Beharrezkoaren inguruan

Abraham Maslow estatubatuarraren gizakiaren beharren piramidea (1943). / patxisaez.eus

"Zertarako, orduan, sistema neoliberal hau?".

Gogoan dut, unibertsitatera sartzeko "preuniversitario" deitzen zen ikasturtean Soziologia ikasgaia izan nuela, eta nola orduan galdetzen nion nire buruari zelan izan zitekeen posible munduan azaltzen zen miseria eta injustizia. Sistema sozioekonomikoak aztertu genituen orduan, eta liberalismoa, sozialismoa, komunismoa edo kapitalismoa, azaletik bazen ere, ikasi genituen.

Gogoan dut, orduko sinpletasunez, sistemarik egokiena munduko norbanako guztiak bere beharrak asetzeko ziurta lezakeena izan beharko lukeela. Non kokatu, baina, beharraren eta ez beharraren arteko muga? Berdina da Etiopian galdutako herri txiki batean bizi den emakumearen beharra eta Gasteizen bizi denarena? Kapitalismoaren definizio ugari egon daitezke, eta badut nik bat beharraren kontzeptuaz jokatzen duena: funtsezkoa ez dena beharrezko bihurtzen duen makina da kapitalismoa.

Beharraren kontzeptu bera erlatiboa da. Oporraldia har dezakegu adibidetzat. Umea nintzenean langileek ez zuten oporrik; eta astebete hasieran, bi aste geroago... zabaltzen joan zen oporrak disfrutatzeko aldia. Nork pentsatuko luke duela laurogei urte oporrak eskubide bihurtuko zirenik? Beharrezkoak al dira oporrak, ala langileriak lortutako beste eskubide bat dira?

"Guztion artean zabaltzerik ez dagoen zerbait eskubidea baino pribilegioa omen da. Non kokatu orduan beharraren muga edo eskubidearen eta beharraren arteko muga?"

Eman dezagun oporrak beharrezkoak direla gaur egun. Beharrezkoa da, ezinbestean, oporretan Thailandiara joatea? Guztion artean zabaltzerik ez dagoen zerbait eskubidea baino pribilegioa omen da. Non kokatu orduan beharraren muga? Edo eskubidearen eta beharraren arteko muga?

Badirudi beharrak zabaltzen joan direla historian zehar. Duela pare bat mende beharrezkoa ez zena beharrezkotzat jotzen dugula gaur egun: hezkuntza, ura etxean edukitzea, osasun zerbitzua...

Antzeko zerbait gertatzen da beharren geografiarekin: Europan beharrezkotzat jotzen dugun pentsioen sistema ez dago indarrean Afrikan.

Maslow psikologoaren beharren piramidearen hasierako bi mailak oinarrizkoak dira, ezinbestekoak, biziaren iraupena berma dezaketenak direlako: janaria, arropa, etxebizitza, osasuna, gutxiengo ziurtasuna... Bestalde, kapitalismoak publizitatearen eta kontsumismoaren bitartez beharrezkotzat jotzen duen hainbat eta hainbat ekoizkin ez dira inondik ere ezinbestekoak.

Ezin dugu nahastu behar izatea eta edukitzea, nahiz eta, edukien artean, Maslowen aurreko bi mailetako edukiak beharrezkoak izan. Hala eta guztiz ere, gizakiaren izaerak, biziraupenaz harago, badu piramidearen goiko mailetara igotzeko gogoa eta barne bultzada; eta, agian, beharra ere.

Giza beharrak dira hirugarren mailan Maslowk kokatzen dituenak: familia, adiskidetasuna, bikotea edo gizartearen onarpena. Autoestimazioaren arloak osatzen du beharren piramidearen laugarren maila. Argi dagoenez, azken bi maila hauen beharrak lotuagoak daude norberaren izan nahiarekin gauza materialekin baino, eta, beraz, zerikusi gutxi dituzte kapitalismoak eskaini diezagukeenarekin.

Norberaren errealizazioa jartzen du Maslowk bosgarren eta azken mailan.

"Mundu osoko bizilagunen lehenengo bi mailetako oinarrizko beharrak asetzeko ez da gai izan indarrean dugun sistema sozioekonomikoa"

Mundu osoko bizilagunen lehenengo bi mailetako oinarrizko beharrak asetzeko ez da gai izan indarrean dugun sistema sozioekonomikoa. Kontsumismoak alienatzen gaitu, gauzez itotzen, lan ordu larregi egitera bultzatzen... Estresatuak bizi gara, lasaitasuna eta gu geu izateko astirik gabe, indibidualismoan itota, komunitatearen zentzua erabat galduta.

Edukitzeari horrenbeste garrantzirik eman beharrean, hobe litzateke gu geu izateari emango bagenio, baina hor dugu publizitatea gainean itxuraren alde lan egiten, edukiaren mesedetan etengabeko ahaleginean, kontsumismoaren gurpil soroan sar gaitezen etengabeko saioan.

Batetik, ez zaigu kapitalismoa piramidearen hasierako bi mailetako beharrak asetzeko balio; eta, bestetik, ez digu uzten azken mailetako beharrak betetzen ere, gu geu izaten. Zertarako, orduan, sistema neoliberal hau?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago