Adimen artifiziala

Erabiltzailearen aurpegia Eduardo Arriolabengoa Abasolo 2020ko mar. 24a, 06:00
Argazkia: Pixabay

"Zientziak eta teknologiak egin dezaketen guztia ez dago zertan egin beharrik"

Max Temark MIT-eko irakasle suediarrak hiru mailatan sailkatzen du bizitza. Lehenengoan, bizitza 1.0, bizitza biologikoa kokatzen du: bakterio batetik animal bateraino zabaltzen dena. Maila honetako izakiak gai dira bizirauteko eta erreplikatzeko, baina ez dute gaitasunik ez bere softwarea ezta hadwarea ere aldatzeko. Bigarren mailan kokatuko ginateke gizakiok, bizitza 2.0, bizitza kulturalean: gai gara bizitza biologikoaz gain gure hadwarea aldatzeko, protesi baten bidez esaterako, baina ez, ordea, gure softwarea disenatzeko. Hirugarren mailan, bizitza 3.0, ordea, aukera egongo da hadwarea zein softwarea diseñatzeko.

Egileak adimenaz egiten duen definizioa oso zabala da: helburu konplexuak lortzeko ahalmena. Oroimena, adimena eta konputazioa dira ikaskuntzaren oinarriak. Sare neuronalen teknologiaren bidez lortu da robot bat ikasteko gai izatea eta, beraz, adimentsu izatea. Gaur egun robot batek duen adimena gizakiarena baino askoz ahulagoa da, baina ikasteko gai denez gero, hasi da dagoeneko hitz egiten Adimen Artifizial Orokorraz. Hau da, robot batek gizakiaren adimenaren parekoa lor lezakeenaz. AAOren posibilitatea zalantzan jartzen dutenak egon arren, badira ere AAOena erabat sinesten dutenak eta, are gehiago, AAOren lorpenari epeak jartzen ausartzen direnak ere. Noizko AAO, hogei urte, hogeita hamar urte barru, inoiz ez?

"Gaur egun robot batek duen adimena gizakiarena baino askoz ahulagoa da, baina ikasteko gai denez gero, hasi da dagoeneko hitz egiten Adimen Artifizial Orokorraz."

Donostiako Informatika Fakultateak abian jarriko du 2020-21 ikasturtean AA gradu berria, estatuan lehenengoa izango dena. Duela hilabete batzuk Teknalia Zentro teknologikoak taxi-dron bat hiriko leku batetik bestera pertsona bat eramateko gai izango dena erakutsi zuen. Konturatu gabe ari gara sartzen 4.0 iraultza teknologikoan.

Max Temarkek dioenez, AA sistema sendo bat eraiki aurretik, egiaztapenaz, balioztatzeaz, segurtasunaz eta kontrolaz zer ikusirik dituzten arazo konplexuak eta larriak gainditu behar ditugu. Gaur egungo 2.0 bizitzatik 3.0 bizitzara igarotzeko honako hiru pauso logikoak beharrezkoak lirateke:1-Gizakiaren pareko AAO eraikitzea; 2-Superadimena sortzeko AAO erabiltzea; 3-Sortutako superadimen hori munduaren kontrola har dezan erabiltzea. Eta gure helburuak eta superadimenenak bat etortzeko honako baldintzak bete beharko lirateke: 1-Adimen Artifizial Orokorrari ulergarriak gerta dakizkion gure helburuak ulertaraztea ; 2- Gure helburuak onartuak izan daitezen eginaraztea; 3-Gure helburuak manten ditzan eginaraztea. Aipatutako hiru pausu hauek lotura dute Asimovek asmatu zituen robotikaren legeekin: 1- Robot batek ez dio minik egingo gizaki bati, ez du ezta ere gizakia sufriarazten utziko bere gelditasunagatik ; 2-Obeditu beharko ditu robot batek gizakiarengandik jasoko dituen aginduak, salbu eta aginduok lehenengo legearekin gatazkan sartzen badira; 3-Bere izankizuna babestu behar du robot batek, beti ere babespen hori ez bada gatazkan sartzen lehenengo edo bigarren legeekin.

"Robotika zurrunbiloan sartuak gara eta bonba atomikoarekin gertatu zena gerta ez dadin, Adimen Artifizialaren eremuan ere etikaz hitz egiteko ordua heldu da."

Gaur robotika zurrunbiloan sartuak gara eta bonba atomikoarekin gertatu zena gerta ez dadin, eta bioteknologian ere bioetikaz hitz egiten ari denaren arabera, Adimen Artifizialaren eremuan ere etikaz hitz egiteko ordua heldu da. Zientziak eta teknologiak egin dezaketen guztia ez dago zertan egin beharrik, mugak jartzea beharrezkotzat jotzen da, eta jakintzagai askotako adituen ahotsa entzun beharra dago. Bide honetatik doa Stanford unibertsitatearen euskaldun jatorria duen Etxamendi filosofoaren asmoa, zeinek lideratuko duen adimen artifizialaren etikaz eztabaidatzeko sortu berri den nazioarteko lantalde tekniko multiprofesionala.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide