Prentsaren itzal luzea

'El Director' liburua argitaratu du aurten David Jimenezek. / Irudia: Libros del K.O.

"Egunkari handietako zuzendariek harreman zuzenak dituzte Erregearen Etxearekin, Moncloarekin, alderdi politikoen buruzagiekin, IBEXeko enpresen lehendakariekin edo poliziaren informazio zerbitzuekin".

Irakurri berri dut David Jimenez kazetariak idatzitako El director liburua. El Mundo egunkarian hasi zen bere bizitza profesionala, eta hogei urtetan munduko mutur batetik bestera ibili ondoren, gatazken berriemaile moduan, egunkariaren zuzendari izendatu zuten liburuaren egilea.

Urte bete iraun zuen zuzendaritzan Davidek, enpresaren jabe italiarrek bota zuten arte. Zer esanik ez liburuan azaltzen dena egilearen ikuspuntua dela, eta ez dakidala liburuan agertzen diren hainbat eta hainbat pertsonen iritziak bat etorriko diren zuzendariak mahaigaineratzen dituenekin.

Hala ere, liburuan azaltzen diren kontuak argitaratzeak, nahiz eta batzutan izenak ez aipatu, sinesgarritasuna ematen dio liburuaren egileari. Lau atal bereziko nituzke nik liburua irakurri ondoren: komunikabideen eta botere politiko-ekonomikoen arteko harreman interesatuak; komunikabide enpresen kontzentazioa oligopolio boteretsuak bihurturik; prentsa analogikoaren eta digitalaren arteko lehia; egunkariaren erakundearen barneko joko zikinak eta botere-nahiak.

Informazioa boterea da eta botereak informazioa erabiltzen du beren interesen alde joka dezan. Hau jakina nuen, baina liburuan azaltzen den komunikabideen eta botereen arteko lotura estua ez nuen inondik inora irudikatzen. Egunkari handietako zuzendariek harreman zuzenak dituzte Erregearen Etxearekin, Moncloarekin, alderdi politikoen buruzagiekin, IBEXeko enpresen lehendakariekin edo poliziaren informazio zerbitzuekin.

Egunkarien diru sarreren iturririk garrantzitsuena publizitatea da, beraz, tentuz ibiltzera behartuak daude egunkariak enpresa iragarleekin lotura duten berriak zabaltzean.

El Mundo egunkarian argitaratutako hainbat berri distiratsuak, Urdangarin kasua dela, Barcenasen kontabilitate bikoitza edo Madrilen gertatutako ustelkeria kasuak, Inda kazetariak lortutakoak ziren poliziaren informazio zerbitzuaren bitartez.

Egunkarien zuzendarien iragazkitik pasatzen dira berriak argitarauak izan aurretik, hau da, gobernuaren, alderdien, enpresen eta egunkarien interes gurutzatuen eta presioen iragazkitik. Ez dago, beraz, objetibotasunik ezta egiazkotasunik ere: manipulazio hutsa, informazioa baino, desinformazioa edo informazio interesatua.

Komunikabideen aniztasuna gero eta murriztuagoa bihurtzen ari da, egunkariak zein aldizkariak enpresa handi gutxi batzuen eskutan baitaude. Espainiako estatuan, RTVE, Mediaset eta Atresmedia komunikazio taldeek estatuaren ikus-entzunezko merkatuaren %90a eskuratzen dute.

Irratien kasuan, estatu mailan, audientziaren %80ak entzuten duena, hiru katek -SER, COPE eta Onda Cerok- erabakitzen dute, merkatuaren %90tik gora kontrolatzen baitute.

Berri-agentziak informazio enpresa trasnazionalak dira. Egunero mundu osoan zabaltzen diren albiste gehienak hiru berri-agentzien bidez datozkigu: AEBetako Associated Press da horien artean nagusia; 3.200 kazetari ditu mundu osoan banatuta eta 1.300 hedabide inguru dira mundu zabalean agentzia honek banatzen dituen berriak argitaratzen dituztenak.

Bigarren agencia France-Press da eta 2.400 kazetari dauzka nominan. Egunero 3.000 albiste, 2.500 argazki eta 200 telebista albiste bidaltzen dizkiete mundu osoko hedabideei.

Sortzez ingelesa izan zen Reuters agentziak, hirugarren berri hornitzailea, 2.500 kazetari eta 600 fotokazetaritik gora ditu. Noam Chomskyk zionaren arabera, manipulazio mediatikoak bonba atomikoak baino min gehiago egiten du, "garunak suntzitzen baititu".

Bestalde, digitalizazioak iraultza nabarmena ekarri eta eragin zuzena izan du komunikabideetan: egunkari digitalen zabalpen izugarria eta sare sozialen hedapen geldiezina, non edonor bihurtzen den berriemaile.

Zein izango da paperezko komunikabideen etorkizuna? Liburugintzan badirudi paperezko euskarria ez dela desagertuko eta, liburu digitalarekin batera, iraunduko duela. Prentsa idatzian badirudi irtenbidea harpidetzaren bidetik doala.

Azkenik, edozein giza taldetan gertatzen den bezala, egunkari handi batean ere -El Mundon kasu honetan- agerian geratzen dira kazetarien arteko tirabirak boterearen piramidearen goiko mailetara heltzeko: azpijokoak, bekaizkeriak, kontrako interesak, giza miseriak...

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago