Koronabirusa

Edadetuen egoitzak eta pandemia

"Arabako sektorea goitik behera aztertu behar da: publiko-pribatuaren lotura birplanteatu; plaza publikoen, kontzertatuen eta pribatuen kopurua dimentsionatu..."

Nonbaiten gogor jo badu pandemia honek adinduen artean izan da, zaharren egoitzetan bereziki, egoitza hauen egoera estua agerian utziz. Pentsatzekoa da aurrera begira pandemia honek balioko digula edadetuen politikak errotik aldatzeko eta ongizatearen gizarte honen lau zutabeetatik (hezkuntza, osasuna, pentsioak, menpekotasuna) laugarrenak orain arte jaso duen arreta baino borondate gehiago jasoko duela, gabezi larriak agerian geratu dira eta.

Asko aldatu da gure gizartea eta asko ere familiak jokatzen duen zeregina, gizartean orokorrean zein edadetuen arretan. Zorionez, bizi-itxaropena luzatu egin da nabarmen, jubilatu berrien osasuna eta egoera fisikoa ere hobetu da, baina, zoritxarrez, bizitzaren luzapenarekin batera adinduen arretaren beharrak gero eta zabalagoak ari dira izaten, eta duela ez asko arte familiek, emakumeek, hartu bazuten agureen eta atsoen ardura, familiak berak jaso dituen barne aldaketa sakonak direla medio, ezin dute maiz ardura hori bere gain hartu: adindua ez da bizi seme-alabak bizi diren leku berean; seme-alaben lan ordutegiak eta adinduek behar duten arreta bateraezinak suertatzen dira sarri; edadetuen autonomia ezak eskatzen duen arreta berezia ezin da etxean eman; seme-alabak zaintzarako baino zaintza beharraren mugan daude batzuetan; eta, baita, zergatik ez aitortu, senideen erosotasunak eta arduragabetasunak ez dute sortzen diren egoera latzak bideratzeko lagungarri gertatzen beste batzuetan. Kontua da zaharren egoitzak zabaltzen ari direla lurraldean, merkatuaren eskaeraren eta eskaintzaren legearen arabera, inongo planifikaziorik gabe.

Politikari badagokio kontrako interesak kudeatzea eta baliabide urriak kudeatzea ekonomiari, lanean jarriko behar dira bata zein bestea ongizatearen laugarren zutabea orain arte kudeatu den baino hobeto kudea dadin, gure aitonek eta amonek merezi duten arreta jaso dezaten. Gure kasuan, Foru Aldundiaren Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeari dagokio erantzukizun hori.

Gaur egungo egoitzen sare publikoak ez ditu estaltzen plazen beharrak eta gero eta gehiago dira egoitza eta plaza pribatuak. Agerikoa da Foru Aldundiaren politika pribatizatzailea eta egoitza pribatuen alde egin duen apustua. Egon gaitezke alde edo aurka politika horren inguruan, baina Aldundiari eskatu beharko dioguna da kalitatezko zerbitzu on bat gure nagusientzako. Eta ez da nahikoa plaza pribatuaren kostuaren ordainketa biguntzeko diru laguntza xumea egoiliarrari eskaintzea orain egiten den moduan.

Pandemiak agerian utzi ditu egoitzen gabeziak eta baita Foru Aldundiak egoitza pribatu bat zabaltzeko bete behar dituen gutxiengo baldintzak oso motz geratu direla: instalazioak, zaintzaile/egoiliar ratioak, osasun langileen eskasia, lan ordutegiak, zaintzaileen soldatak. Eta ikuskaritzaren eta kontrolaren beharra.

Egoitzen langileen egoera errotik aldatu behar da beraien esku dago eta edadetuei eskainiko zaien zerbitzua. Gizarte honek ez du baloratu zaintzaren arloa eta ordua da sektoreak erreklamatzen dituen lan baldintzei erantzun globala emateko. Bizkaiko edo Gipuzkoako grebak egoeraren isla besterik ez dira izan.

Arabako sektorea goitik behera aztertu behar da: publiko-pribatuaren lotura birplanteatu; plaza publikoen, kontzertatuen eta pribatuen kopurua dimentsionatu; hiru mailatan sailkatzeko erabiltzen diren irizpideak aurrekontuaren partiden arabera izan beharrean adinduaren autonomiaren arabera birmoldatu; zain zerrendak desager arazi; adinduei zuzendutako arreta hobetu; zaintzaileen ratioak gutxitu; egoitzei zabaltzeko eskatzen zaizkien baldintzak gogortu; ikuskaritza eta kontrola indartu; zaintzaileen lan baldintzak ( ordutegiak, lan kargak, kontratu motak, soldatak...) nabarmen ondu. Eta guzti hau ezin da egin orain arteko politika eta ekonomia errotik aldatzen ez badira. Ez da nahikoa 800 euroko laguntza familiak joan daitezen zahar-etxez zahar-etxe ama edo aita sartzeko plaza libre baten bila plaza publiko librerik ez dagoelako.

Beharrezkoak dira beste politika bat eta beste ekonomia bat. Balioko al du pandemia honek zaintzaren sektoreak merezi duen onarpena lortzeko, gure aiton amonek irabazitako duintasuna bermatzeko eta arloaren langileen lanaren egoera hobetzeko?

Beste asmo handiko plan bat, politika, eta beste asmo handiko aurrekontu bat, ekonomia, ezinbestekoak izango dira. Horrela ez bada, jai dugu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago