Martxoak 8

Zein da gu gizonon abiapuntua?

Erabiltzailearen aurpegia Eduardo Arriolabengoa Abasolo 2020ko mar. 9a, 06:00

"Zein da niri, gizon, dagokidan taldea?... Zein den norberaren abiapuntua berdintasunaren bidean?"

Feminismoari sor zaio sexuaren eta generoaren arteko bereizketaren aurkikuntza. Sexua lotua dago biologiarekin eta fisiologiarekin, arra edo eme izatearekin, herentziarekin azken finean. Generoa, aldiz, giza eraikuntza da, mendeetan zehar eraikia. Zer den maskulinoa eta zer femeninoa erabakitzen du generoak, zeintzuk diren gizonezkoen rolak eta zeintzuk emakumezkoenak. Hala, gizona indartsua izango da, hitz gutxikoa, sentimenduetarako lekurik gabekoa; emakumea, aldiz, ahula, sentimentala, eztitxoa. Gizonari dagokio tribuaren edo familiaren defentsa, pertsonaia publikoa izatea, familiaren janarien hornitzaile bihurtzea; emakumeari, ordea, umeak izan eta zaindu, etxearen antolamendua eta kudeaketa, gizonaren zerbitzuan egotea. Gizona izango da jabea, agintaria, familiaren burua. Emakumea, berriz, otzana, amore-emailea, etorkorra.

Kultura honen ondoriorik txarrena ez da, hala ere, rolen banaketa eta bereizketa, baizik eta gizonak irabazten duen nagusitasuna: gizona emakumea baino gehiago da. Boterea gizonarena da, bere eskutan dago menderatzeko ahalmena, emakumearen jarrera otzanarena izango den bitartean. Sistema patriarkal honetan lortu du gizonak gailentasuna, boterea, emakumearen egoera neskamearena bihurtzeraino. Hemen datza feministen iritziz gaur egun emakumeen eta gizonen artean dagoen ezberdintasuna.

"Mendebaldearen kulturak matxista izateak ez du esan nahi beste kultura batzuetan horrela denik antropologiak erakutsi digunaren arabera."

Generoaren eta sexuaren arteko bereizketak garrantzi handiko lau haustura ekarri ditu ondorio gisa. Lehenengoa, sexu-genero identifikazioaren etendura, biologikoa eta herentziaz lotua bata, kulturala eta ikasitakoa bestea. Bigarrena, maskulinitate-feminitate binomioaren puskaketa: gizona zein emakumea pertsona diren neurrian gai dira indartsua izan behar denean indartsu izateko edo sentimenduak azaldu behar direnean azalarazteko. Hirugarrena, gizona izateko edo emakumea izateko era askotarikoak dira segun zein den kultura, garaia, lekua, klasea. Mendebaldearen kulturak matxista izateak ez du esan nahi beste kultura batzuetan horrela denik antropologiak erakutsi digunaren arabera. Azkenez, laugarrena, badirela sexualitatearen portaeretan normaz kanpoko hautabideak, orain arte arauek betearazi dizkigutenak baino beste bideak eta aukerak.

Zein da gizonen jarrera feminismoaren aurrean? Lau taldetan sailkatzen ditu Izan behar genukeen gizona liburuaren Salazar egileak gizonezkoen jarrera feminismoaren aurrean. Lehenengoan kokatzen ditu feminismoaren aurka daudenak, generoaren eta sexuaren bereizketa onartzen ez dutenak, generoaren indarkeriaren legearen kontra daudenak, feminismoa matxismoaren ifrentzua izango balitz, Vox alderdiak defenditzen duen tesia hain zuzen.

Ez aurka ezta alde ere daudenak osatuko lukete bigarren multzoa, beligeranteak izan barik kontua beraiekin joango ez balitz moduan bizi direnak.

Hirugarren taldea osatzen dutenek onartzen dute gizonen eta emakumeen arteko ezberdintasuna, bat datoz feministen eskaerekin, saiatzen dira etxeko lanak egiten eta umeen zaintzaz arduratzen edo errotua dagoen matxismoa gutxitzen.

Azkenez, laugarren taldekoak militanteagoak dira, biltzen dira maskulinitate berriari bideak zabaldu nahian, feminismoak egin duen lanaren antzera maskulinitatea berdintasunaren ikuspegitik aztertzen dute eta proposamen zuzenak egiten.

Zein da niri, gizon, dagokidan taldea? Ez litzateke ariketa hutsala izango, Martxoak 8 egunaren abaroan, gai izango bagina jakiteko zein den dagokigun taldea, non koka dezakegun gure gizonezko burua eta, beraz, zein den norberaren abiapuntua berdintasunaren bidean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide