu zentzurik gela zabal batean hamarnaka enplegatu ikusteak norberak pantaila baten aurrean etxean egin dezakeen lan bera egiteko aukera badu? Ohitura, inertzia, erosotasuna, konfiantza eza izan daitezke telelanera pausua ez emateko azal daitezkeen arrazoiak eta orain presaka, maiz planifikaziorik gabe, egoera berriari aurre egiteko larritasunaz bultzatuta sentitu direnak.
Zeintzuk izan daitezke telelanaren alde onak? Hiri handietan orduak alferrik galtzen dituzte langileek lanera joan-etorrietan; garraio publikoak edo pribatuak sortzen duen kutsadura handia da; egunerokoa jendetzaren artean ordu berean mugitzeak eragiten duen tentsioa. Beraz, bizimodu hobearen eta ingurugiroaren mesedearen aldeko apustua izan daiteke telelana. Norberaren bizitza enpresaren ordutegiaren arabera antolatu beharrean, enpresaren beharra norberaren ordutegira antolatzeko ematen du aukera telelanak. Beste antolamenduaren paradigma berri bat.
Lana, familia eta norberaren bizitza bateragarri bihurtzeko aukera ematen dio langileari telelanak. Langilearen esku dago enpresaren lana, etxeko lana eta norberaren bizitza berrantolatzeko aukera, norberaren ordutegia finkatzeko abagunea.
Edozein erabakiren aurrean suertatzen den moduan, telelanak baditu ere hain onak ez diren bere aldeak. Orain arteko antolaketak baditu abantailak eta horien artean lana eta bizitza pertsonalaren arteko haustura izan daiteke nabarmenetako bat. Lanean zarenean lanean zaude, enpresatik kanpo zaudenean zure eremuan zaude: espazio, inguru, pertsona ezberdinak dira lanekoak eta etxekoak. Haustura hau ez da ematen telelanean eta egoera berri honek baditu, beraz, bere arriskuak.
Telelanak, bestalde, harremanak izateko eskaintzen dituen aukerak gutxitu egingo ditu, langilea bakartu egingo da bere etxean, ezingo du kafetxoa lankideekin hartu, lanaren arazoak zuzenean kontsultatu edo lanaren baldintzak elkarrekin eztabaidatu. Giza harremanen berotasuna galdu egingo da.
Dena dela, badirudi, era inprobisatuan abian jarri den telelanerako prozesuak etorkizuna duela eta zabaltzen joango dela baldin eta enpresentzako zein langileentzako formula onuragarria bada. Hala ere, ematen du erdibideko formula izango dela erabilgarriena, telelana eta lan presentziala partekatuko duena. Gai asko dira kontuan hartu beharrekoak eta ezingo da lan egiteko era berria hedatu enpresarien eta langileen arteko akordiorik gabe. Bestalde, orain arte gutxi batzuen formula izan denak, indarra hartzen joan ahala, arautegi berezia eskatuko du eta, agian, Langileen Estatutuaren egokitzapena.