Atomoak, geneak eta byte-ak osatzen dute gure garaiko aurkikuntzen trilogia. Hirurak etorri zaizkigu naturaren ezaguera zabaltzera, hirurek ekarri dizkigute aparteko aurrerapenak, baina baita izugarrizko arriskuak ere.
Atomoaren ezaguerak medikuntzan diagnostiko eta sendatzeko baliabide ugari bideratu baditu ere, Hiroshima, Chernobil, Fukushima hitzek adierazten digute atomoaren erabileraren arrisku beldurgarriak edo zentral nuklearrek ehunka urterako uzten dituzten hondakin erradioaktiboak.
Genetikaren emaitzak osasunaren arloan itxaropentsuak badira, arriskuz betea datorkigu manipulazio genetikoa eta horren bidez genetikoki aldatuak izango diren mikroorganismoak. Gaur egun pairatzen ari garen pandemiaren jatorriaren konspirazio teorien artean bada bat txinatar laborategietan eratutako birusa izan dela dioena.
Azkenez, byte-i esker dugu informazio teknologia, internet, sare sozialak, baina baita adimen artifizialaren arriskuak ere, Anai Handiaren mehatxua, hiritarren kontrola, datu pertsonalen erabilera maltzurra.
Teknologia berri bakoitzak zaku berean dakar eztabaidaezinak diren onurak eta galera ikaragarriak. Gerra atomikoa, gerra biologikoa, informazioaren gerra. Gure gaur egungo gizarte hau inoiz bizi ez duen egoera arriskutsu iraunkor batean bizi da, oreka ezegonkor batean. Etengabeko arrisku larri egoeran bizi garela esan genezake, nahiz eta egoeraz jabetu ez izan edo jakin nahi ez izan. Eta gizartea ondo moldatzen bada normaltasun egoeretan, hankaz gora jartzen da normaltasun hori apurtzen denean: pairatzen ari garen pandemia izan liteke bigarren egoera horren adibide paradigmatikoa.
Kang Hao Cheong eta Michael C. Jones zientzialarien iritziz, lau izan omen dira Covid-19aren agerraldiaren zabalkuntza arinaren eragin sistemikoak: superpopulazioa, globalizazioa, hiperkonektagarritasuna eta gero eta mugatuagoak eta zentralizatuagoak diren hornikuntzen kateak.
Covid-19aren pandemiak agerian utzi du patologia kritikoek munduko merkataritzaren sistema dinamikoa, gobernantza eta osasun publikoa mehatxupean jarri dituztela. Pandemia ez bada heldu hondamendi globalaren izatera, Titanic hondoratu zuen izozmendiak egin zuen moduan, jaso dugun kolpea behar bezain aztoragarria da esna gaitezen eta kontura gaitezen nabigatzen ari garen itsasoa arriskuz beteta dagoela gero eta izozmendi gehiagorekin inguratuta gaudelako.
"Teknologia berri bakoitzak zaku berean dakartza eztabaidaezinak diren onurak eta galera ikaragarriak"
Halako arrisku panorama leherkorra zuzen ulertzeak irtenbide bat erakusten digu: arretaren printzipioan oinarritutako erabateko norabide aldaketaren beharra, printzipio biologikoetan funtsatua legokeena. Erdigunean bizitza jarri, ez negozioa. Justu, hain zuzen, Arabako Ganberak, SEAk eta Eusko Jaurlaritzak hartu duten kontrako jarrera.
Honaino bi zientzialarien iritzia arrisku globalen inguruan. Bitartean, gure gauzatxoekin entretenitzen gara, gure arrisku txikiekin edo, hobe esanda, arrisku txiki horiek sor diezazkigukeen ondorioak moteltzeko aseguru-etxeak eskaintzen dizkigun formulekin: kotxeko asegurua, etxearena, bidaiarena. Arriskuen inguruan sortu den negozioak milaka milioi euro mugitzen ditu munduan urtero.
Baina bizitza bera apustuz eta arriskuz osatutako kate luzea da. Bizi eta erabaki, hau da, arriskatu, gauza berak dira. Erabakitzea aukera batzuen artean hautatzea da, eta, beraz, zuzen edo oker asmatzearen arriskua da jokoan dagoena erabaki bakoitzaren atzean. Eta, halakoetan, gure bizitzaren norabidea jokoan dagoenean, zoritxarrez, ez dugu aseguru polizarik, bizitza atzera jotzeko martxarik gabeko kotxea da eta.