Dugun hizkuntza gurasoengandik jasotakoa da, transmisioaren bidez gureganatua. Dugun kultura mendetan zehar metaketaren prozesuan eratua izan da, transmisioaren ezker ere gureganatua. Ez diogu guk, herritar arruntok, ez bati ezta besteari ere ekarpenik egiten.
Irakasleak transmititzen du, ez dio irakasten ari den gaiari ezer berririk eransten, baina, hala izanda ere, ezin dugu ukatu duela bi mende irakasle batek irakasten zuenaren eta gaur egungo irakasleak irakasten duenaren artean izugarrizko aldea dagoenik. Zein izan da alde horren eragile, nola joan da gizakiaren ezaguera zabaltzen eta kultura aberasten belaunaldiz belanauldi ?
Zientziara hurbiltzen bagara, eman dezagun Fisikara, ezingo genuke ulertu gaur egungo Fisika kontuan hartu ez bagenu Galileoaren ikuskera, Newtonen aintzindaritza, Eintein baten ekarpena, edo, Fisika kuantikoaren arloan, kontuan izan gabe Planck, Heisemberg, Bohr edo Dirac ameslariak. Hauek bai, beraiek jasotakoaz gain, ekarpen bereziak egiteko gai izan ziren zientziari, zientziak zuen maila beste mailara igotzeko , transmititzaile hutsak izatetik, eratzaile, kreatzaile izatera pausua emateko gai izan baitziren.
Horrelako ameslari, iraultzaile, bide-urratzaile, buruzagien ausardiari ezker posible izan dira Fisikak lortu dituen aurkikuntzak. Besteok eratu baino transmititu egiten dugu, beraiek aurkitutakoa hurrengo belaunaldiari helarazi.
Antzeko zerbait gertatu da erlijioen munduan, ohiz kanpoko pertsona ameslari batzuekin: Jesús, Mahoma, Konfuzio...Gai izan ziren iraultza sortzeko beraien gizartean, beste kontua da onerako edo txarrerako izan zen beraien ekarpena, eta beraien jarraitzaleak fundatzaileen ideiez egin zuten edo egiten duten interpretazioa.
Gutxi dira, bada, gizateriaren historian ideien edo portaeren aldatzaileak, gutxik zientziari, filosofiari, erlijioari edo arteari ekarpen berritzaileak egiteko gai izan diren gizakiak. Besteok kopiatu besterik ez dugu egin eta zorpean gaude mendetan zehar gizadiak eman dituen horrelako bide-urratzaileekin.