Naturaren denboraren eta gizakiaren denboraren arteko haustura

Erloju kontrako bizitza

Gure aurreko belaunaldien gizon-emakumeen denbora eta bizitzaren erritmoa bat zetorren naturak markatzen zuen denborarekin. Oraingo gizarte honek apurtu egin du oreka hori, ez gara bizi naturak adierazten duen erritmoaz, denborari denbora lapurtzen nahian gabiltza, denborari aurrea hartzen: agendak, programazioak, aurreikuspenak, erreserbak.

Bihar lortu dezakeguna gaur nahi dugu eskuratu kreditu sistemaren bidez, gaur gozatu biharkoa, denborari aurrea hartu. Txandakako lana, eguna hiru zatitan banatu. Jaiak eta ospakizunak gaueko ordu txikitan gozatu. Hasi aurretik bukaeran pentsatu. Abiadura handiko trenak eraiki Madriletik Gasteizera bidaian ordu erdi irabazteko.

Ahalik eta lasterren bere fruituak eman ditzaten ortuek, nekazaritzaren teknologiak erabiliko ditugu, transgenikoak, plastikozko negutegiak, ekoizpen hidroponikoak. Aberegintzan animalien produktibitatearen alde ukuiluratze basatiak non animaliak, oiloa izan, behia, txerri edo untxi, baldintza onartezinetan hazten diren.

Frantziako aberetegi esperimental batean telebistaren bidez ikusitakoa norainoko ankerkeri mailara heldu garen adierazlea besterik ez da: behiaren sabelean egindako irekiduraren bidez ematen diote janaria digestioaren prozesua bizkortze aldera. Makina bihurtu dugu animaliak ahalik eta denbora gutxien eman dezaten okela, arrautsak edo esnea, naturaren erritmoa eta denbora hautsiz, animalien ongizatearen gainetik, denbora eta errentagarritasunaren ikuspegia bakarrik kontuan harturik.

Denboraren aurka denbora irabazi nahi zoroa, naturaren erritmoa hautsi, gizakiaren biorritmoak puskatu. Animalien sufrimendua, gizon-emakumeen estresa, depresioak, urduritasunak, lo egin ezinak. Ba al dakigu benetan zer ari garen jaten? Merezi al du denboraren kontrako eten gabeko lehiaketa zoro honetan bizitzea?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago