Gazte nintzenean modan jarritako abestiak zioenaren arabera, zoriona lortzeko hiru gauza ziren beharrezkoak: osasuna, dirua eta maitasuna. Ez dakit zenbateraino asmatuko zuen abestiak, edo, behintzat, hirurak maila berean kokatzen dituen jendeak. Edo ez den, agian, adin kontua izango.
Gustatzen zait, kalean nagoenean, espaloian nire adineko pare bat edo hiru lagun hizketan ari direnean, zeri buruz ari diren entzutea, berdin dio emakumeak edo gizonak izan. Maiz, osasun kontuak dira: lagun bat gaixorik omen dagoelako ospitaletik pasa behar dela esango du batek; bigarrenak, astebete gripeak jota oheratuta egon dela jakinaraziko die; emaztea kaskar dabilela, hirugarrenak. Eta osasunari buruz jarraituko dute hitz egiten, zaindu beharraz, ez direla mutikotxoak eta, hala-hala, aurrera jo beharra dagoela.
Beste batzuetan diru kontuak izango dira hizketarako gaia: jubilatu berria dela esango du batek eta ez duela oraindik pentsioa jaso; diruak sartuta dituen aurrezki kutxan gero eta komisio gehiago kobratzen diotela, eta pentsatzen ari dela beste banku batera diruok eramatea, bigarrenak; alokairuan duen pisua saltzeko tenorean dagoela momentu ona omen dela, hirugarrenak. Osasun eta diru kontuak beti, maitasunari buruzkoak inoiz ez.
Aldiz, sarritan ikusten ditut neska-mutil bikoteak, beraiek kalean edo parkean bakarrik baleude moduan, musuka eta besarkaka, inongo lotsarik gabe, naturaltasun osoz, freskotasunez, zoriontsu. Zerbaitez hitz egitekotan ez dut uste dirua edo osasuna izango denik bikotearen gaia, bai, ordea, maitasunarena.