Gaizkiaren hutsalkeria

"Kuadrillako kideek obeditu eta isiltasunaren legea ezartzen dute ikaskide baten aurka ekiteko".

Hannah Arendt emakume filosofo alemaniarra Heideggeren ikaslea izan zen, nazismo garaian judua zelako AEBetara alde egin behar izan zuena. Israelgo estatuak Eichmann nazia atxilotu eta epaitu zuenean, epaikean egon zen Arendt kazetari lanetan eta aukera aprobetxatu zuen bortizkeriaz hausnartzeko.

Epaileen aurrean Eichmannek azaldu zuen jarrerak harritu eta nahasi egin zuen gure filosofo eta kazetaria. Ordukoa da bere "gaizkiaren hutsalkeria" ideia eta Eichmannen portaera azaltzeko erabili zituen hitzak. Hiru dira Arendten iritziz gaizki ezdeus hori argitzen duten berezitasunak:

Batetik, pertsonaren kritikarako ezgaitasuna, pentsatzeko ezintasuna. Eichmannek ez zuen pentsatu nazismoak egiten zuenaz eta berak, funtzionarioa zenez, jasotzen zituen aginduak bete besterik ez zituen egiten, inongo kritikarik gabe eta hoztasun osoz.

Bestetik, nazismoaren antolamendu sistema hierarkikoa, militarra, bertikala, burokratikoa zen; aginduak goi mailatik heltzen ziren, eta tutik esan gabe aginduok betetzea zegokion behean zegoenari. Funtzionario eta goi mailako militar fidela zen Eichmann eta obeditu besterik ez zuen egin.

Hirugarrenez, bortizkeriaren erabilera egunerokoa zen, arnastea bezain normala, ohikoa. Ez zen Eichmann gaizkile bakarra ezta indarkeria erabiltzen zuen salbuespena ere, lan giroan barneratua baitzegoen zentzurik gabeko bortizkeria, motibaziorik gabeko indarkeria. Gaitzaren hutsaltasuna, gaizkiaren ezereza. Erail, torturatu, kontzentrazio-esparruetako oinazea naturaltzat jotzea, horra hor gaizkiaren ezdeusa.

Burura datorkit eskoletako bullying fenomenoa. Kuadrilla da hemen antolamendu hierarkikoaren sistema eta taldearen buruzagiaren esku dago agintea. Kuadrillako kideek obeditu eta isiltasunaren legea ezartzen dute ikaskide baten aurka ekiteko. Irainak, kolpeak, mehatxuak, zentzugabeko bortizkeria erabiliko dute eta naturaltasun osoz ekingo. Ez dago portaeraren kritikarik, kuadrilla buruaren aginduak bete behar dira, besterik gabe, joera normaltzat hartuz.

Beste maila xumeago batera Arendten ideia eramanez, gauza bera esan liteke zuhaitz landatu berria zatituta agertzen denean hiriko lorategian, paperontzia lurrean eta apurtuta espaloiaren erdian azaltzen denean, edo trafiko seinalea txikituta aurkitzen dugunean kalearen bazterrean. Zein zentzu du gogorkeria horrek? Non dago egileen pentsatzeko ahalmena, kritikarako gaitasuna? Ba al dago zentzugabekeri handiagorik?

Gaizkile batek denda bateko erakusleihoa apurtzen duenean bertan dauden telefonoak lapurtzeko eta merkatu beltzean saltzeko, helburu bat du, logika bat. Etikoki arbuiagarria izango da ekimena, baina badu gutxiengo logika. Ez da gauza bera gertatzen hiritar batek, besterik gabe, trafiko seinalea apurtzen duenean. Kaltea egiten du? Bai, beraz,ez da portaera etikoa. Probetxurik ateratzen dio eginiko ekintzari? Ez, beraz, ez da portaera logikoa. Ez dago ez logika aldetik ezta etika ikuspegitik ere justifikaziorik, inongo zuribiderik.

Hona hemen, bada, besteak beste, egunerokotasunaren gaizkiaren hutsalkeriaren adibideak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago