Aurrekoan Txinatik heldu zen osasun materialez beteta hegazkin bat Zaragozako aireportura. Koronabirus pandemiaren eraginez, ospitaleak kolapsatzeko zorian zeudenean eta osasun profesionalak babesteko jantzi bereziak urriak zirenean, hara non agertu zen laguntza txinatarra pairatzen ari garen osasun materialen eskasia murrizteko. Nondik, eta Txinatik.
Gogoan dut, umea nintzela, urriko igande batean oker ez banago, Domund (Domingo mundial de las misiones) eguna ospatzen genuela. Gogoan dut ere, eskolako gelan, maisuaren mahai gainean itsulapikoa zegoela jasotzen genuen pagaren txanpon batzuk sartzeko. Itsulapikoak txinatar baten irudia zuen eta guk "txanpon hau txinatarrentzako" esaten genuen, txinatarrak pobreak eta fedegabeak ziren eta. Zenbat eta nolako birak ematen dituen mundu honek!
Egia da pandemiaren jatorria Txinan egon dela, baina egia da ere Txinak hartutako neurriei esker pandemia kontrolatzea lortu duela, gobernuak abian jarritako baliabideen eta hiritarrek azaldu duten diziplinaren bitartez. Bestalde, ikerlari txinatarrak buru-belarri ari dira koronabirusaren aurkako txertoa asmatzen eta badirudi urtebete barru lortuko dutela txertoa era industrialean ekoiztea.
Munduko bigarren potentzia da Txina gaur, eta AEBei aurrea hartzeko ez dira urte asko behar izango. Potentzia ekonomikoa, teknologikoa eta estrategikoa bihurtu da Txina eta munduko geopolitika goitik behera aldatu du. Itsulapikoak ez du txanponik behar.
Noraezean dabil bitartean Europako Batasuna, motel, burokrazia astuna eta geldoa bihurtua, aitzindaritzarik gabe, 27 estatuen arteko borroketan sartuak norberaren interesen alde defentsan, ekonomia liberala lagun eta politika alboan utzita, munduko bi potentzien artean harrapatuta. Pandemiaren aurrean ez da gai izan, Txinak egin duen moduan, estrategia komun bat abian jartzeko, pandemiari eta pandemiak ekarriko dituen kalte ekonomikoei aurre egiteko. Ba al da bideragarria Europako Batasun hau?