Ezaguna da euskaldunen mendizaletasuna, mendi taldeen ugaritasuna, eta federatuak edo federatu gabe milaka lagunek zaletasun hau partekatzen dutela. Egia da ere mendira joateko eta mendian ibiltzeko era ezberdinak daudela, begirada anizkoitzak.
Badira mendizale kirolariak, gero eta gailur altuagoak lortzen saiatzen direnak, bertako mendietan hasieran, gero eta lurralde urrunagoetan inguruko tontorrak zapaltzen dituztenak; mendi korrikalariak, lasterketaz lasterketa dabiltzanak; gero eta zailtasun handiagoak dituzten pareten bila ari diren eskalatzaileak.
Mendia aitzakia moduan hartzen dutenak ere ez dira gutxi, ezagun, ezezagun, lagunekin harremanetan sartzeko ibilbideak eskaintzen duen aukera aprobetxatzen dutenak; naturazaleak, ibiltzeaz batera basoen xarma, haizearen musika, isiltasunaren lasaitasuna, paisaien edertasuna aurkitu nahi dutenak; zientifiko joera dutenak, fauna, flora, geologia edo aztarna historikoen bila doazenak; baita harrapakariak ere, menditik bueltan ezer ekarri gabe datozenak tontotzat hartzen dituztenak.
"Arabako bazter bereziak ezagutzeko aukerarik onena lurraldea oinez zapaltzea eta zeharkatzea da"
Arabako herritxoak, mendiak, basoak eta bazter bereziak ezagutzeko aukerarik onena lurraldea oinez zapaltzea eta zeharkatzea da. Hori da azken hamahiru urteetan, asteazkenero, jubilatu taldetxo batek egin duguna: Araba hurbiletik ezagutu.
Aurreko urteetan, oraindik indartsu eta kementsu, Euskal Herriko Mendien katalogoa hartu, eta aste batean bat, bestean beste bat, zapaldu egin genituen Arabako ehun eta hogei mendi: Toloño mendilerrotik Elgea mendilerroraino; Arkamo eta Gibijo mendietatik Gorbeia mendiraino; Aiara haraneko tontorretik Aramaioko tontorretaraino.
Hiruzpalau orduko ibilbide zirkularrak; ibili, ikusi, hitz egin, bazkaldu, eztabaidatu eta arratsalderako etxean berriz bueltan. Wikilock izan zen gure gidari, nahiz eta batzuetan despitatuak ibili. Hala ere, inoiz ez genuen Ertzaintzaren laguntzarik behar izan.
Urteak eta ajeak aurrera joan ahala moteldu egin genuen ibilbideen zailtasuna eta luzera, baina gainetik izan beharrean, Araba behetik ezagutzeko aukera ez genuen galdu nahi izan. Oraingo honetan GR 25 Lautadako Bira Mendi Magalean ibilbideari ekin genion: Eginon hasi eta, besteak beste, Arriola, Elgea, Legutio, Letona, Oto Barren, Uribarri Nagusi, Gauna, Munain edo Andoin herrietatik igaro ondoren, Eginora berriro bueltatuz.
Zoragarria da Eginotik Legutiorainoko bidea, Urkila eta Elgea mendilerroen magalean, basoen eta errekatxo artean; Letonatik Subilla-Gasteiz zatia, landaretza mediterraneoa Badaia mendi hegalean; Subillatik Andoin herrira arteko pagadi zoragarriak, Zadorra ibaiaren iturburua. Ibilbide honek duen alde ona da norberak zatikatu egin lezakeela erosoen suertatzen zaizkion etapetan. Guk hemezortzi egunetan osatu genuen ibilbide osoa, eta aukera izan genuen Lautadako herri txikiak hurbiletik ezagutzeko.
"Ibili, hitz egin, ikusi, Araba ezagutu, hamarretakoak partekatu, eztabaidatu, adiskidetasuna sakondu, ondo pasa"
Urtegia hurbil genuen, eta sei bat etapetan, Landatik hasi eta Larrinzar, Garaio, Urizar, Azua, Langara Ganboa eta Uribarri Ganboa herrietatik pasa ondoren, berriz Landara heldu ginen urtegiari bira osoa eman ondoren. Leuna, lasaia, baso artean Landa eta Marieta herrien arteko aldea; Garaioko hondartza; Azuako zubia; Santi Gurutze tontorrak eskaintzen digun urtegiaren ikuspegi ederra; Uribarri Ganboaren xarma.
Nondik nora jo Arabako mendiak zapaldu, Lautadako inguruak ezagutu eta Urtegiaren Bira egin ondoren? Zain genuen GR 35 ibilbidea, Ardoaren eta Arrainaren ibilbidea hain zuzen, Oion herritik Bermeoraino doana. Errioxako mahastiak gurutzatu, Toloño mendilerroa Toro mendi-lepotik zeharkatu, Trebiñu konderria zeharkatu, urtegira hurbildu eta Legutiotik Otxandioraino arte heldu ondoren, hor ari gara: Arabako zatia egin eta gero, Otxandion geldituta, Bizkaiaren aldera sartzeko gogoz.
Ibili, hitz egin, ikusi, Araba hurbiletik ezagutu, hamarretakoak partekatu, eztabaidatu, adiskidetasuna sakondu eta indartu, ondo pasa. Noiz arte?
Indarrak, ez gogoak, iraun arte, beti egongo da eta Araban harrituko gaituen bazter ezezagunen bat edo egin ez dugun ibilbide interesgarriren bat. Edozein aitzaki ona izango da, batetik, Araba hobeto ezagutzeko aukera ematen badigu; eta, bestetik, taldearen jarrera aktiboa laguntzeko balio badu.